qrcode

Etxebizitzen salerosketak % 5,2 hazi dira Euskadin 2025eko 3. hiruhilekoan

2025-12-02

EEB – Etxebizitzaren Euskal Behatokiak 2025eko hirugarren hiruhilekoari dagokion erregistro-estatistika argitaratu du gaur: jabetzaren erregistratzaileek emandako datuetatik abiatuta higiezinen merkatuko adierazle nagusien —salerosketen, prezioen eta hipoteka-kuoten— bilakaera jasotzen duen analisia.

Txostenaren arabera, Euskadin etxebizitza libreen salerosketa kopuruak % 5,2ko urte arteko hazkundea izan zuen urteko hirugarren hiruhilekoan. Zifra absolutuetan, 2024an 6.422 eragiketa izatetik 2025ean 6.754 izatera igaro zen. Hazkunde hori erabilitako etxebizitzen portaerak eragin du batez ere.

Segmentu horrek jardueraren zatirik handiena hartzen du, eta % 5,8 handitu zituen bere eragiketak, 5.431 salerosketara iritsi arte. Etxebizitza berriak ere bilakaera positiboa izan zuen, baina neurrizkoagoa, % 2,7ko hazkundearekin aurreko urteko aldi beraren aldean.

Zifra horiek Estatu osoan erregistratutako hazkunde-erritmoaren pixka bat gainetik kokatzen dute Euskadi. Izan ere, Estatu osoan salerosketek % 4,7 egin zuten gora.

Era berean, txostenak nabarmentzen du etxebizitza librearen prezioak gorakada bat izan duela. 2025eko hirugarren hiruhilekoan, batez besteko prezioa 3.274 €/m² izan zen; hau da, % 7,7ko igoera izan da aurreko urteko aldi berarekiko. Bilakaera horrek goranzko joera berresten du, urtebete lehenago ikusitakoa baino bizitasun handiagoarekin.

Salerosketekin gertatzen den bezala, erabilitako etxebizitzen merkatuak eragiten du presio handiena prezioetan. Segmentu horrek % 8,0 egin zuen gora, etxebizitza berriak (% 6,0) baino askoz gehiago. Estatu-mailan batez besteko prezioa % 9,0 hazi zen; hortaz, Euskadik igoera nabarmena izan du, pixka bat eutsiagoa izan arren.

Prezioen igoeraren testuingurua gorabehera, etxeen finantza-ahalegina —hipoteka-kuota ordaintzera zuzendutako soldataren ehuneko gisa neurtuta— egonkor mantendu zen Euskadin. Adierazlea % 0,2 baino ez zen aldatu 2024ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta: kontraste nabarmena aurreko urtean izandako % 5,1eko igoeraren aldean.

Hala ere, batez besteko hipoteka-kuotak gora egiten jarraitu zuen. 2025eko hirugarren hiruhilekoan 814,37 eurora iritsi zen: % 3,1eko igoera urte arteko terminoetan. Igoera hori 2024an erregistratutakoa baino neurrizkoagoa da, orduan kuotak % 7,5 igo baitziren. Horrek adierazten du Euskadiko etxeen hileko kostuaren garestitzea moteldu egin dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak