
Euskadik Suediako Karolinska eredua du inspirazio iturri minbiziaren arreta integralean aurrera egiteko
- Gontzal Tamayo Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea buru duen euskal ordezkaritza batek zuzenean ezagutu du Europako zentro onkologiko integral nagusiaren funtzionamendua, euskal osasun-sisteman aplikatzeko
- “Karolinskaren esperientziak sistema integratuago baterako bidea erakusten digu, ebidentzian oinarritua eta pazienteentzako balioan zentratua”
- Euskadi azpiegitura onkologiko integralak bultzatzeko Europak hautatutako hamar eskualde aurreratuetako bat da
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, Osakidetzaren eta I+G+B egituren ordezkaritza batek, Gontzal Tamayo Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea buru duela, Stockholmeko Karolinska Comprehensive Cancer Center bisitatu du aste honetan. Helburua: bere eredutik ikastea, Euskadin ezartzeko bidean aurrera egiteko.
Egonaldia Euskadik CCI4EU ekimenaren barruan garatzen duen lanaren parte da. Ekimen hori Europar Batasunak finantzatzen du Europako Horizonteko Minbiziaren Misioaren baitan. Euskadi azpiegitura onkologiko integralak bultzatzeko hautatutako hamar eskualde aurreratuetako bat da, asistentzia, ikerketa, berrikuntza eta prestakuntza ikuspegi koordinatu eta kalitatezkoarekin uztartzen dituena.
Karolinska eredutik ikastea
Hiru lanegunetan zehar, euskal ordezkaritzak, Inés Gallego Osasun Transformazioko zuzendariak eta Iñaki Gutiérrez Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko zuzendariak ere parte zirela, Suediako zentroak arreta onkologikoa ikuspegi integral batetik nola antolatzen duen aztertu du, praktika klinikoa eta oinarrizko ikerketa eta ikerketa translazionala bateratzen dituena.
Landutako gaiak bat datoz Euskadiko 2025-2030 Plan Onkologiko Integralaren lehentasunekin, besteak beste:
- saiakuntza klinikoen kudeaketa, bereziki fase goiztiarretan;
- pazientearen osasun-emaitzak eta esperientzia neurtzea;
- diziplina anitzeko asistentzia-ibilbideak diseinatzea;
- eta pazienteak inplikatzea erabakiak hartzean eta ikerketan.
Agendaren barruan ondokoak bisita ziren: Karolinska University Hospital, Karolinska Institute, Biomedicum ikerketa-zentroa eta Karolinska Trial Alliance, saiakuntza klinikoak monitorizatzeko eta laguntzeko Europako erreferentziazko unitatea.
Bikaintasunerako prestatutako sistema
Euskadi oinarri sendo batetik abiatzen da, bikaintasun-eredu hori lortzeko bidean aurrera egiteko. Bere osasun-sistema publiko integratuak, historia kliniko elektronikoak, preskripzio elektronikoak eta osasun-arloko I+G+B sare finkatuak —Bioef, Osasun arloko Ikerketarako Euskal Fundazioa eta Bioaraba, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Biosistemak ikerketa sanitarioko institutuen bitartez— abantaila-egoeran jartzen dute Comprehensive Cancer Centres (CCC) zentroen Europako estandarretara jauzi egiteko.
Argitaratu berri 2025-2030 aldirako Euskadiko Onkologia Plan Integralak, Europako bikaintasun-zentro gisa egiaztatzeko prozesuaren eskakizunekin erabat bat datorrenak, prestakuntza hori indartzen du, balioan, ekitatean eta berrikuntzan oinarritutako arretan oinarritutako ibilbide-orri argi batekin.
Gainera, Euskadik Lehen Mailako Arretaren sare sendoa du, bigarren eta hirugarren mailako arretarekin estu-estu integratua, eta indargune bereizgarri hori funtsezko abantailatzat hartu dute Suediako adituek arreta onkologikoko eredu benetan integrala eta koordinatua eraikitzeko orduan.
Etorkizunari begira
Suediara egindako bidaia beste urrats bat da Euskadi Comprehensive Cancer Centre gisa ziurtatzeko prozesuan. Aitorpen horrek indartu egingo du bere egitekoa minbiziaren arreta bikaintasun klinikoan, ikerketan, berrikuntzan eta emaitza neurgarrietan oinarritutako eredu baten bidez eraldatzearen alde apustu egiten duten eskualdeen Europako sarean.
“Karolinskaren esperientziak sistema integratuago baterako bidea erakusten digu, ebidentzian oinarritua eta pazienteentzako balioan zentratua”, nabarmendu du Gontzal Tamayo sailburuordeak bisitaren ostean.






