
“Gure konpromisoa inbertsio publiko bakoitzaren inpaktua maximizatzea da”, adierazi du D’Anjou sailburuak enpresen foro batean
“Inbertsio eraldatzaileak eskatzen dituen beste ziklo ekonomiko batean sartzen ari gara”. Esparru horretan, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak nabarmendu ditu Eusko Jaurlaritzak norabide horretan aurrera egiteko aurkeztutako hiru palankak (Euskadi Eraldatuz 2030, Industria Plana eta Berrikuntza Itsasargiak). Konpromiso argia dute: “inbertsio publiko bakoitzaren inpaktua maximizatzea”.
BBK Fundazioak eta Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuak bultzatutako Ezkutuko Enpresa Txapeldunen Foroaren amaieran, d’Anjou sailburuak aditzera eman du Euskadi “une erabakigarrian” dagoela eta lankidetza publiko-pribatuaren kultura funtsezko lehia-abantaila dela: “planteatzen zaizkigun erronkei aurre egiteko behar diren zumeak ditugu, baita lurralde guztiek ez duten zerbait ere: arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanerako kultura”.
D’Anjou sailburuak azaldu duenez, abian diren eraldaketek —trantsizio energetikoa eta ingurumenekoa, iraultza teknologikoa eta digitala, aldaketa demografikoak eta autonomia estrategikoa indartzeko beharra— “erabaki ausartak” eskatzen dituzte eta baliabideen mobilizazioa egokia. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak premisa argiarekin bultzatzen ditu tresna berri horiek: arlo publikotik inbertitutako euro bakoitzak ahalik eta inpakturik handiena izan behar du arlo ekonomikoan, arlo sozialean eta ongizate kolektiboan.
Ogasun eta Finantzetako sailburuak berriki jakinarazitako neurriak berrikusi ditu:
- Euskal Finantza Aliantza: helburu publiko eta pribatuak bat etortzeko, finantza-tresnak optimizatzeko eta eragin estrategikoa duten proiektu eraldatzaileen finantzaketa errazteko plataforma.
- Euskadi Eraldatuz 2030, Inbertsio Eraldatzaileen Plana: enpresa-ehunaren eraldaketa —berrikuntza, hazkundea eta errotzea—bizkortzera bideratutako jarduketa-esparrua, 2030eko Industria Planarekin eta Berrikuntza Itsasargiekin bat.
- Aurreikusitako potentzia finantzarioa: 1.000 milioi euroko hasierako inbertsio publikoa, gutxienez 3.000 milioiko kapital gehigarria eta aurrezki pribatua aktibatzeko helburuarekin, guztira 4.000 milioi euro inguruko potentzia finantzario bateratua lortze aldera.
- Finantzen Euskal Institutua: Finantzen Euskal Institutua berritua, lurraldean benetako balioa sortzeko inbertsio eraldatzaileak finantzatzeaz gain, inbertsio horiek “biderkatu, lagundu eta dinamizatuko” dituena.
Sailburuak aditzera eman du ekimen horien helburua ez dela ekimen pribatua ordezkatzea, baizik eta hura osatzea eta indartzea, interes komunaren aldeko ekintza irmoa behar duten proiektu estrategikoen katalizatzaile diren heinean. “Ez gara finantzaketa hutsez hitz egiten ari. Herri ikuspegia eskaintzeaz ari gara. Errotzean, berrikuntzan, jasangarritasunean eta hazkunde orekatuan oinarritzen den epe luzeko bide-orriaz ari gara”, adierazi du.
“Eusko Jaurlaritzak ausardiaz jokatu behar du, etorkizun sendo eta jasangarria bermatuko badu”. Horretarako, sinetsita egon behar du “Europako berrindustrializazio garbiago, adimentsuago eta erresilienteago baten buru izateko” beharrezkoa den potentzia finantzario eta estrategikoa mobilizatuko duela.
Finantzen Euskal Institutuko zuzendari Amaia del Villar arduratu da “Euskadi Eraldatuz 2030” ekimenaren ildo nagusiei heltzeaz, erakunde, enpresa eta berrikuntza-ekosistemako ordezkariak bildu dituen foro batean. Foro horretan, halaber, “ezkutuko txapeldunak” deituriko enpresen kasu arrakastatsuak aurkeztu dira: oso enpresa espezializatuak, lurraldean errotuta daudenak, nitxo globaletan lehiatzen direnak eta Euskadirentzat lehiakortasun-eragile direnak.


