qrcode

Euskadiko Arkitektura Institutuak eta Bordeleko Arc en rêve zentroak Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren II. ediziorako deialdia egin dute eta epaimahaia iragarri dute

2025-11-28
  • Atzo arratsaldean eman zen ezagutzera bi erakundeek Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren laguntzarekin bultzatutako nazioarteko sari honen bigarren edizioa, etxebizitza mota honen kalitate arkitektonikoa aitortu eta kontinente oso baten bereizgarri gisa balioetsi nahi duena
  • Epaimahaiburua Carme Pinós izango da, 2021ean Espainiako Arkitektura Sari Nazionala jaso zuena, eta bere kideen artean arkitekturako, arlo akademikoko eta soziologiako pertsona ospetsuak izango ditu
  • Bordeleko Arc en rêve zentroan egin den “Elkarbizitzen. Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria” inaugurazio ekitaldin egin da aurkezpena, aurreko lehiaketaren emaitza

Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren lehen edizioak izandako harrera onaren ondoren, Euskadiko Arkitektura Institutuak eta Arc en rêve zentroak sari honen bigarren edizioa aurkeztu dute zentroaren Frantziako egoitzan. Bi erakundeek, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren laguntzarekin, bultzatu dute lehiaketa hau, eta komunitateetan eragin positiboa duten eta hiri-garapen jasangarrian laguntzen duten etxebizitza kolektiboak aitortzea du helburu, kalitatezko arkitektura sustatzearekin batera. Etxebizitzak giza premia funtsezko eta aktibo sozial gisa duen garrantzia azpimarratuz, sariak berrikuntza, inklusioa eta ingurumen-erantzukizuna sustatzen ditu etxebizitza kolektiboen diseinuan.

Bigarren edizioaren berri Bordelen eman da, "Elkarbizitzen. Etxebizitza Kolektiboaren Europako Saria" erakusketaren inaugurazioaren barruan, bi erakundeek elkarrekin sortutakoa, eta otsailean institutuaren Donostiako egoitzan aurkeztu zena. Ekitaldian izan dira Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua, Fabrizio Gallanti Arc en rêve zentroko zuzendaria eta José Ángel Medina Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendaria. “Erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia” zpimarratu du Gallantik aurkezpenean, “Atlantikoko kostaldeko txoko batetik kontinentera proiektatzea ahalbidetu baitu, hautagaitza kopuru esanguratsua erakarriz”.

Erakusketari dagokionez, honakoa gaineratu du: “Ez da proiektuen errepertorio bat soilik, baizik eta gure bizitza kolektiboko espazioak diseinatzeko erabilitako estrategiak eta ekoizpen-moduak kritikoki irakurtzeko benetako tresna bat da. Komisariotzak eta espazioan jartzeak proiektu finalisten berezko erreminta arkitektonikoak aztertzea eta ulertzea ahalbidetzen dute”.  

Bestalde, Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendari José Ángel Medinak sariaren lehen edizioak izan duen harrera ona azpimarratu du: “2024an lehen aldiz saria kaleratu genuenean 170 proposamen baino gehiago jaso genituen Europako 19 herrialdetatik, oso mota desberdinetakoak eta kalitate arkitektoniko handikoak. Baina arrakasta kopuruetatik harago joan zen, nazioarteko ospe handiko eta askotariko profiletako epaimahaia izan baikenuen. Anne Lacaton izan zen epaimahai burua, eta Fernanda Canales arkitektoak, Christian Hadaller, Kristiaan Borret eta Emanuele Cocciak lan handia egin zuten”.

Gainera, Medinak azpimarratu duenez, “Euskadiko Arkitektura Institututik, arkitektura herritarrengana hurbildu nahi duen zentroa den aldetik, sinetsita gaude etxeko arkitektura hori, etxebizitza, Europako gizartearen gehiengoa bizi garen hori, balioetsi egin behar dela. Europako horrelako sari baten bidez egitea funtsezkoa da, etxebizitza kolektiboa europar identitatearen ernamuinean baitago”.

Bere aldetik, Denis Itxaso sailburuak nabarmendu duenez, “ez da kasualitatea ekitaldi hau hemen egitea: Bordele erreferentzia bat da Europan hiria eta etxebizitza berroneratzeko, eta bizitoki-larrialdiari nola erantzuten diogun ikastera, kontrastatzera eta partekatzera eta, aldi berean, arkitekturaren kalitatea bultzatzera gatoz Euskaditik”.

Zentzu horretan, Itxasok azaldu du etxebizitzaren arazoari borondate politikoa, tresna egokiak eta epe luzeko ikuspegia dagoenean hel dakiokeela. Horregatik, “errekorreko aurrekontuak ditugu etxebizitza publiko, sozial eta babestu gehiago eraikitzeko, finantzaketa publiko-pribatua lortzeko eta urteak blokeatuta zeramatzaten lurzoruak eta espedienteak aktibatzeko”, gaineratu du.

Horri esker, etxebizitza kolektiboen garapenean urrats handiak bultzatu ahal izango dira udalekin batera, hala nola Gasteizko Zabalganan eta Donostiako hainbat operaziotan. Oso ideia argia zehazten duten proiektuak dira: etxebizitza kolektiboa gizarte-kohesiorako, nahasketa eta hiri-iraunkortasunerako tresna gisa.

Sailburuak aitortu duenez, Amara-Easoko Playa de Vías da adibide bat: “Topoaren lurperatzeak utziko duen espazioa eraldatzeak hiriaren bihotzean 500 etxebizitza sortzea ahalbidetuko du. Eredu hau Loiolako Kuartelak edo Auditz Akular bezalako eremuetara zabaldu nahi dugu”. Izan ere, Itxasoren hitzetan, “Bordelek bere ibai-frontea eta trenbide-ehunak eraldatu dituen bezala, guk eragiketa horiek etxebizitza kolektibo aurreratuko laborategiak izatea nahi dugu, erabilerak, kalitatezko espazio publikoak, ingurumen-irtenbide zorrotzak eta gure hirien zahartzeari zein gazteei erantzungo dieten belaunaldien arteko proiektuak bilduko dituztenak”.

Carme Pinós buru duen nazioarteko epaimahaia

Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren hurrengo edizioak nazioarteko ospe handiko epaimahaia izango du, oso desberdinak diren bost profiletakoa: Carme Pinós, Jing Liu, Catherine Sabbah, David Madden eta Lucia Tozzi.

Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren epaimahaiburua Carme Pinós izango da, 2021ean Espainiako Arkitektura Sari Nazionala jasotakoa.  Pinós (Bartzelona) arkitektoa eta unibertsitateko irakaslea da. Bere proiektuen artean, nabarmentzekoak dira Cube I eta Cube II bulegoak Guadalajaran (Mexiko), Vienako Ekonomia Unibertsitateko departamentuen eraikina (Austria), Zaragozako CaixaForum eraikina (Espainia) edo Garduña plazaren multzoa, La Massana arte- eta diseinu-eskola eta Boquería merkatuaren atzeko fatxada, Bartzelonan (Espainia). Eskolak eman ditu Düsseldorfeko Kunstakademie-n, New Yorkeko Columbiako Unibertsitatean edo Harvardeko Unibertsitatean.  2021eko abenduan, hirugarren edizioaren itxieran, Mugak – Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak —haren ‘Estudio Carme Pinós Contexto y Conceptos’ erakusketa nagusia berari eskainita zegoen— Espainiako Arkitektura Sari Nazionala jaso zuen.

Epaimahaian lagun izango du Jing Liu arkitekto estatubatuarra, SO-IL estudioaren sortzailea Florian Idenburg-ekin batera. Estudioak New Yorken eta Amsterdamnen du egoitza. Estudio hori bizitegi-proiektu berritzaileengatik nabarmendu da, oso bereziki Brooklynen. Proiektu horien helburua da pertsonek uneak partekatzeko eta bizilagunen arteko interakzioa sustatzeko espazioak sortzea, eta, aldi berean, bizigarritasun modernoaren funtsezko elementuak aldarrikatzen dituzte. SO-ILek ospea lortu du bere instalazio efimeroengatik eta bere museoengatik, eta ahots berezi bat da arkitektura garaikidean.

Epaimahaikide izango da, halaber, Catherine Sabbah frantziarra, IDHEALeko (etxebizitzaren aldeko ekintzarako ikasketen institutuko) ordezkari nagusia. “Les Échos” egunkari ekonomiko frantseseko kazetaria izan da hamar urtez, eta beste komunikabide askotan etxebizitzari buruzko zenbait libururen egilekide ere bada. «La République de l 'Architecture» (Arkitekturaren Errepublika) bloga zuzendu zuen, Ajibat – Etxebizitza eta Hirigintza Kazetarien Elkarteko buru izan zen eta German Marshall Fund-entzat lan egin zuen Estatu Batuetako eta Frantziako hiri adimendunen proiektuetan. 2019an, “Hôtel Métropole” erakusketaren kuradore izan zen Parisko Pavillon de l’Arsenal-en. Beste istorio askori ahotsa eman ondoren, IDHEAL sortu zuen etxebizitzaren alde jarduteko.

David Madden ere izango da epaimahaikide, London School of Economics eskolako Soziologia Saileko eta Hirien Programako irakasle laguntzailea. Hiri-estudioetan, soziologia politikoan eta teoria sozialean lan egiten du. Ikerketa kualitatibo, etnografiko eta historikoak zuzendu ditu New York hirian, Londresen eta beste leku batzuetan, besteak beste gai hauek jorratuta: hiri-aldaketa, etxebizitza, espazio publikoa, gentrifikazioa, teoria kritikoa eta urbanizazio planetarioa. Artikulu akademikoak argitaratu ditu hiri-estudioen aldizkari nagusietan, editorea da CITY aldizkarian, eta aipamenak eta iruzkinak argitaratu ditu LSE Review of Books, “Washington Post” eta “The Guardian” bezalako argitalpenetan. David Maddenek, Peter Marcuse-rekin batera, 2018an argitaratutako ‘Etxebizitzaren defentsan” eragin handiko lanaren egilea da.                              

Azkenik, Lucia Tozzi italiarrak osatuko du Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariaren bigarren edizioko epaimahaia. Tozzi kazetari eta hiri-ikertzailea Milanen bizi da, eta ezaguna da gentrifikazioari, turismoak bultzatutako garapenari eta espazio publikoaren merkantilizazioari egindako kritika zorrotzengatik. Bere idazkiek kritika kulturala, ikerketa-kazetaritza eta analisi politikoa hartzen dituzte, eta Il Tascabile, NERO, Altreconomia, il manifesto eta beste aldizkari batzuetan agertu dira. Hainbat libururen editorea eta egilea da. Horietan, besteak beste, hiriaren eta turismoaren arteko erlazioa eta hiri-logika globala jorratzen ditu. Bere lana hiri-teoria erradikalean oinarritzen da, eta ondasun komunen defentsa, plangintza demokratikoa eta egoiliarren eskubideak lehenesten ditu kapital espekulatiboaren aurrean.

Deialdiaren egutegia

Entitate antolatzaileko ordezkariak deialdiaren egutegia azaldu dute. Bordelen egindako aurkezpena eta gero,  2026ko urtarrilean hasiko da sarira aurkezteko epea, eta urte horretako martxora arte egongo da zabalik.  Epaimahaiak finalisten lehen hautaketa bat egingo du, 2026ko udan iragarriko dena, eta, azkenik, saria 2026ko udazkenean erabakiko da.  

Euskadiko Arkitektura Institutuari buruz

Euskadiko Arkitektura Institutuak helburu du arkitektura herritarrengana hurbiltzea, eta arkitekturaren, hirigintzaren, paisaiaren eta diseinuaren inguruko eztabaida sustatzea. Zentroa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren laguntzarekin.

arc en rêve-ri buruz

Arc en Rêve proiektua 1981 ezkero dago abian Bordelen. Erakusketa, hitzaldi, lantegi eta esperimentuen bidez, helburu du kultura arkitektoniko partekatua eraikitzea eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea arkitekturaren, hiriaren, paisaiaren eta diseinuaren esparruetan. Nazioarteko erreferentzia eta tokiko inplikazioa duen bere programak arkitekturarekiko interesa pizten du, sorkuntzara bultzatzen du eta herritarren begiak mundu aldakorrera zabaltzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fabrizio Gallanti (arc rêve centre d 'architecture-ko zuzendaria); José Ángel Medina (Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendaria)