Berriak Hezkuntza
qrcode

“Etorkizuna ere zuena da”: Begoña Pedrosa sailburuak Lanbide-Heziketa kontuan hartzera animatu ditu Minas BHI-ko ikasleak

2025-12-11

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Barakaldoko Minas Institutua bisitatu du “Zure etorkizuna erabakitzen, Lanbide Heziketaren bidez” orientazio-jardunaldian.

Barakaldoko Minas BHIk “Zure etorkizuna erabakitzen, Lanbide Heziketaren bidez” orientazio-jardunaldia hartu du gaur goizean. Topaketa hori zentroko ikasleei zuzenduta egon da, Lanbide Heziketak Euskadin eskaintzen dituen aukerak gerturatzeko. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak jardunaldiaren irekieran parte hartu du, eta ikasleak animatu ditu informatzera, galdetzera eta Lanbide Heziketa beren bizi-proiekturako aukera gisa aztertzera.

Sailburuak Lanbide Heziketa nabarmendu du gazteentzako kalitatezko aukera gisa: “Lanbide Heziketa bide indartsua, modernoa eta benetako aukerez betea da, eginez ikasten da eta harro sentiarazten zaituen lanbide bat aurkitzen da”. Azpimarratu duenez, “zuen etorkizunak asko balio du, eta Euskadin zuen ondoan ibiliko gara motibatzen zaituzten, ilusioa pizten eta zoriontsu egiten zaituzten horretan zuen lekua aurki dezazuen”.

Halaber, tradizioz maskulinizatu diren esparruetan emakumeen presentziaz hitz egitean, bereziki neska gazteei zuzendu da: ”Neskak edozein ziklotan eta edozein lanbidetan ikustea nahi dugu. Euskadik zuen talentu guztia behar du”.

Jardunaldian zehar, Bizkaiko Lanbide Heziketako hiru ikastetxetako -Barakaldoko LH, Santurtziko LH eta Somorrostro Heziketa Zentroa- arduradunek beren prestakuntza-eskaintza aurkeztu diete Minas BHIko ikasleei, lurraldean eskuragarri dauden ibilbide eta irteera profesionalak erakutsiz.

Lanbide Heziketa Euskadin

Eusko Jaurlaritzaren eskumen zuzena den Lanbide Heziketak kalitatezko prestakuntza-bide gisa sendotzen jarraitzen du. Ikasturte honetan 51.576 ikasle daude heziketa zikloetan, ziurtagiri profesionaletan eta espezializazio ibilbideetan, 65.710 plazarekin, hau da, aurreko urtean baino 2.920 gehiago. Ikasle gehienak goi-mailako zikloetan daude, eta % 69k ikastetxe publikoetan ikasten dute.

Hazkundea lurralde historiko guztietan islatzen da: 7.461 ikasle Araban, 24.370 Bizkaian eta 19.071 Gipuzkoan. Bereziki nabarmentzekoa da lehen mailako ikasleen gorakada, % 4,8 hazi baita, baita genero-ekitatean egindako aurrerapenak ere: emakumeak dira jada ikasleen % 35,6, eta gero eta presentzia handiagoa dute sektore estrategikoetan, hala nola industrian (% 12,5).

Eragile ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna

Lanbide Heziketa herrialdearen garapen ekonomikoaren zutabeetako bat da, eta eskaera handiko profilak osatzen ditu: ikasleen% 41,5 industria-eremuetan trebatzen da,% 56 zerbitzuetan eta % 2,5 nekazaritza, arrantza eta itsasoko sektorean. 20.000 enpresarekin baino gehiagorekin egindako lankidetza egonkorrari esker, ikasle guztiek lan-ingurune errealetan egin dezakete prestakuntza, eta horrek enplegagarritasuna % 90 inguruan kokatzen du.

2026ra begira, Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketako Euskal Estrategia 2030 hedatzea aurreikusten du. Ibilbide-orri hori jasangarritasunaren, eraldaketa digitalaren, zahartze demografikoaren, lurralde-kohesioaren eta gizarteratzearen erronkei aurrea hartzeko diseinatuta dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak