Berriak Lehendakaritza
qrcode

Imanol Pradales: “Ardatz Atlantikoa osatzen dugun lurraldeok ezin dugu indarrik gabeko periferia bat izan. Protagonistak izan behar eta nahi dugu Europaren berrindustrializazioan”

2025-12-01
  • Lehendakariak nabarmendu duenez, Euskadik eta Akitania Berriak "emateko asko daukate" biozientzietan, funtsezko esparrua izango dena etorkizunean
  • Akitania Berrira bidaiatu duen euskal ordezkaritza 50 enpresak osatzen dute, enpresekin eta klusterrekin lankidetza teknologiko eta industrialerako aukera berriak sortzea helburu

Imanol Pradales Lehendakariak gaur defendatu duenez, Europaren berrindustrializazioan protagonista bihurtzeko lan egin behar dute Ardatz Atlantikoa deritzona osatzen duten lurraldeek; horretarako, Lehendakariaren ustez, ezinbestekoa da periferia indartsua izatea, eta Europako eredua "behetik gora eraikitzea, Europa osatzen dugun nazio, eskualde eta lurraldeetatik abiatuta".

"Europako lehiakortasuna bultzatzeko helburuari erritmoa bizkortu nahi diogu. Guk behetik gora bultzatzen duen Europako ereduan sinesten dugu, eta horixe da gure oinarria, abiapuntutzat hartuta Europa osatzen dugun nazio eta lurraldeak, ekonomia berriaren sektore estrategiko guztietan konektibitatea eta enpresa-, zientzia- eta teknologia-lankidetza sustatuko ditugu. Horixe da egun hauetan egingo ditugun batzarren helburua", azpimarratu du Lehendakariak.

Mezu hori zabaldu du Lehendakariak, bioteknologian erreferentea den SophIA Genetics enpresara egindako bisitaren ondoren. Lehen geldialdia, Bidarten eta Bordelen bi egun igarotzeko bidaiaren barruan. Imanol Pradalesek euskal ordezkaritza gidatuko du –Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregirekin batera–, hain justu ere, eremu aeroespazialeko, makina-erremintako eta manufaktura aurreratuko 50 enpresa inguruk osatzen dute euskal ordezkaritza hori, eta tartean bioosasuneko eta bioteknologiako enpresa batzuk ere badaude. Enpresa horiek guztiek gaur programatutako bisitetan parte hartuko dute, bai eta biharko aurreikusitako enpresa-foroan ere, Akitania Berriko enpresa eta klusterrekin lankidetza teknologiko eta industrialerako aukera berriak sortzeko.

"Ekarpen handia"

Imanol Pradalesek defendatu du Euskadik eta Akitania Berriak “emateko asko” daukatela bihar-etziko esparru giltzarri batean, alegia, biozientzietan. Are gehiago, behin eta berriz esan duenez, bien arteko gaitasunak osagarriak direla kontuan hartuta; izan ere, Euskadi terapia aurreratuetan, bioekoizpenean, bioteknologia aplikatuan eta gailu medikoen fabrikazioan duen espezializazio industrialagatik nabarmentzen da; Akitania Berria, berriz, enpresa-sare zabalagoa eta dibertsifikatuagoa, zentro klinikoen eta ikerketa-zentroen masa kritiko handiagoa eta Bordeleko bioklusterrarena eta gisa horretako polo sektorialak izateagatik.

Lehendakariak gogoeta horiek egin ditu, bioteknologiako erreferentea den SophIA Genetics enpresara egindako bisitaren ondoren, bertan euskal ordezkaritzak enpresa horrek ikerketan eta garapenean egindako aurrerapenak ezagutu ditu Jurgi Camblong enpresako CEOaren eskutik. Biologo talde batek 2011n sortu zuen SophIA Genetics konpainia, jatorri genetikoko gaixotasunei konponbidea aurkitzeko gero eta premia handiagoa zegoela ikusita.

Haren plataforma teknologikoa datuetan oinarritutako medikuntzaren nazioarteko erreferentzia da gaur egun, eta bere teknologia munduko 72 herrialdetan dago, besteak beste, Euskadin, zehazki, Donostiako eta Gurutzetako ospitaleetan, bai eta Biocruces OIIko ikerketa-taldeetan ere. Ordezkariek aukera izan dute minbiziari eta gaixotasun hereditarioei aplikatutako analisi genomikoko soluzio aurreratuen erabileran duten esperientzia partekatzeko.

Bisita horren ondoren, Lehendakaria Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako ordezkariekin bilduko da, bi lurraldeen arteko lankidetza ekonomiko eta teknologikorako aukerak aztertzeko. Arratsaldean, Lehendakariak batzar estrategikoa izango du Bordelen Europan barnako Garraio Sareko (TEN-T) Ardatza Atlantikoko koordinatzaile François Bausch jaunarekin eta Alain Rousset Akitania Berriko presidentearekin batera. Bilera horretan Frantziaren eta Espainiaren arteko trenbide-konexioaren egoera, Bordele-Hendaia-Gasteiz/Bilbo ardatzaren bilakaera eta abiadura handirako bidean eskualdeko garraiorako berehalako irtenbideak berrikusi ahal izango dituzte.

Abenduaren 1ean eta 2an Akitania Berrira egindako bidaia ofiziala Nouvelle-Aquitaine/Euskadi – Innovation & Business Connect’ enpresa-misioaren barruan dago. Misio hori elkarrekin antolatu dute Eusko Jaurlaritzak, Akitania Berriak, Basque Trade & Investment-ek eta Akitania Berriko Merkataritza eta Industria Ganberak.

Bidaia honek jarraipena ematen dio bi lurraldeen arteko harreman politiko eta ekonomikoak indartzeko prozesuari. 2024an, Akitania Berriak lehen misio komertziala bultzatu zuen Euskadira, Alain Rousset presidenteak eta enpresa-ordezkaritza batek gidatuta. Orain, kontrako norabidean elikatu dira harremanak, izan ere, orain, Euskadi mugitu da Akitaniara, bi lurraldeen arteko loturak finkatzeko eta zabaltzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak