Berriak Segurtasuna
qrcode

Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak urteko bilera egin du Euskadiko udaltzainburuekin

2025-11-28

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Euskadiko udaltzainburuen urteko topaketa hartu du gaur Erandioko egoitzan. Topaketaren buruan Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria izan da, eta oraingoan bertan izan dira Jon Goikolea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia, Olga Fernandino bertako Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria eta Olatz Arabiourrutia Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko zuzendaria ere.

Lehenik eta behin, Asier Erkorekak 2026ko uztailera arte Euskadiko eskualde guztietara iritsiko den Basque Segurtasun Foroa proiektuari geratzen zaionaren plangintza aurkeztu du. Foro horretan, udaltzainek, tokiko ordezkari instituzional, sozial eta ekonomikoekin batera, udalerri bakoitzeko segurtasunerako garrantzitsuak diren arazoak eta mehatxuak aztertzen dituzte, hala nola indarkeria matxista, drogak, klima-mehatxua, herritarren segurtasunik eza, ziberdelinkuentzia, desinformazioa, aurreikuspenik eta prestakuntzarik eza eta balioen galera.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek polizia-lankidetzaren eta -koordinazioaren arloan sinatutako hitzarmenetik sortutako lantaldeak egindako lanaren berri eman da. Lantalde horretan elkarte horrek aukeratutako dimentsio guztietako (lurralde historiko bakoitzeko hiriburuak, 10.000 biztanletik beherako udalerriak, 10.000 eta 30.000 biztanle arteko udalerriak eta 30.000 biztanletik gorakoak) udal-ordezkariak daude, bai eta AJEPLE-EUBEko ordezkariak eta EUDELekoak ere. Talde horretako kideek azaldu dutenez, honako erronkak dituzte: sistema informatikoak bateratzea, Euskadiko Segurtasun Publikoko Plan berria eta udaltzaingoentzako prozedura eta dokumentu bateratuak lantzea.

Jarraian, Erkorekak Udaltzaingoak Koordinatzeko Atalaren jardueraren balantzea egin du, eta 2025ean sinatutako hitzarmenak eta protokoloak azaldu ditu (Derio, Getaria, Leioa, Mundaka eta Ondarroak Oinarrizko Lankidetza Hitzarmena, Ondarroak TETRA Hitzarmena eta Sestaok EBA).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak