
Eusko Jaurlaritzak Munich Quantum Valley bisitatu du, zientzia eta teknologia kuantikoen garapena bultzatzeko
-
Topaketak teknologia kuantikoetan lankidetzan aritzeko oinarriak finkatu ditu.
-
Euskadik eta Bavariak Basque Quantum-en eta Munich Quantum Valley-ren estrategiak partekatu dituzte
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek bisita instituzionala egin zuen Municheko (Alemania) Munich Quantum Valleyra, azaroaren 27 eta 28an, zientziaren eta teknologia kuantikoen esparruan Euskadiren eta Bavieraren arteko lankidetza indartzeko. Sailburuarekin batera Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea eta Amaia Esquisabel Zientzia Politikarako zuzendaria izan ziren bisitan.
Euskal ordezkaritzak hainbat bilera egin zituen MQVko zuzendaritza-taldearekin, Bavariako komunitate zientifikoko ordezkari nabarmenekin eta Garching-eko Max Planck Institute of Quantum Optics (MPQ) erakundeko zuzendariarekin, Ignacio Cirac doktorearekin. Topaketa horiek urrats garrantzitsua izan dira nazioarteko lankidetzan aurrera egiteko eta Euskadiko eta Bavariako teknologia kuantikoen inpaktu zientifikoa, teknologikoa eta sozioekonomikoa bizkortuko duten sinergiak identifikatzeko.
Munich Quantum Valley eta Basque Quantum-en aurkezpena
Bisita Munich Quantum Valleyren aurkezpen instituzionalarekin abiatu zen. Aurkezpena Julia Rucha CEOak, Andrea Lenz zuzendari nagusiak eta Isabel Sosa koordinazio- eta proiektu-arduradunak eskaini zuten. Saioan, Bavariako ekosistemaren lorpen nagusiak zehaztu zituzten, baita unibertsitateen, ikerketa-zentroen eta enpresa teknologikoen arteko lankidetza-eredua ere.
Ondoren, Eusko Jaurlaritzak Basque Quantum estrategia aurkeztu zuen, bere helburuak, lehentasunezko arloak eta epe luzerako ikuspegia zehaztuz, Euskadi teknologia kuantikoen arloan nazioarteko erreferente bihurtzeko asmoz. Bi aurkezpenen ostean, ikerketan, talentu-prestakuntzan eta ezagutzaren transferentzian interes partekatutako arloak identifikatzeko eta sakontzeko lan-saioa burutu zuten.
MQVn integratutako unibertsitateetako eta zentroetako ikertzaileek fisika kuantikoaren, hardwarearen eta software kuantikoaren ikerketa-lerroak azaldu zituzten, baita aplikazio industrial posibleak ere. Bilera horri esker, euskal ordezkaritzak zuzenean ezagutu ahal izan zituen Bavarian abian dauden proiektuak, eta horrela, etorkizuneko lankidetza zientifiko eta teknologikoetarako bideak aztertu.
Max Plank Institute of Quantum Optics
Bisitaren bigarren egunean, Pérez Iglesias sailburua, Morais sailburuordea eta Esquisabel zuzendaria Garching-eko Optika Kuantikoko Max Planck Zentrora joan ziren. Bertan, MQVrekin lotutako startupen ordezkariekin eta Bavariako ekosistema kuantikoa bultzatzera bideratutako hainbat ekimenetako kideekin elkartu ziren. Era berean, unibertsitateko arduradunekin bildu ziren, teknologia kuantikoetan espezializatutako prestakuntza-eskaintza aztertzeko.
Bisitaldiari amaiera emateko, lan-bilera bat egin zuten zentroko zuzendari Ignacio Cirac doktorearekin. Bertan, ikerketa eta berrikuntzako ekosistema bien indargune nagusiak aztertu eta lankidetza estuagoa izateko aukerak identifikatu zituzten.
Teknologia kuantikoen inpaktu sozioekonomikoa bizkortzeko lankidetza
Topaketaren ondorioz, bi aldeak bat etorri ziren Munich Quantum Valley ekimenaren eta Basque Quantum estrategiaren artean etengabeko elkarrizketa bat ezartzearen garrantzian. Jardunbide egokiak, erronka partekatuak eta lankidetza-aukera berriak identifikatzeko lan egitea erabaki zuten, Europak eremu kuantikoan duen posizionamendua indartzeko.
Testuinguru horretan, lankidetzarako bide posibleak aztertuko dira lehentasunezko esparruetan, besteak beste: ikerketa-proiektu bateratuak garatzea; ikertzaileen truke-programak ezartzea; Europako deialdietan modu koordinatuan parte hartzea; eta ezagutza sektore publikora, enpresara eta industriara transferitzea bultzatzeko ekimenak garatzea.
Era berean, bi ekosistemetako ikerketa-taldeen eta startupen arteko topaketa espezifiko bat antolatzea erabaki zuten, ideien trukea sustatzeko, lankidetza-sareak sendotzeko eta garapen zientifiko eta teknologikorako aukera berriak sustatzeko.
Munich Quantum Valleyri buruz
2021ean sortutako Munich Quantum Valley (MQV) ekimen aitzindaria da, Bavariako 40 erakunde baino gehiago biltzen dituena, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, enpresa teknologikoak eta erakunde publikoak barne. Bere kideen artean nazioarteko ospe handiko unibertsitateak, Max Planck bezalako institutuak, fisika eta teknologiako bikaintasun zentroak, start-upak eta sektore kuantikoko korporazio handiak daude. Parte-hartzaileen aniztasun horrek Alemanian konputazio kuantikoko teknologia ikertzera, garatzera eta transferitzera bideratutako ekosistema paregabea sustatzen du.
MQV nazioarteko erreferente gisa finkatu da teknologia kuantikoen arloan, lankidetza-proiektuak gidatuz eta mundu osoko erakundeekin aliantza estrategikoak ezarriz. Ekimena talentuaren prestakuntzan duen eraginagatik nabarmentzen da, baita Baviera eta Munich garapen kuantikoan polo global gisa kokatzeko inbertsio garrantzitsuak erakartzeagatik ere.
Azpimarratzekoa da Ignacio Cirac, Espainiako ikertzaile ezaguna eta konputazio kuantikoaren arloan funtsezkoa dena eta DIPCko Batzorde Zientifiko Aholkulariko kidea, asmo handiko proiektu honen parte diren Max Planck zentroetako bat zuzentzen duela, eta, horrela, MQVren nazioarteko lidergoa eta bikaintasun zientifikoa indartzen ditu.
Basque Quantum estrategiari buruz
Eusko Jaurlaritzak gidatzen duen Basque Quantum estrategiak, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Foru Aldundiekin eta Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioarekin lankidetzan, 2023ko martxoan hasi zuen bere ibilbidea, eta asmo handiko ibilbide-orri baten hasiera izan zen, Euskadi zientzia eta teknologia kuantikoen arloan Europako eta munduko erreferente gisa kokatzeko. Bere mugarri garrantzitsuenen artean daude ikerketa-zentroen eta unibertsitate elkartuen sarea eratzea, sektoreko enpresa liderrekin akordio estrategikoak sinatzea, talentu gaztea erakartzeko eta lehen mailako komunitate zientifiko eta profesionala sendotzeko prestakuntza-programa espezializatuak abian jartzea, eta erabilera zientifiko eta industrialerako azpiegitura bereziak hornitzea, hala nola Donostian kokatutako IBM Quantum System Two konputagailu kuantikoa, STEP (Strategic Technology for Europe Platform) zigilua duten Europako azpiegitura estrategikoen parte dena.
Etorkizunari begira, Basque Quantum estrategiaren ikuspegia ekosistema kuantiko sendo bat finkatzea da, berrikuntza disruptiboa eta teknologia kuantikoen aplikazioa bultzatuko dituena industrian eta Euskadiko eta Europako gizartean. Laborategi berriak sortzea, tokiko enpresentzat irisgarriak diren konputazio kuantikoko plataformak garatzea eta zientzia kuantikoa sektore estrategikoetan integratzea aurreikusten da, hala nola bankan, osasunean, energian eta fabrikazio aurreratuan.
Basque Quantum-en helburu nagusia da 2030erako Euskadi Europako eta munduko lurralde aurreratuenen artean kokatzea ikerketa, transferentzia teknologikoa eta talentu-prestakuntza eremu kuantikoan, Europako lidergo zientifiko eta teknologikoari lagunduz.



