Berriak Herrizaingoa
Eu

Ahal duzunez, pentsatu

2012.eko maiatzak 22

Trafiko Zuzendaritzak hiri-esparruko erabiltzaileei zuzendutako kontzientziazio-kanpaina hasiko du

Arreta galtzea eta zirkulazio-arauak haustea hiriko trafiko-istripu gehienetan behin eta berriz agertzen diren bi faktore dira, eta, horregatik, sentsibilizazio-kanpaina berrian bi gai horiek nabarmentzen dira. Kanpaina horren bidez, Eusko Jaurlaritzak dei egiten die gidariei eta oinezkoei, sen onez joka dezaten.

Hiritik zirkulatzen ari zarenean, zuhur jokatzeak bizia salba diezazuke. Ahal duzunez, pentsatu? goiburupean, Trafiko Zuzendaritzak azken urteetako iragarkietan erabili izan duen estilo umoristikoari eutsi dio, eta, oraingoan, antzara bat da protagonista; antzara horrek saihesteko errazak diren zenbait arrisku-egoera biziko ditu.  ?Hirietan gertatzen diren istripu asko ez ziren gertatuko arreta gehiago jarrita eta hiriguneak eremu partekatuak direla ulertuta", adierazi du Amparo López  Trafikoko zuzendariak. "Presaren eta arreta-galtzeen ondorioz, arduragabekeriak egiten ditugu, eta horiek ondorio oso larriak izan ditzakete".

Datozen hiru asteetan, telebista-spoten, irrati-iragarkien eta kartelen bidez hiri-mugikortasunak daukan garrantziaz sentsibilizatzeko ahalegina egingo da. EAEko sei urteko edo hortik gorako egoiliarrek egiten dituzten bost minututik gorako sei milioi desplazamenduetatik, erdiek baino gehiagok jatorria eta helmuga udalerriaren barruan bertan daukate, eta desplazamendu horien ia % 40 automobilez egiten da.

2011n, EAEko udalerri ezberdinetako udaltzaingoek biktimadun 3.028 trafiko-istripu erregistratu zituzten. Horietan, 8 pertsona hil ziren, 297 pertsonak zauri larriak izan zituzten, eta 3.462 pertsonak zauri arinak.

Hildako 8 pertsonetatik, 6 oinezkoak ziren, eta, zauri larriak jasan zituzten 297 pertsonetatik, 93 oinezkoak ziren. Horrez gain, 658 oinezkok zauri arinak jasan zituzten. Hau da, hiriguneetako trafiko-istripuetan hil edo zauritutako hamar pertsonatik bi oinezkoak dira.

Aurreko urtearekin alderatuta, hildakoen kopurua ia erdira jaitsi zen, baina larri zauritutako pertsonen kopuruak % 23 egin zuen gora. Hildako oinezkoen kopurua mantendu egin zen, eta larri zauritutako oinezkoen kopuruak apur bat gora egin zuen.

Beheranzko bilakaera

Hiriko istripu-tasari buruzko 2011ko datuak 2005eko datuekin alderatzen badira, adibidez, hau ondoriozta daiteke: EAEko kaleetan biktimadun istripu-kopurua % 11 jaitsi da; hildakoen kopurua % 65 jaitsi da; zauritu larrien kopurua % 22; hildako oinezkoen kopurua % 40; eta larri zauritutako oinezkoen kopurua % 39.

Hirietan sarrien gertatzen diren hiru istripu-motak honako hauek dira: aurretiko eta alboko talkak % 26, atzetiko talkak % 18, eta harrapatzeak % 18.  Hiriko trafiko-istripu gehien-gehienetan behin eta berriz azaltzen diren bi faktoreak arreta-galtzea (% 44) eta zirkulazio-arauak haustea (% 32) dira.

Inplikatutako pertsonen adinari dagokionez, EAEko kaleetan istripua izan duten gidari gehienek 25 eta 44 urte bitartean dituzte; bestalde, EAEko kaleetan harrapatutako pertsona gehienek 65 urte edo gehiago dituzte.

Oro har, hiriko istripu-tasak beheranzko bilakaera izan du, eta joera hori hiriarteko istripu-tasak izan duen bilakaeraren nahiko antzekoa da

 

 

2 iruzkin
  • @profesysegvial
    2012.eko ekainak 01

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno vasco lanza una campaña concienciación dirigida a los usuarios del ámbito #urbano #seguridavial http://t.co/V8ljGYhf

  • @anavinalsblanco
    2012.eko maiatzak 23

    Comentario de Twitter:
    La Direccion de Trafico inicia una campana de concienciacion dirigida a los usuarios del ambito urbano http://t.co/TBRjiuTy

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan