
Diagnostikoa eta tratamendua eskuratzeko hobekuntzek finkatu egiten dute Osakidetzak hiesaren epidemiarekin eta inguruko estigma sozialarekin amaitzeko duen estrategia
-ABENDUAREN 1A, HIESAREN MUNDUKO EGUNA-
- Osakidetzak hainbat bide eskaintzen ditu GIBaren proba doan egiteko, funtsezkoa baita diagnostiko goiztiarrerako: osasun-zentroen bidez edo STIen kontsulta espezializatuen bidez
- Euskadin, 6.200 pertsona inguruk jasotzen dute GIBaren aurkako tratamendua, eta, birusa ezabatzen ez badu ere, kasu gehienetan detektaezin bihurtzen du, eta, beraz, ezin da transmititu
- Osasun Saila eta Osakidetza lankidetzan ari dira beste eragile batzuekin, hala nola hezkuntza-eragileekin eta pazienteen elkarteekin, prebentzioaren garrantzia azpimarratzeko, bereziki gazteen eta nerabeen artean
Abenduaren 1ean Hiesaren Munduko Eguna izango denez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bat egin dute ONUSIDA 2030eko helburuekin, osasun publikorako mehatxua den hiesaren epidemiari amaiera emateko. Ildo horretan, GIBaren probak eginez goiz detektatzea, dela Osakidetzako zentroetan bertan, dela farmazietan edo erakunde komunitarioetan proba azkarrak eginez, estrategia horren zutabe nagusietako bat da, tratamenduen irisgarritasuna eta aurrerapenekin batera. Horiek guztiek aukera ematen dute birus-karga detektaezina eta, beraz, transmitiezina izateko. Osakidetzak birusarekin bizi diren pertsonen inguruko estigma desagerrarazteko eskatu du.
Urtero 125 GIB kasu inguru detektatzen dira Euskadin. Diagnostiko berri gehienak gizonetan gertatzen dira, eta diagnostikatutako pertsona guztien batez besteko adina 37 urtekoa da. 2024an, kasuen % 63,2 Bizkaian detektatu ziren, % 21,6 Gipuzkoan eta % 15,2 Araban.
Nola egin proba bat
Nabarmentzekoa da infekzio kasuen ia erdiak diagnostiko berantiarra izan duela. Ildo horretan, Osakidetzak gogorarazten du diagnostiko eta tratamendu goiztiarra funtsezkoa dela bizi-kalitate ona lortzeko. GIBa proba espezifikoen bidez detektatzen da; Euskadin, hainbat modutan eskura daitezke proba horiek. Alde batetik, Osakidetzak doan egiten ditu bere osasun-zentroetan, erreferentziazko familiako medikuarekin zita eskatuta; baina, hortaz, gain, sexu-transmisiozko infekzioen (STI) kontsultetara ere joan daiteke. Osakidetzak kontsulta espezializatu bat du lurralde bakoitzean, gutxienez. Guztiek dute telefono zuzen bat, pertsonek deitzeko eta proba egitea eskatzeko aukera izan dezaten. Honako hauek dira:
- Araban:
- Arabako Unibertsitate Ospitalea / Txagorritxu (Vitoria-Gasteiz). Telefono-zenbakia: 667 158 386. 12:00etatik 14:00etara.
- Bizkaian:
- Etxaniz Suhiltzailearen Osasun Zentroa (Bilbo). Telefonoa: 946 006 969. Ahal dela 08:00etatik 11:00etara.
- Gipuzkoan:
- Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Infekziosoen Zerbitzua, Arantzazu eraikina. Telefono-zenbakiak: 943 007 006.
- Mendaroko Ospitalea. Telefono-zenbakia: 943 032 845
Gainera, Euskadiko 60 farmazia programa baten parte dira, zeinaren bidez GIBaren proba azkarra egin baitaiteke, modu anonimoan, eta bost euroko kostuarekin. Ohiko osasun-sistematik kanpo dagoen alternatiba bat da, pertsona bakoitzak bere buruarentzat erosoena den proba egin dezan. Farmazia horiei buruzko informazioa eskuragarri dago Osakidetzaren webgunean. Era berean, GIBaren proba azkarra eskatzeko beste aukera bat erakunde komunitarioak dira. Bertan, proba doan eskaintzen da, estigmarik gabeko giroan. Oskar Ayerdik, Osakidetzako Hiesaren Planaren koordinatzaileak, honako hau adierazi du: "Osasun-sistemaren barruan eta kanpoan sarean lan egitea ezinbestekoa da modu koordinatuan jarduteko, behar duten pertsona guztiengana iristeko eta gune desberdinak eskaintzeko; eta, horrela, pertsona bakoitzak gehien interesatzen zaion aukera aurki dezan".
Berehalako tratamendu antirretrobirala
Proba egiteko hautatutako aukerak gorabehera, diagnostiko positiboa izanez gero, erreferentziazko ospitaleko GIBaren unitatera deribatuko da, tratamendu antirretrobirala berehala hasteko.
Gaur egun, Euskadin 6.200 pertsona daude tratamenduan. Horrek, birusa erabat ezabatzen ez badu ere, ugalketa blokeatzen du eta birusak organismoan aurrera egitea eragozten du; ondorioz, pertsona horiek bizi-kalitate onarekin bizi daitezke. Ildo horretan, Ayerdik gogorarazi duenez, "tratamendu antirretrobirala jasotzen duten eta GIBaren birus-karga detektaezina duten pertsonek ez dute birusa transmititzen; aurrerapen zientifiko handia da, eta eragin prebentibo eta sozial handia ere badu. Mezuak argia izan behar du: detektaezina bada, transmitiezina da".
Sexu-osasunari buruzko gidak nerabeentzako
Osakidetzak prebentzioaren garrantzia azpimarratu nahi du, eta zeregin hori beste arlo batzuekiko lankidetzarekin indartzen da, hala nola pazienteen elkarteekin eta irakaskuntzarekin. Ildo horretan, iaz, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza Sailekin batera, gazte eta nerabeei zuzendutako Sexu-osasuneko gida eguneratu zen, hezkuntzaren arloan gai hori landu ahal izan dezaten. Duela gutxi, informazio hori ikastetxeetara zabaldu da, ikasturtean zehar garatu ahal izan dezaten.
GIBaren aurkako prebentzio konbinatua
Sexu-osasunari buruzko hezkuntzan, preserbatiboaren erabileraren sustapenean eta GIBaren probaren gomendioan egindako ahaleginari esker, diagnostiko berrien kopurua gutxi gorabehera egonkor mantendu da Euskadi. Hala ere, funtsezkoa da prebentzio-programa konbinatuen garrantzia azpimarratzea. Programa horietan, aipatutako neurriez gain, prebentzio-estrategiak ere sartzen dira, eraginkortasun handia erakutsi dutenak.
Aipatu behar da arriskuko sexu-harreman bat izan ondoren (< 72 ordu) profilaxia eskatzeko aukera dagoela, ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetan eskuragarri. Bestalde, esposizio aurreko profilaxia (PrEP) ere eskuragarri dago. Horretan, farmako antirretrobiralak erabiltzen dira GIBaren transmisioa saihesteko; hala ere, ez du prebenitzen sexu-transmisiozko beste infekzio batzuen aurka. PrEP gomendatuta dago GIBaz kutsatzeko arrisku handia duten pertsonentzat, eta gero eta jende gehiagok erabiltzen duen tresna da. Une honetan, 1.600 pertsona baino gehiagok erabiltzen du PrEP. Programa horrek, farmako profilaktikoa eskaintzeaz gain, preserbatiboa erabiltzearen garrantzia azpimarratzen du, beste STI batzuen baheketa barne hartzen du, eta adierazitako txertoak eguneratzea gomendatzen du.
- GIBari eta hiesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Osakidetzaren Osasun Eskola.
-
-
2025-12-01
Comentario de X:
🎀DÍA MUNDIAL SIDA
La detección temprana a través de la realización de pruebas de VIH, como la realización de pruebas rápidas en las farmacias, es uno de los principales pilares de esta estrategia
@osakidetzaEJGV
https://t.co/9gUu3RtbQO -
2025-11-28
Comentario de X:
-1 DE DICIEMBRE, DÍA MUNDIAL DEL SIDA-🔵 Las mejoras en el acceso al diagnóstico y tratamiento afianzan la estrategia de Osakidetza para tratar de acabar con la epidemia del sida y el estigma social que le rodea
-
2025-11-28
Comentario de X:
-ABENDUAREN 1A, HIESAREN MUNDUKO EGUNA-🔵 Diagnostikoa eta tratamendua eskuratzeko hobekuntzek finkatu egiten dute Osakidetzak hiesaren epidemiarekin eta inguruko estigma sozialarekin amaitzeko duen estrategia




