
Eusko Jaurlaritza eta Irungo Udala elkarlanean ari dira Bidasoa LHII handitzeko
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Irungo Udala elkarlanean ari dira Bidasoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua (LHII) handitzeko. Proiektu horren arabera, Udalak udal-partzela bat doan lagako dio Eusko Jaurlaritzari, eraikin berri bat eraikitzeko. Urrats hori bi erakundeen arteko elkarlanaren emaitza da, eta Bidasoa eskualdeko hezkuntza-eskaintza indartzea eta Lanbide Heziketaren hazkunde iraunkorrari erantzutea ahalbidetuko du, azken hamarkadan % 30 hazi baita Euskadin.
Lankidetza instituzional horren esparruan, Irungo Udalak onartu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari doan lagatzea Bidasoa LHIIren ondoko lursaila, bere instalazioak handitu ditzan, eraikin bat eraikiz. Orubeak 700 m²-ko azalera du eta Alberto Larzabal kaleko 1. zenbakian dago.
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua, Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, eta Cristina Laborda Irungo alkatea ikastetxearen inguruetan izan dira, ikastetxearen handitze lanak hartuko dituen lursail hau bertatik bertara ikusteko. Akordio hau, hiriko eta Bidasoa eskualdeko hezkuntza-beharrei erantzun egokia ematea ahalbidetuko duena, gaur goizean berretsi da Irungo udalaren osoko bilkuran.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta zentroak berak diseinatuko duten azpiegitura berri baten hazkundea bermatuko duen handitze bat da. Zentroak 417 ikasle ditu gaur egun, eta goi-mailako 6 ziklo, erdi-mailako 5, espezializazioko 2 ikastaro eta lanbide-ziurtagiri bat eskaintzen ditu honako arlo hauetan: elektrizitatea eta elektronika; ibilgailuen garraioa eta mantentze-lanak; fabrikazio mekanikoa; zura, altzaria eta kortxoa; eta instalazioa eta mantentze-lanak. Irungo Udalak gaur onartutako diktamenak bost urteko epea ezartzen du, gehienez, eraikin berria eraikitzeko.
Era berean, edozein epe igarota, lagapenaren xedeetarako erabiltzeari utziko balitzaio, lagapena bukatutzat joko litzateke eta haren jabetza berriz ere udalarena izatera igaroko litzateke.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzarentzat, hezkuntza azpiegituretan inbertitzea etorkizunean inbertitzea da. Bidasoako LHII zabaltzeak Irunen Lanbide Heziketa indartzea eta eskualdeko eskaeraren hazkundeari erantzuna ematea esan nahi du. Lanbide Heziketa bera asko aldatu da azken hamarkadetan, eta Bidasoako ikastetxeak jakin du aldaketa horietara egokitzen. Erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa da hori posible egiteko”.
Bere aldetik, Irungo alkatearen hitzetan, "gaur Irungo Udalak lagapen honekin ematen duen aurrerapausoa giltzarria da hezkuntzak Irunen eta Bidasoa eskualdean hobekuntzak lortzen jarrai dezan. Jakitun gara Lanbide Heziketako eskaintza etengabe hazten ari dela, eta ziur gaude Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lortutako akordio honek herritarrei aukera berriak bermatuko dizkiela, eta horrek aukera emango duela hirian eta eskualdean ikasteko eta enplegatzeko aukerak handitzeko".
Hala, eraikin berriak ikastetxeari irakaskuntza-espazio gehigarriak, ikasleentzako eta irakasleentzako gune komunak eta prestakuntza-proiektu berritzaileen garapena sustatuko duten eremuak ematea aurreikusten da. Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren baitan kokatzen da zentroaren handitzea. Estrategia horren bidez, 750 milioi euroko inbertsioa bultzatu du Eusko Jaurlaritzak, Euskadin hezkuntza-espazioak modernizatzeko eta berriak sortzeko.
Azpiegitura berri horri esker, zentroaren ikuspena hobeagoa izango da, eta sarbide berri bat ireki ahal izango da Elizatxo hiribidetik. Horri esker, errazagoa izango da zentroa hiri-ingurunean integratzea, Irungo Udalak hiri-berroneratzeari buruz emandako jarraibideekin bat etorriz.


