Berriak Osasuna
qrcode

Euskadin birusaren intzidentzia dela-eta, Osakidetzak txertoa jartzea eta maskara erabiltzea gomendatzen du gripea prebenitzeko funtsezko neurri gisa

2025-12-10
  • Gripearen intzidentziari buruzko datuak aurreko urtekoak baino ia lau aldiz handiagoak dira: 438,87 kasu 100.000 biztanleko: intzidentziak handiagoa izaten ari da Bizkaian, 506,44 kasurekin, eta nabarmen igo da Araban, 445,99 kasurekin 100.000 biztanleko
  • Osakidetzan gripearen aurkako txertaketa % 12 igo da 2024arekin alderatuta, eta gripearen aurka emandako 570.000 dosietara iritsi da, egun, Euskadiko biztanleriaren laurdena baino gehiago immunizatu du Osakidetzak
  • Ospitale-sarean, ingresuak 5 aldiz handiagoak izan dira 2024ko aldi berarekin alderatuta, eta oheen okupazioa % 75,73koa

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu nahi dute txertoa jartzea eta maskara erabiltzea direla, gaur egungo testuinguruan, gripearen aurkako prebentzio-tresna egokienak. Maskara gripearen sintomak baditugu erabili behar da, edo gaixotasun larria izateko arrisku handia duten pertsonekin harremanetan egongo bagara, horretaz gain, pertsona kaltebera izanez gero, komeni da maskara erabiltzea gizarte-interakzioetan eta leku jendetsuetara ez joatea.

Gogoratu behar da, osasunaren esparruan, maskara kirurgikoa erabiltzea indikatuta dagoela pazienteen, laguntzaileen eta beste paziente batzuekin kontaktuan dauden profesionalen kasuan, zehazki birusaren transmisioa errazten duten lekuetan, hala nola itxarongeletan, korridoreetan edo igogailuetan.

Era berean, eskuak maiz garbitzea eta gainazalak garbitzea gomendatzen da, hala nola ateen heldulekuak, barandak edo igogailuen botoiak, bai eta erabilera komuneko espazio itxiak maiz aireztatzea ere.

Gripe-birusaren intzidentziak gora egiten jarraitzen du

Euskadin, gripearen intzidentziaren goranzko dinamikak jarraitzen du, eta 438,87 kasu izan dira 100.000 biztanleko; aurreko astean, aldiz, 357,87. Aurreko urteko garai berean intzidentzia 160,24 kasukoa izan zen 100.000 biztanleko.

Badirudi gripe-birusaren intzidentziaren egungo goranzko joera jarraitua mantentze bada, gripearen kasu-kopururik handienak Gabonetan izango direla.

Lurralde historikoei so, birusaren presentzia handiagoa da Bizkaian, 506,44 kasura iristen baita 100.000 biztanleko. Hala ere, Araban, gorakada nabarmena gertatu da aurreko asteko 322,27 kasuekin alderatuta: 445,99 aste honetan. Gipuzkoan intzidentziak pixka bat gora egin du: 330,01 kasu. Aurreko asteko datuekin alderatuta, % 22,67 igo da gripearen intzidentzia.

Kanpaina hau hasi zenetik Osakidetzako ospitale-sarean 9.894 kasu artatu dira. Orain arte 1.086 ingresu egon dira, horietatik 37 Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU). Kopuru hori aurreko urtean erregistratutakoa baino bost aldiz handiagoa da. Izan ere, urte horretan 186 ingresu egon ziren eta horietatik 6 ZIUn, eta ospitaletan baieztatutako 3.520 gripe-kasu. Horrek berretsi egiten du aurtengo birusaren aurreratzeko joera.

Ospitaleetako oheen % 75,73 dago beteta, une honetan. Duela bi asteko egoerarekin alderatuta, % 4,27 igo da.

Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzak astero ebaluatzen du ospitale-sarearen egoera, antolamendu-neurriak aurreratzeko gripearen aurkako Kontingentzia Planaren bidez. Plan horrek, azken aste honetan, 145 ospitale-ohe gehiago behar izan ditu, eta horrek presio asistentzialari eustea ahalbidetu du, jarduera kirurgikoaren gaineko eragina oso txikia izan zedin lortuz.

Aurrerapena gripearen aurkako txertaketa-estrategian

Osasun Sailak eta Osakidetzak EAEko biztanleriaren laurdena baino gehiago immunizatu dute gaur arte, eta % 25,8ko txertaketa-estaldura globala lortu du, eta % 55,8koa 60 urtetik gorakoen artean.

 Hala, gripearen kanpainari dagokionez, gripearen aurkako 569.999 dosi eman dira, eta COVIDaren aurkako 295.681 dosi.  Zifra horrek % 12,1 igoera erakusten du emandako gripearen aurkako txertoaren dosi-kopurua, baita joera iraunkorra izan dela azken asteetan ere, 2024ko kanpainako aldi berarekin alderatuta.

Lurralde historikoen arabera, Bizkaian jarri dira dosi gehien 314.935 dosirekin, Araban 80.314 eta, azkenik, Gipuzkoan 174.330.

Egoitzetan bizi diren pertsonen estaldura oso handia da, eta % 84,2ko estaldura lortu da gripeari dagokionez, eta % 72,3koa COVIDari dagokionez, 17.281 eta 14.841 dosirekin, hurrenez hurren.  

Bost urtera arteko haurren gripearen aurkako txertaketari dagokionez, Osakidetzak 26.680 haurri jarri die txertoa, hau da, gaur egun % 40,6ko estaldura du populazio-talde horrek. 

Emakume haurdunen gripearen aurkako txertaketa % 53,5era iritsi da, eta 2024ko kanpainako % 52,1eko estaldura gainditzen du jada.

Profesional sanitarioen artean, interes bereziko taldea den aldetik, gripearen aurkako 14.105 dosi eman dira guztira, eta horrek esan nahi du emandako dosiak % 21,5 igo direla 2024ko aldi berarekin alderatuta.

Era berean, gogorarazi behar dugu gripearen aurka lortutako arrakastaren zati handi bat Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txertaketa goiztiarreko estrategian oinarritzen dela, Osakidetzak zenbait aste aurreratu zuen biztanleria orokorrarentzako kanpaina, eta horri esker, EAEko biztanleek babes goiztiarra izan dute gripearen aurrean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak