qrcode

Eusko Jaurlaritzak autokontsumo partekatuko proiektuaren fase berri bat bultzatu du Otxarkoagan, Bilboko Udal Etxebizitzak TEAri 190.000 euroko dirulaguntza emanda (Gobernu Kontseilua 2025-11-25)

2025-11-25

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 190.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea Bilboko Udal Etxebizitzak tokiko entitate autonomoari (TEAri), Otxarkoaga auzoan eguzki-panelak ezartzeko eta autokontsumo partekatuko komunitateak sortzeko proiektu esperimentalean aurrera egitea helburu hartuta. Jarduketa kokatzen da Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak hiri-birgaitze jasangarria, energia-efizientzia eta arkitekturako eta eraikuntza ekoefizienteko berrikuntza bultzatzeko duen estrategiaren barruan, Bultzatu 2050 – Euskadiko Hiri Agendaren helburuekin bat etorriz.

Laguntza horrek bidea emango du proiektu aitzindari baten bigarren fasea abian jartzeko. Proiektu horrek herritarrentzat eredu energetiko garbiagoa, partaidetza handiagokoa eta irisgarriagoa sustatzen du. Lehen fase batean –2024ko maiatzean emandako 110.000 euroko dirulaguntza baten bidez finantzatuan– instalazio fotovoltaikoak egin ziren Txotena 18-24 eta Otxar Opengela eraikinetan (Pau Casals 16), eta, horren ondoren, esku-hartze berri honek aurreikusten du “El Chino” merkataritza-gunea (Zizeruena 12) eguzki-instalazio fotovoltaiko batez hornitzea, auzoko erreferentziazko merkataritza-ekipamenduetakoa den heinean.

Merkataritza-gunea elkarri konektatutako hiru eraikinek osatzen dute, eta autokontsumoko sistema fotovoltaiko partekatua ezartzeko baldintza tekniko eta estruktural egokiak ditu. Bere kokapen estrategikoari esker, onura energetikoak inguruko erabiltzaile eta saltokietara zabaldu ahal izango dira. Horrela, kohesio komunitarioa indartuko da eta tokiko merkataritza bultzatzen lagunduko da.

Proiektuan, eguzki-panelak instalatzea ez ezik, estalkiak egokitzea, instalazioen gela modernizatzea eta argiztapen efizientea ezartzea ere sartzen da. Horrek bermatuko du ekipamenduak bere kalifikazio energetikoa hobetuko duela eta tokiko energia-komunitate batentzat nodo gisa jardun ahal izango duela.

Hiri-berroneratzea eta energia-trantsizioa bultzatzea

Jarduera hau Otxarkoaga auzoa osorik berroneratzeko programaren parte da, eta hiri-eredu inklusiboago, erresilienteago eta jasangarriago baterantz egindako aurrerapen nabarmena dakar. Autokontsumo partekatuko sistemak ezartzeak honetan laguntzen du:

  • Energia-kontsumo konbentzionala eta CO₂-emisioak murriztea.
  • Herritarrek energia berriztagarriak eskuragarri izan ditzaten erraztea.
  • Hiri-esparruan ekonomia zirkularra eta berrikuntza teknologikoa bultzatzea.
  • Bizilagunen bizi-kalitatea eta aukera ekonomikoak hobetzea.

Dirulaguntza berri honekin, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak berretsi egiten du bere konpromisoa bidezko trantsizio energetikoarekin, hiri-birgaitzearen berrikuntzarekin eta proiektu erreplikagarrien garapenarekin, Euskadi jasangarritasunaren eta energia-efizientziaren erreferente gisa koka dadin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak