Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak merkataritzaren eta turismoaren balioak saritu ditu, Balenciaga Museoan egin den ekitaldi batean

2012.eko maiatzak 23

Sens Irun ekimenak, Basauriko Roaldo bitxitegiko Romualdo Doistuak, Arabako Saltokien Batasuneko Auzoko Azokak eta Gasteizko Artepanek irabazi dituzte merkataritza-sariak

Ordiziako Azokak Turismoko Euskadi Saria lortu du, eta aipamen bereziak, berriz, Zuiako Kuadrillaren eta Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartearen Gorbeia Central Park proiektuarentzat izan dira. Getariako Cristóbal Balenciaga Museoan egin den ekitaldian omenaldia egin zaio Xabier Zelaiari, orain gutxi hil zen merkatari durangar ospetsuari. Elkarrekin, euskal merkataritzak eta turismoak euskal BPGaren ia % 17 osatzen dute

Gaur egin da, Getariako Cristóbal Balenciaga Museoan, 2012ko Euskal Merkataritza eta Turismo Sariak emateko ekitaldia. Hirugarren aldiz, elkarri oso lotuta dauden bi sektore bildu dira ekitaldi horren esparruan.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jauna egon da ekitaldiaren buruan, eta elkarrekin euskal BPGaren ia % 17 osatzen duten bi sektore horietako hainbat ordezkari egon dira bertan. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izan da www.tveuskadi.net euskal turismoaren Internet bidezko telebistan, eta Irekia Eusko Jaurlaritzaren kanal irekiaren bitartez.

ETBko Maite Izaguirre eta Jorge Fernández aurkezleek gidatu dute ekitaldia. Balenciaga Museoa ekitaldia hartzeko dekoratu da, zenbait merkataritza eta turismo establezimendu gogora ekartzeko girotuz. HABIC habitataren clusterrak eta Euskadiko Contractek elkarlanean jardun dute dekoratu horiek egiteko, elkarte eta sektore desberdinek elkartzeko eta elkarlanean aritzeko ahalmena badutela erakutsiz.

Merkataritza-sektorean, saridunak honako hauek izan dira:

  • Arabako Saltokien Batasuneko Auzoko Azoka (Enpresa Lankidetzaren Saria)
  • Artepan (Merkataritza Berrikuntzaren Saria)
  • Romualdo Doistua, Roaldo Joyeros bitxi-dendaren jabea (Ibilbide Profesionalaren Saria)
  • Sens Irun (Hiriko Merkataritza Inguruneen Dinamizazioaren Saria)


Auzoko Azoka, Enpresa Lankidetzaren Saria: auzoko harategi tradizional batetik dator saltoki hau, eta jabearen semeak negozioan sartu zirenean erabateko eraldaketa izan zuen negozioaren kudeaketak. Elikagaien sektoreko beste negozio batzuekin izandako enpresa-lankidetzaren bidez gauzatu da eraldaketa hori, elkarte berri bat sortuta, Arabako Saltokien Batasuna deiturikoa, hain zuzen ere. Saltokien batasun hori harategi-urdaitegi batek osatzen du gaur egun (horixe da elkartearen jatorria), gehi elkarteari batu zaizkion arrandegi batek eta fruta-denda batek.

On line salmentako plataforma bat ere badute, merkataritza elektronikoko webgune onenari emandako saria jaso duena, beren kabuz formula hori baliatzeko zailtasunak izango lituzketen saltoki tradizionalei on line salmenta baliatzeko aukera emanez. Ekimen pribatukoa soil-soilik den lankidetza horrek, zenbait saltokiren batasunaren ondoriozko sinergiez gain, belaunaldi-aldaketa ere ahalbidetu du inplikaturiko saltokien arteko batean edo bestean.

Artepan, "Merkataritza-berrikuntza" kategorian saria lortu duena, Gasteizko enpresa bat da, eta hainbat establezimendu eta 49 langile biltzen ditu. Enpresaren esparru guztietan aplikatzen du berrikuntza Artepanek: administrazio-kudeaketa; kalitate-ziurtagiriak; prestakuntza iraunkorreko programa bat onartu behar duten langileen kudeaketa; berrikuntza teknologikoa; ekoizpen-sistemen berrikuntza; produktuak egiteko desagerturiko artisautza-prozesu zaharrak berreskuratzearen bidezko ekoizpen-sistemen berrikuntza; on line salmenta, web-orria eta bloga; bezeroak erakartzeko eta leialtzeko estrategiak; nazioarteko azoketara bertaratzea. Gainera, hezkuntza-zeregina ere betetzen du ogiaren kultura eta ogiaren kontsumoak dieta orekatu baten barruan duen garrantzia zabalduta.

Enpresak zeukan garrantzia gorabehera, bere instalazioen berrikuntzan inbertitzen jarraitu du krisia eta beldurra nagusi diren urteotan. Erakutsi duen izaera berritzaileari esker, Arabako ogigintza-pastelgintzako sektoreko enpresa garrantzitsuena bihurtu da, eta jatetxe ezagunenen hornitzailea da.

Romualdo Doistuak, Roaldo Joyeros bitxi-dendaren jabeak, "Ibilbide profesionala" saria jaso du. Haren gurasoek 1969an irekitako bitxi-denda da, eta Romualdok berak eramaten du 1988az geroztik. Negozioa hartu zuenean, orientazio berria eman zion, lokal handiago bat hartu eta plantilla ere handitu zuen, goi-bitxigintzan espezializatu zen eta bere diseinu propioak egiten hasi zen, bere establezimendua Euskadiko bitxi-denda nagusietako bat bihurtuta. Haren semeak hasi dira negozioan gaur egun, eta negozioari familia-izaera emateaz gain, negozioaren beraren urtetako jarraitutasuna ziurtatzen du horrek aldi berean.

Merkatari honengan balioesten diren beste alderdi batzuk, Basaurirekiko atxikimendu sendoa (bertan jarraitu du ireki zuenetik, ingurune horren zailtasunak gorabehera), asoziazionismoaren alde egin duen apustua (hainbat merkatari-elkarteren kide eta zuzendari izan da) eta kirol- eta gizarte-jarduerei eman dien laguntza dira, eta oso pertsona ezaguna bihurtu du horrek guztiak.

Sens Irun ekimena hoberentzat daukate "Hiriko Merkataritza Inguruneen Dinamizazioaren" arloan. Irungo merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko mahaia da, merkatariek, ostalariek, merkatari-elkarteek eta Irungo Udalak osaturikoa. Sens Irun ekimenak hainbat ibilbide diseinatzen ditu Irungo erdialdeko merkataritza-kale nagusietan barrena, turistentzat eta hirira bisitan datozenentzat pentsaturikoak. Ibilbide horiek bi orduko iraupena dute, gidari batek zuzentzen ditu eta hiriko balio historiko-kultural handieneko guneak bisitatzen dituzte, ibilbidean zehar dauden zenbait merkataritza- eta ostalaritza-establezimendutara eginiko bisitaldiekin tartekatuta.

Horrela, turismo kultural eta gastronomikoa erakarri nahi da, eta bultzada hori hiriaren merkataritza sendotzera bideratu, merkataritzaren eta turismoaren arteko interesen elkartzearen eredua eratuz kontsumoa dinamizatzeko eta hiri baten merkataritza-irudia proiektatzeko.

Ekitaldi horretan bertan, euskal turismo-sektoreko urteko sariak eman dira. Sari garrantzitsuena, Turismoko Euskadi Saria, honako honi eman zaio:

  • Ordiziako Azoka "Zentzumenentzako oparia", Ordiziako Udalaren eskutik


Eta aipamen berezia honako honentzat izan da:

  • Gorbeia Central Park proiektua, Zuiako Kuadrillarena eta Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartearena


Ordiziako Azokari eman diote saria Euskadiren erakargarri nagusietako bati balioa ematen diolako, tradizioaren eta berrikuntzaren uztartze paregabea delako, turismo-erakargarritasun handia duelako eta turismo-politikaren produktu nagusietako batekin, hau da, enogastronomiarekin, bat egiten duelako, eta era berean, asteazkenero eskualdeko nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen saltzaileen eta erosleen elkargune delako.  Plaza Nagusia da azoka horren toki nagusia, eta zutabe lodiak dituen egitura batez estalita dago. Plaza horretan mota guztietako postu ugari aurkituko ditugu: frutak, barazkiak eta makina bat lehen mailako salgai fresko.  Asteroko hitzordu horrez gain, Ordizian hainbat azoka ospetsu egiten dira urte osoan. Irailean, esaterako, Euskal Jaien azoka berezia egiten da, eta, abenduan, Eguberriko azoka berezia.

2012an Ordiziako Azokaren bosgarren mendeurrena bete da. 1512. urtean herria suntsitu zuen sutearen ondorioz, Juana "Eroa" Gaztelako erreginak "urteko asteazken guztietan zergaz kanpoko azoka egiteko errege-ahalmena" eman zion. Orduz geroztik egiten da azoka, eta horri esker, Ordiziak lehentasunezko posizioa izan du bere ingurunean, eta urteak igaro ahala eskualdeko udalerri nagusia eta herrigunea da.

Ordiziarentzat azoka identitate-ikurra da elkartzeko, komunikatzeko eta kultura trukatzeko gunea delako; era berean, "merkataritza-produktua" da kudeaketako, zerbitzuak emateko eta merkataritza-garapeneko ingurunea delako, baita "turismo-produktua" ere, landa-kulturaren eta hiri-kulturaren arteko elkargunea delako.

Tradiziotik sortutako azoka berezien bitartez, Euskadin landutako hainbat produktuk, adibidez Idiazabal gaztak, arkumeak edo barazkiek ospe handia hartu dute, eta aldi berean gune hori eta jai giroa konpartitzera bertaratzen den jendea erakartzeko baliagarri dira. Duela gutxi zabaldu den D'elikatuz izeneko elikaduraren eta gastronomiaren zentroa beste urrats bat da turismo-produktua indartzen jarraitzeko.

Azokak lortu duen ospeak sustapenerako elementu gisa erabiltzeko aukera ematen du, eta azokaren inguruan antolatzen diren ekitaldiek entzute handia lortzen dute komunikabideetan. Horien artean, Artzain Eguna, artzainek ardi latxaren esnearekin egindako artisau-gaztaren lehiaketa, eta Euskal jaien ezohiko azoka.

Gorbeia Central Park Proiektua, sari bat jaso duena apustu ausarta eta berritzailea eta lurraldeen artean eta lankidetza publiko eta pribatuarekin egindako lana delako, estrategia, lehiakortasun, produktu eta marketin lanak egin dituen proiektua da, eta horren ondorioz lurraldearen garapenean eta plangintza estrategikoan hobekuntzak lortu dira, baita jomugaren posizionamendu handiagoa lortu ere.

Ekintza horiek turismoa sustatzea ahalbidetu dute, Bizkaiko nahiz Arabako eskualdeko hainbat sektoretako agente pribatuekin elkarlanean jardun dutelako eta turismoaren ikuspegi zabalagoa duten establezimendu kopuru handiagoa lortzeko helburua bete delako, jomugaren ekonomia- eta gizarte-garapenaren eragile gisa ikusiz. Horri loturik, Gorbeia Central Park proiektua osatzen duten eta bertan parte hartzen duten guztiek jomugan turismoa sustatzeko egindako lanak barnealdeko eskualdeen posizionamendu handiagoa ekarri du, non landa-turismoa eta natura nagusi diren,  kontsumitzailearenganako hurbilketa lortuz, guztiontzako eskuragarri eginez eta Euskadi jomugaren irudi erakargarriagoa eta osatuagoa sortuz.

Gorbeia Central Park proiektuak Turismo Aktiboko Produkturik Onenaren saria jaso du, Naturaren modalitatean, FITUR 2012 azokan, eta beste sari bat jaso du "Tokiko Turismo Erakundeak" kategorian, turismo- eta hotel-sektore publiko eta pribatuak bere baliabideen zabalkundean egindako ahalegina goraipatuz, CETT Taldeak ematen dituen ALIMARA SARIEN XXVIII edizioaren barruan.

Omenaldia Xabier Zelaiari

Bestalde, sariak emateko gala aprobetxatu da Xabier Zelaiari omenaldia egiteko; duela hilabete batzuk hil zen merkatari durangarra zen Zelaia.

Zelaiak, 2006. eta 2007. urteetan sektore horretako Durango, Basauri eta Gernikako profesionalak elkartu zituen Bizkaia Martxan sortzen lagundu zuen; Bizkaidendak elkartearen presidente izan zen 2008tik 2011ra arte, eta Euskaldendak izenarekin sortu zen Euskadiko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Elkarteen Konfederazioaren presidenteorde izan zen 2010ean eta 2011n.

Bizitza osoan barne-dekorazioan jardun ondoren, Zelaia konbentzituta zegoen merkataritza dela hiriaren benetako eragile ekonomikoa, merkataritza txikiaren defendatzaile sutsua izan da, hiri-merkataritzak hiriari bizitza ematen diolako. Berak argi zuen hiriko merkataritza suspertu egin behar zela, eta horregatik garrantzi handia ematen zion berrikuntzari.

Inolako zalantzarik gabe, Xabier Zelaia, merkatari gisa, jarraitu beharreko adibidea izan zen, berritzailea zelako; sormenerako dohain handiko pertsona zen, enplegua sortzeko gogo biziarekin. Baina ez zen hori bakarrik, bere ibilbide profesionalean lan handia egin zuen beste hainbat alderditan, adibidez elkarteetan eskaini zuen lankidetza, eta horregatik are harrigarriagoa da.

2 iruzkin
  • @nekatur
    2012.eko maiatzak 28

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak komertzioaren eta turismoaren baloreak saritu ditu Balenciaga Museoan egindako ekitaldi batean. http://t.co/o4TiGBMk

  • @nekatur
    2012.eko maiatzak 28

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco premia los valores del comercio y el turismo en un acto en el Museo Balenciaga http://t.co/o4TiGBMk

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)