Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak Estatu osoko Ospitale-kudeaketa Onenaren saria jaso du

2025-11-19

OSASUN-BIKAINTASUNAREN BEST IN CLASS SARIAK 2025

  • Osasun-bikaintasunaren sarietan, Bilbo-Basurtuko ESIko Psikiatria Zerbitzuak ere Eskizofrenia unitate onenaren saria jaso du
  • 2025eko Best in Class sarien edizio honetan, 500 hautagai inguru aurkeztu dira, Estatu osoko 80 ospitaletik eta hainbat osasun-erakundeetako zerbitzu eta unitate kliniko ugarietatik eratorriak

Osakidetzak bi sari jaso ditu osasun-bikaintasunaren Best in Class (BIC) 2025 edizioko sari ospetsuetan. Estatuko Autonomia-erkidegoen ospitale-kudeaketa onenaren saria eta Eskizofrenia unitate onenaren sariak banatu ziren Madrilen antolatutako ekitaldi batean. Bi sari horiei esker, Osakidetza erreferente sanitarioa da arloan, eta Euskadiko eremu publikotik egindako lana aitortu da, hain zuzen ere, BIC sariek Estatuko osasun-sistemetan punta-puntakoenak diren zerbitzuei eta unitateei aitortza egiten baitiete.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak jaso duten Ospitale-kudeaketa onena sariak autonomia-erkidegoetako osasun-sistemek garatutako plan estrategiko onenak aitortzen ditu, eta sektore osoarentzat inspirazio-iturri izango diren ekimenei ikusgarritasuna ematen die.Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendari eta zuzendariorde Koldo Berganzo eta Marga Logroño izan ziren ekitaldian, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren izenean saria jasotzeko.

Osakidetzak BIC sarien XX. edizioan lortutako bigarren aitortza Bilbo-Basurtuko ESIko Psikiatria Zerbitzuak jaso zuen, Eskizofrenia unitate onena sariaren bidez.

Urtero 300 paziente inguru sartzen dira eskizofrenia unitate horretan, eta, aipatutako sariari esker, espezialitate horretako erreferente bihurtu da estatuan. Izan ere, halako saria asistentzia-estandarrak goratzen dituzten eta pazientearen esperientzia eraldatzen duten proiektuei baino ez zaie ematen. Miguel Ángel González ESIko Psikiatriako Zerbitzuko buruak eta Larraitz Zubieta Ospitalizazioko gainbegiraleak jaso zuten osasun-bikaintasunaren sari hori, Jesús Larrañaga zuzendari-gerentearekin batera.

BIC sari hori, Psikiatria Zerbitzuak zehazki kategoria horretan jasotzen duen bigarrena, Eskizofrenia Unitateari eman zaio, unitateak duen tratamenduaren ikuspegi integrala dela medio. Tradizionalki, alderdi biologikoetan eta farmakologikoetan soilik jartzen zen arreta. Basurtuk, alabaina, urteak daramatza esku-hartze psikosozial aurreratuak ere integratzen, pazienteei arreta osoa eskaintzeko. Horri guztiari diziplina anitzeko talde baten lana gehitu behar zaio, non erizainek, psikologo klinikoek eta psikiatrek modu koordinatuan lan egiten duten arreta globaleko eredu bat eratzeko.

Nabarmentzekoa da, halaber, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa ere finalista geratu dela Eskizofrenia unitate onenaren kategorian. Edizio honetan finalista izan dira baita ere Barrualde-Galdakaoko ESIa, Konplexutasun handiko ospitale onenaren kategorian; Arrigorriagako eta Etxebarriko Osasun Zentroak, Lehen Mailako Arretako osasun zentro onenaren kategorian; eta Barrualde-Galdakaoko ESIko Aiarako LMAUa, Erakunde integratuko Lehen Mailako Arretako unitate onenaren kategorian.

2025eko Best in Class sarien edizio honetan, 500 hautagai inguru aurkeztu dira, Estatu osoko 80 ospitaletik eta hainbat osasun-erakundeetako zerbitzu eta unitate kliniko ugarietatik eratorriak. BIC sarien deialdia urtero egiten da, Gaceta Médica argitalpenaren eta Juan Carlos Erregea Unibertsitateko (URJC) Berrikuntza eta Kudeaketa Sanitarioko Katedraren ekimenez. Sarien irabazleak erreferente bihurtzen dira osasun-arloko profesional eta erakunde berritzaileentzat, kalitate asistentzialean bikaintasuna lortzeari dagokionez.

Berrikuntza saria Donostialdeko ESIari

Bestalde, Donostialdeko ESIak estatu-mailako aitortza jaso du, Quality Innovation Award (QIA) 2025 saria eman diotelako terapia aurreratuetan egindako kudeaketagatik, hots, honi esker: "Terapia aurreratuak (TA): berrikuntza eraldatzailea tratamendu pertsonalizatu eta eraginkorrak lortze aldera". Donostialdeko ESIko Terapia Aurreratuen Programa erreferentziazko unitate bihurtu da CAR-T terapia zelularrei eta transplante hematopoietikoei dagokienez. JACIEren ziurtagiria duen unitate horrek modu eraginkorrean integratzen ditu hematologoak, farmazialariak, erizain espezializatuak, produkzioko eta kalitate-kontroleko teknikariak, eta Biogipuzkoako ikertzaileak, eta hori guztia jarduera asistentziala, garapen teknologikoa eta ikerketa traslazionala konbinatzen dituen ingurune misto batean egiten du. Sariaren epaimahaiak berebiziko balioa eman die transplante hematopoietikoa eta CAR-T terapiak egitura berean integratzeari eta jarduera asistentziala jarduera ikertzailearekin integratzeari, eskala-ekonomikoak sortu baitira horrela.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2025-11-19

    Comentario de X:
    👉🏼 En los premios a la excelencia sanitaria, también ha sido galardonado el Servicio de Psiquiatría de la OSI Bilbao-Basurto como Mejor Unidad de Esquizofrenia

    https://t.co/Jp9QC3DhBL

  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2025-11-19

    Comentario de X:
    OSASUN-BIKAINTASUNAREN BEST IN CLASS SARIAK 2025

    🏆 Osakidetzak Estatu osoko Ospitale-kudeaketa Onenaren saria jaso du

    👉🏼 Osasun-bikaintasunaren sarietan, Bilbo-Basurtuko ESIko Psikiatria Zerbitzuak ere Eskizofrenia unitate onenaren saria jaso du

    https://t.co/9MU6P4ZBN1 https://t.co/w7AfcW1297

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak