qrcode

Legegintzaldi honetan 10.000 etxebizitza babestu eraikiko direla iragarri du Itxasok, eta aurreratu du lurzoruaren erreserbak eta funts sozialak beste hainbeste eraikitzeko aukera emango dutela tresna hori bete-betean dagoenean

2025-12-12
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak “Etxebizitza Eskuratzeko Plan Integrala” aurkeztu du DVGunean. Erreformek, baliabideek eta akordioek osatzen dute plana, eta defendatu du bizitoki-larrialdiak baduela konponbidea eta “Euskadik baduela plan bat”. Horretarako, “etxebizitzaren aldeko euskal koalizio handi bat behar dugu”, haren hitzetan.
  • Itxasok iragarri duenez, hasi dira Etxebizitzaren Funts Soziala eratzeko prestatze-lanak, gobernantzari, finantza-ereduari, lurzoruari, kudeaketari eta etxebizitza-sustapenari buruzko kontraste teknikoko mahaien bidez. Sailaren hurrengo urratsei buruz, “udalen digitalizazioa eta BIM gaitasunen instalazioa, udaletako arduradun tekniko eta politikoen prestakuntza eta lurzoruaren araudi berriaren aplikazioa bizkortzeko proiektu pilotuak” aipatu ditu
  • Donostia kokatu du bizitoki-larrialdiaren paradigma gisa, eta kexu da “zailtasunak eta ezinezkoa bereizten dituen bidea egiten denbora asko galdu” dela

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak agerraldia egin du ostiral honetan DVGunea Foroan, Euskadiko etxebizitza-politikarentzat funtsezkoa den une honetan. “Euskal gizartea jasaten ari den larrialdiak biltzen gaitu hemen: etxebizitza eskuratzeko aukera”, hala hasi du hitzaldia 150 pertsona inguru bildu dituen topaketan; atzo Eusko Legebiltzarrean Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza arloko Presazko Neurrien Legea onartu zen eta horrek markatu du jardunaldia. “Horren bidez Legegintzaldiaren Rubikon zeharkatu dugu. Urrats erabakigarri horrek norabidea markatzen digu, eta aukera eman geure buruari jarri dizkiogun helburuetara iristeko. Ibai ospetsua zeharkatzean Julio Zesarren hitzak gogoratuz, ‘alea iacta est’, Zoria jadanik jokatua dago”.

Presazko Neurrien Legea onartzeak, Itxasoren hitzetan, “ageriko borondate politikoa dakar: euskal gizarteak eskatzen duen aldaketa bultzatzea, dauden trabak eta desorekak gainditzeko eta etxebizitzari konponbidearen bidetik heltzeko”. Bere mantretako bat errepikatu du sailburuak. “Etxebizitzaren arazoak badu irtenbidea, eta baliabideak, erreformak eta akordioak behar ditugu”. Horregatik, “Euskadik plan bat” duela eta “etxebizitzaren aldeko euskal koalizio handi bat behar dugula” defendatu du.

Itxasok “Etxebizitza Eskuratzeko Plan Integrala” xehatu du, eta araudi-erreformak, inoizko baliabide gehienak eta akordio instituzionalak izango ditu oinarri. “Onartutako legeak EAEko lege nagusietan aldaketak eragingo ditu, hala nola Lurzorua eta Hirigintza, Ingurumen Administrazioa, Lurzoru poluituak, Turismoa eta Etxebizitza alorretan, eta aukera ematen du mugarri hauek abiarazteko: Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen lurzoruaren erreserba estrategikoa, etxebizitza babestuen promozioak aktibatzeko; epe administratiboak erdira murrizten dituen ‘bide azkar’ bat, Lehentasunezko Jarduera Proiektuaren hirigintza-figura berriaren bidez; burokrazia gutxiago, eta udal-autonomia eta malgutasun gehiago udalentzat blokeatutako operazioak desblokeatzeko eta 75.000 etxebizitza kalifikatzeko.”

Sailburuak datozen urratsetan jarri du arreta. “Hirigintza-teknikariak eta udal-arkitektoak prestatu eta konbentzitu behar ditugu, onartutako legeak eskaintzen dizkieten tresna berriak ezagut ditzaten. Baita alkate eta hirigintzako eta etxebizitzako zinegotziak ere, beren eskuduntza berriak ezagut ditzaten; laguntza eman nahi diegu lehen aipatutako 75.000 BOE horiek geldi dauden milaka partzela horietako batzuk identifikatzeko”. Digitalizazioaren garrantzia azpimarratu du: “BIM metodologia txertatu behar dugu udaletan. BIM arkitektoen lanaren digitalizazioa da, baina ez du ezertarako balioko udalek ez badituzte diseinu sistema honek doitasunari eta epeei dagokienez eskaintzen dituen abantaila izugarriak aprobetxatzen dakiten sistema digitalizatuak. Eraikuntza-lizentziez ari naiz, hirigintza-izapideez, lehen okupazioko lizentziez. Epeei buruz ari naiz, hilabeteei buruz, batzuetan urteak ere badira; berraktibatu beharreko espediente asko daude bertan”.

Etxebizitza babestuan inbertitzea

Itxasok legegintzaldiko konpromisoa goraipatu du, eta, Sailaren aurreikuspenen arabera, 10.000 etxebizitza babestu baino gehiago izango dira. Datu horren arabera, 3.660 etxebizitza egingo dira 2026an, eta gainerako 3.400 etxebizitzak (urtean 1.700) 2027an eta 2028an, denak alokairukoak. Horiei beste 3.000 etxebizitza babestu gehitu behar zaizkie: eskuratze eta erosketak, azalera-eskubidea saldu osteko kalifikazioak, eta salgai dauden BOEak. Guztira, 10.000 etxebizitza babestu baino gehiago.

Aurrekoez gain, finantzei dagokienez, sailburuak azaldu du 2.000 milioi euro biltzea espero duen Funts Sozialak beste 10.000 etxebizitza babestu sustatzea ahalbidetuko duela tresna hori bete-betean dagoenean.

Itxasok iragarri duenez, “hasi dira Etxebizitzaren Funts Soziala eratzeko prestatze-lanak, gobernantzari, finantza-ereduari, lurzoruari, kudeaketari eta etxebizitza-sustapenari buruzko kontraste teknikoko mahaien bidez”. Horren helburua da promozio handiei aurre egiteko gaitasuna izatea da, batez ere hiriburuetan eta inguruetan, horietan kontzentratzen baita eskaeraren zati handi bat. “Tresna berri horren bidez, nahiko zorpetuko gara, etxebizitza babestuetan egiten den inbertsioa handitzeko, ahalik eta tipologia zabalena kontuan hartuta, hala eskariaren maila guztietara iristeko”, adierazi du.

Donostia nabarmentzekoa izan da sailburuaren diskurtsoan, hiria “bizitoki-larrialdiaren paradigma” gisa kokatu baitu. Itxaso kexu agertu da, “zailtasunak eta ezinezkoa bereizten dituen bidea egiten denbora asko galdu” delako. Eta zentzu horretan, hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatu dio Udalari. “Eusko Jaurlaritza 1.600 etxebizitza eraikitzen ari da Bilbon, 1.000 Gasteizen, eta laster beste 1.000 gehituko zaizkie. Donostian BOE eraiki genuen azken aldia 2013an izan zen. Horri buelta ematen ari natzaio, baina denbora asko galdu da. Orain, Udalak bakarrik eman ditzakeen lursailak lortzen ari gara, eta dagoeneko abiatu dugu lehiaketa Lorategi-Hirian, Loiolako Erriberetan, eta Easoko Playa de Víasen. Ministerioarekin akordioa lortu dut Martuteneko espetxea eraisteko. Donostiako etxebizitzaren arazoak Odon Elorzaren gobernuen ezaugarri izan ziren anbizioa eta aktibismoa berreskuratu behar ditu”, nabarmendu du.

Altza Hobea izeneko Auditz Akularrerako proposamenari dagokionez, sailburuak adierazi du “korporazio osoari eta Donostiako gizarteari egindako proposamena dela, bereziki Altzako biztanleei. Egiten ari naizen lehenengo bileretatik ondorio argi bat ateratzen dut: horrela ezin dugu jarraitu. 15 urte dira proiektua onartu zenetik eta oraindik ez da egin”. Itxasok adierazi duenez, “Udalak eremu horretako lurrak uzten badizkigu, konpromisoa hartzen dugu HAPO aldatzeko ideien lehiaketa irekia egiteko eta maizterrei lehen giltzak emateko Playa de Víasen egiten dugun une berean, hau da, hurrengo legealdiaren amaieran”.

Azkenik, erabilera turistikoko etxebizitzei dagokienez, Itxasok gogorarazi du “udalen eskumena eta administrazio guztien erantzukizuna dela irtenbideak ematea. Guk, Jaurlaritza gisa, urrats erabakigarria egin dugu Turismo Legea aldatuta, tentsionatutako eremuetan halakoak saihesteko. Baina uste dut tentsionamendua itogarria den hirietan, Donostian adibidez, erabilera turistikoa eta beste edozein jarduera ekonomiko kendu behar zaizkiela pisuei. Eta Donostia, nire ustez, turismo-jarduerako lizentziak azkentzen hasi beharko litzateke”.

Bertan geratzeko eskubidea aldarrikatuz itxi du hitzaldia sailburuak. “Bertan gelditzeko eskubidea aldarrikatzen dut. Gure hirietan gelditzeko eskubidea. Bertan jaio ginen, hazi ginen; bertan nahi dugu garatu gure bizi-proiektua, kanporatua izateko beldurrik gabe. Ideia xume hori izan liteke artikulatu behar dugun Etxebizitzaren Aldeko Euskal Koalizioaren oinarria”, amaitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak