Berriak Hezkuntza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak “Eskola Bikaina Denontzat” mahaiaren fase erabakigarria aktibatu du, eskola-segregazioari aurre egiteko eta hezkuntzaren kalitatea indartzeko

2025-12-10
  • Mahaiko kideak lanean ari dira eskola-segregazioaren aurkako eta inklusioaren, ekitatearen eta eskola-eraginkortasunaren aldeko bide-orria markatuko duten programak eta ekintzak identifikatzeko.
  • Integrazio-prozesuak bizi izan dituzten ikastetxeek beren esperientzia partekatu dute itunaren erabakiak bideratzeko.

Eusko Jaurlaritzak sustatutako Eskola Bikaina Denontzat Mahaiak prozesuaren hirugarren fasea aktibatu du gaur goizean. Une erabakigarri horretan, hezkuntza-komunitateko eragileak euskal hezkuntza-sistemaren eraldaketa bideratuko duten neurri zehatzak definitzen hasi dira.

Laugarren saioa Gasteizko Montehermoso Kulturunean egin da, eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua izan du buru. Bertan, Mahaiko kideek ildo estrategikoak programa eta ekintza zehatzak bihurtzeko lanari ekin diote. “Hemen hasten da garrantzitsuena: ideiak benetako konpromiso bihurtzea. Funtsezko unea da. Guztiok inplikatu behar dugun unea, hartzen ditugun erabakiak ikastetxeentzat eta ikasleentzat hobekuntza nabarmenak izan daitezen”, adierazi du sailburuak, eta Eusko Jaurlaritzak segregazioaren aurka eta inklusioaren, ekitatearen eta eskola-eraginkortasunaren alde duen konpromiso irmoa azpimarratu du.

Fase erabakigarri bat, eragile guztien konpromisoarekin

Euskadiko segregazioaren diagnostikoa osatzeko eta foro honen hurrengo urratsak gidatuko dituzten balioak eta printzipioak lehenesteko elkarrekin lan egin ondoren, Mahaia fase giltzarri batean sartu da orain: eskola-segregazioa murrizteko eta hezkuntza-sistemako hezkuntza-proiektuak hobetzeko beharrezkoak diren neurriak, programak eta jarduerak identifikatzea.
Saioan, dinamika parte-hartzaile baten bidez, eragileak lan-taldetan banatu dira, izan daitezkeen ekimenak eztabaidatzeko eta bateratzeko. Ekimen horiek aurretiazko diagnostikoan definitutako hiru ildo estrategikotan oinarrituta daude, eta gaika multzokatu dira:

  • Eskola-arrakasta sustatzea.
  • Eskaintzaren kudeaketa eta eskolatzea.
  • Familia eta administrazioek batera jarduteko politikak.

Fase horretan zehaztuko diren neurriak datozen hilabeteetan garatu eta lehenetsiko dira, eta Hezkuntza Departamentuak hezkuntza-sistema aldatzeko ezarriko duen bide-orriaren oinarria izango dira.

Euskadiko eraldaketa sozialak bultzatutako prozesua

Azken urteetako aldaketa demografiko eta sozialek Eskola Bikaina Denontzat Mahaiaren sorrera eragin dute. Jaiotza-tasaren beherakadak —13.000 ikasle baino gehiago galdu dira Haur eta Lehen Hezkuntzan 2020tik— eta matrikula biziaren gorakadak (2.500 ikasle 2020-2021ean eta 8.000 2024-2025ean) hezkuntza-premia berriak sortu dituzte, eta eskola-mapa birpentsatzera, ekitatea indartzera eta ikastetxe guztiek gero eta anitzagoak diren ikasleei arreta emateko proiektu sendoak eta gaitasuna dituztela ziurtatzera behartzen dute. Ikasle horietako asko beste herrialde batzuetatik etorri dira, hezkuntza-ibilbide etenak izan dituzte, ez dakite euskaraz eta, kasu batzuetan, ezta gaztelaniaz ere, eta berariazko laguntza-premiak dituzte. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak erabaki du hezkuntza-sistema eraldatzea, guztiontzako kalitatezko hezkuntza bermatzeko, eta erabaki horietako batzuk dagoeneko zehazten ari dira, adibidez, ikastetxeen integrazio-prozesuetan.

Ikastetxeek beren esperientzia partekatu dute: aurrera egiteko beharrezkoa den ikaskuntza

Saio honetako berrikuntzetako bat integrazio- edo fusio-prozesuak bizi izan dituzten edo bizitzen ari diren ikastetxeen parte-hartzea izan da, funtsezko elementua baita Euskadik bizi duen egungo testuinguru demografikoan eta gizarte-aldaketan.

Ermuko Anaitasuna ikastetxeko arduradunek —Anaitasuna ikastolaren eta Ongarai eskolaren arteko integrazioaren emaitza— eta Gasteizko Errota Eskolako arduradunek —Landazuri Ikastolak eta Santa Maria ikastetxeak osatuko dute— azaldu dute zergatik ekin zioten bide horri, zer erronka aurkitu dituzten eta zer laguntza behar diren integrazioa ikasleentzako aukera bat izan dadin.

Haien testigantzari esker, Mahaiko kideek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte prozesu horiek hezkuntza-komunitateentzat dakartzaten erronkak, oztopoak, ikaskuntzak eta onurak. Hartu-eman hori fase honetako funtsezko elementua da, erabakiak hartzeko oso testuinguru baliagarria eskaintzen baitu, ikastetxeen errealitatearekin eta eraldaketa horri ekin diotenen zuzeneko esperientziarekin lotuz.

Prozesu anitza eta adierazgarria

Euskadiko administrazio publikoek, hezkuntza sistemako eragileek, sindikatuek, unibertsitateek, itunpeko patronalek, alderdi politikoek eta gizarte-erakundeek osatzen dute mahaia.

Administrazio publikoetatik, ondoko hauek dira hartzen dutenak Mahaian: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza (Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza), Familiekin eta Hezkuntza Komunitatearekin Koordinatzeko Zuzendaritza (Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza), Hezkuntza Politiketako Sailburuordetza (Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza), Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza (Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza), eta Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetza (Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila, Eusko Jaurlaritza), EUDEL, Biltzen, Euskadiko Eskola Kontseilua, Hezkuntzako Ikuskaritza eta Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI-IVEI).

Mahaiko kide dira, halaber, familia- eta ikasle-elkarteak, hala nola EHIGE eta Fapacne; inklusioan eta hezkuntza-eskubideetan espezializatutako erakundeak, hala nola UNICEF, Save The Children, Plena Inclusion edo Eusko Ikaskuntza; eta euskal unibertsitate nagusiak (UPV/EHU, Deusto, Mondragon Unibertsitatea eta BAM).

Alderdi politikoetako (EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu eta PP), sindikatuetako (UGT, LAB, CCOO, Interinoak) eta patronaletako (Kristau Eskola, Ikasgiltza, AICE, EIBE, Elizbarrutia eta Ikastolen Elkartea) ordezkariak ere Mahaiko kide dira.

Etorkizuneko eskolarako ituna

Eskola Bikaina Denontzat Lehendakariak sustatu eta Hezkuntza Sailak koordinatutako ekimena da. Eskola-segregazioa murriztea, ekitatea eta inklusioa indartzea, emaitzak hobetzea eta euskal hezkuntza-sistemaren eraginkortasuna sendotzea ditu helburu. Prozesuak hurrengo hilabeteetan jarraituko du lan-saio berriekin, partekatutako ibilbide-orria osatuko duten neurriak zehazten eta lehenesten jarraitzeko. Plana 2026ko maiatzean zehaztea aurreikusi da, ondoren neurriak ezartzen hasteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak