
Itxasok eraikuntza-sektorearen modernizazioan eta produktibitatean “azeleragailua zapaltzeko” deia egin du, etxebizitzen eraikuntza sustatzeko
- Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak berriro azpimarratu du eraikuntzaren industrializazioa “ezinbesteko eta beharrezko aurrerapausoa” dela funtsezko sektore bat modernizatzeko
- Iparragirre Eraikuntzaren Industrializazio Zentroaren inaugurazio eta bisitan esan du hori; 2025-2027 Etxebizitzaren Gida Plana hedatzearen eta eraikuntzaren esparruan berrikuntza bultzatzearen mugarrietako bat da instalazio berri hori
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok gaur Idiazabalen nabarmendu duenez, eraikuntzaren industrializazioa “ezinbesteko aurrerapauso bat da, funtsezko sektore bat, eraikuntza, modernizatzeko beharrezko baldintza”.
Iparragirre Eraikuntzaren Industrializazio Zentroaren inaugurazio eta bisitan esan du hori; 2025-2027 Etxebizitzaren Gida Plana hedatzearen eta eraikuntzaren esparruan berrikuntza bultzatzearen mugarrietako bat da instalazio berri hori.
Ekitaldian, Itxasok gogorarazi du egungo egoerak egoitza-produkzioaren erritmoa bizkortzea eskatzen duela eskariari erantzuteko. “Urtean 15.000 etxebizitza eraikitzetik 2024an 5.000 eraikitzera igaro gara”, adierazi du, eta ohartarazi du Euskadik 96.000 etxe berri beharko dituela datozen hamar urteetan, INEren arabera, eta horrek “egungo erritmoa bikoiztera” behartzen duela, urtean 10.000 etxebizitzara iritsi arte. Adierazi duenez, industrializazioa pieza estrategikoa da behar horri produktibitatearen, jasangarritasunaren eta kalitatearen parametroetatik erantzuteko.
Sailburuak nabarmendu du industrializazioa Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politikaren funtsezko ardatza dela, 2025-2027 Gida Plan berrian jasotakoa, bost ardatzetan (prestakuntzan, berrikuntzan, ziurtapenean, produkzioan eta lankidetzan) eta bi ildo transbertsaletan (digitalizazioan eta jasangarritasunean) oinarritua. Aurrerapen zehatzen artean, honako hauek aipatu ditu: sektorean berrikuntza bultzatzeko enpresak, zentro teknologikoak, prestakuntza eta baliabideak bilduko dituen industrializazioko hub bat sortzea, berrikuntzarako Eraikal Programaren aurrekontua bikoiztea —milioi bat euro—, 2026an etxebizitza babestu industrializatuaren ziurtagiria abian jartzea eta Eraikuntzaren Behatokia sortzea.
Ildo beretik, azpimarratu du badirela eraldaketa horren potentziala frogatzen duten aplikazio praktikoak, hala nola zurean oinarritutako Kabian proiektuak, Indushouse-ren bainugela industrializatuak edo Visesaren sustapenetan ezarritako fatxada industrializatuak Sopelan, Eibarren, Zarautzen, Ortuellan eta Laudion. “Proiektu horiek erakusten dute berrikuntzatik produkziora transferitzea posible dela, eta hori errealitate bihurtzen dela Eraikali esker, Visesaren Industrializazio Planari esker —baldintza-agirietan modulazioa, estandarizazioa eta industrializazioa baloratzen ditu— eta sektorearen espiritu berritzaile eta ekintzaileari esker —Industrializazio Zentro hau bezalako ekimenetan islatzen da espiritu hori—”.
Sailburuak Iparragirre zentro berria jarri du euskal enpresa-sareak trantsizio horri egiten dion ekarpenaren adibide gisa. “Kontua ez da soilik instalazio industrial bat eraikitzea, baizik eta ezagutzarako, esperimentaziorako eta garapen teknologikorako espazio bat sortzea, lankidetza eta sareko lana sustatuko dituena”, nabarmendu du. Goierrin ibilbide luzea duen enpresa sustatzaileak uztartu egiten ditu sektoreak bere erronkei aurre egiteko behar dituen tradizioa eta berrikuntza —gaineratu du—.
Amaitzeko, Itxasok erantzukizun kolektiboa eskatu du Euskadin etxebizitzarentzat erabakigarria den une honetan. “Azeleragailua zapaltzeko unea da, garai berrien eta gizartearen eskarien mailan kokatzeko”, azpimarratu du, eta nabarmendu du Idiazabalgo Industrializazio Zentroa bezalako ekimenek indartu egiten dutela gure herrialdeak eredu efizienteago, jasangarriago eta egungo beharrekin lerrokatuago baterantz aurrera egiteko duen ahalmena.









