
Tabakaleran hasi da “europarrok gure hirian geratzeko dugun eskubidea” aldarrikatzen duen House Action Eusko Jaurlaritzaren nazioarteko kongresuaren lehen edizioa
- Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Etxebizitzako estatu-idazkariak eman diote hasiera jardunaldiari, eta azpimarratu dute herritarrek sentitzen duten arazo nagusia gobernu guztien lehentasun nagusia ere badela
- Matthew Baldwin Europako Batzordeko Task Force programaren arduradun nagusiak aurreratu duenez, EBk “eremu tentsionatuak izendatzearen eta europarrok gure hirian geratzeko dugun eskubidearen alde egiten du”
- Denis Itxasok nabarmendu duenez, “legegintzaldiaren hasieratik agindu eta erakutsi dugun borroka-jarrera lehen fruituak ematen hasiko da 2026an, arlo hauetako legeria berriari esker: lurzorua eta hirigintza, baliabide handiagoak, prezioen kontrola, erreforma fiskala, lurzoruaren erreserba estrategikoa, obra-bolumen handiagoa eta alokairurako pizgarri berriak
Gaur goizean hasi da Tabakaleran Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatutako House Action Nazioarteko Kongresuaren lehen edizioa. 9:00etatik 18:30era, erakundeetako ordezkariak, nazioarteko adituak eta sektoreko eragileak bilduko dira, etxebizitzen eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekaren aurrean politika publikoei buruz gogoeta egiteko. Denis Itxaso sailburuarekin batera, David Lucas Etxebizitzako eta Hiri Agendako estatu-idazkariak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Matthew Baldwin Europako Batzordeko Etxebizitzako zuzendari eta Energiako buruak eta Jaume Collboni Bartzelonako alkateak parte hartu dute inaugurazio-saioan.
Bere hitzaldia hasteko, Itxasok honako hau gogorarazi du: “askotan etxebizitzaren eztabaida esku-hartzearen eta erregulazioaren alde egiten dutenen eta arazoa soilik eskaintzaren eta eskariaren merkatuaren arauek beren kabuz oreka justua aurki dezaten utziz konpontzen dela uste dutenen artean”. Dikotomia horren aurrean, sailburuak esan du Eusko Jaurlaritza “esku-hartze hutsetik askoz haratago doan borroka-jarreran” dagoela. Etxebizitza premia biziko ondasuntzat eta kohesio eta lehiakortasun ekonomikoko faktoretzat hartzen dugu; hortaz, eskura ditugun tresna guztiak ikuspegi transbertsalaz erabili behar dira”.
Haren arabera, “House Action da, funtsean, borroka-jarrera hori garatzeko darabilgun filosofia, eta erreformetan, baliabideetan eta akordioetan oinarritzen da. Era berean, uste dugu kultura eta pentsamoldeak aldatu behar direla, etxebizitza aktibo finantzariotzat hartzen duen ikuspegitik hura guztion onuragatik babestu beharreko behar-beharrezko ondasuntzat hartuko duen ikuspegira igaro ahal izateko”, gaineratu du.
Sailburuak zabal errepasatu du “legegintzaldia hasi zenetik daramagun urte eta erdian” abiarazitako politika berrien katalogoa, eta hau iragarri du: “Euskadik plan bat du. Etxebizitza eskuratzeko plan integral bat da —azaldu du—, 2026an lehen fruituak ematen hasiko dena, lurzoruaren eta hirigintzaren legeria berriarekin, finantza-baliabideen hazkundearekin, prezioen kontrolarekin, alokairua sustatzeko programa berriekin, hala nola Alokaplus izenekoarekin (programa berriari buruzko nobedadeak erantsitako beste ohar batean deskribatuko dira), zerga-erreforma berriarekin, lurzoruaren erreserba estrategikoarekin eta etxebizitza babestuaren obra-bolumenaren igoera nabarmenarekin.
Etxebizitza eskuragarriaren Europako plana
Bestalde, Matthew Baldwinek, irismen komunitarioko etxebizitza eskuragarrirako plan handi bat egiteko Task Force-ren arduradunak, aurreratu duenez, plan hori urtearen amaiera alderako prest egongo da, eta “helburu izango du estatu kideei, eskualdeei eta hiriei etxebizitza eskuragarriagoen, jasangarriagoen eta kalitate onekoen horniduran laguntzea”. Hori lortzeko, hiru esparrutan neurriak proposatuko ditu. Lehen neurria da eskaintza handitzea eta bizkortzea, bai etxebizitza eskuragarriak eta sozialak eraikitzeko, bai haiek berritzeko. “Etxebizitza soziala ere ez dugu ahaztu behar”, aitortu du; “horren proportzioa ere jaitsi egin da, EBn batez bestekoa % 7ra iritsi arte, eta, jakina, ehuneko hori txikiagoa da Espainian”.
Bigarrenik, Baldwinek azaldu duenez, “etxebizitzen higiezin-merkatuan inbertsioak eta erreformak sustatzeko neurriak aztertzen ari gara. Europa osorako inbertsio-plataforma bat sortzeko lanean ari gara, kapital pribatu erabakigarri hori erakarriko duen etxebizitza-proiektuen finantzaketa errazteko”.
Azkenik, Europako Batzordeko Etxebizitzako zuzendari eta Energiako buruak iragarri du Planak pertsona kalteberenei etxebizitza eskuratzen laguntzeko neurriak barne hartuko dituela. “Agintari eskudunei lagunduko diegu krisi hau gehien jasaten dutenen etxebizitza-beharrei heltzeko neurri zehatzak hartuta: etxerik gabeko pertsonak (milioi bat baino gehiago EB osoan), 400.000 haur, gazteak eta ikasleak, adineko pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak... Lan asko dugu egiteko, baina gauza bat seguru da. Batzordea erabat prest dago estatu kideekin, eskualdeekin eta Donostia bezalako hiriekin lankidetzan aritzeko, krisi honi elkarrekin aurre egitearren”, adierazi du.
Gogoratu behar da Euskadik eta Kataluniak duela gutxi eskatu ziotela Europako Batzordeari funts iraunkorrak aktiba zitzala gizarte-kohesioaren eta lurralde-egituraketaren irizpideekin, eskualdeei etxebizitza babestuen parke berria eraikitzeko behar izango diren baliabideen kopuru erraldoiari aurre egiten laguntzeko. “Baietz esaten diegu eremu tentsionatuei, eta baietz esaten diogu hirietan geratzeko eskubideari”, esanez amaitu du. Baldwinek baieztapen hori egin du presio turistikoak etxebizitza-parkean sartzen duen arriskuari buruzko azterketa baten testuinguruan.
Lankidetza, arazoa konpontzeko gakoa
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendoza, “herri politika ausarten” alde hitz egin du eta azpimarratu du etxebizitzaren alorrean “ezinbestekoa” dela “etenik gabeko ahalegina, denboran jarraipena izango duena”. “Erakunde maila bakoitzak beretik jarriz, ekarpena eginez eta neurriak konpasatuz. Ekimen koordinatuak, anbizioa daukatenak, anitzak eta sakonak martxan jarriz. Horretan ari gara buru-belarri euskal erakundeak, elkarlanean, Eusko Jaurlaritzaren bultzada sendoarekin”, azpimarratu du. Aldundiaren ikuspegitik, aurten indarrean sartu den zerga erreformak etxebizitzaren errenta eta erosketari begira indartuko dituen onurak nabarmendu ditu eta, era berean, herri txikietan eta landa ingurunean etxebizitza sustatzeko “zailtasun demografiko, ekonomiko eta burokratikoei” erreparatuz, eremu horietan eragiteko “konpromiso irmoa” berretsi du.
Bestalde, Etxebizitza eta Hiri Agendako estatu-idazkari David Lucasek defendatu du bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuak alokairuaren prezioen igoera geldiarazteko tresna eraginkor gisa deklaratzea. Lucasek nabarmendu egin ditu Ministeriotik bultzatzen ari diren ekintzei, arrazoizko prezioetako alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzeko eta prezioei eusteko.
Estatu-idazkariak nabarmendu duenez, “kontua ez da errentak kontrolatzea bakarrik”, eremu tentsionatu bat deklaratzeak eskatzen baitu “administrazio guztiek planak aurkeztu behar dituztela eskaintza handitzeko eta etxebizitzarako sarbidea baldintza eskuragarrietan hobetzeko”. Lucasek berretsi du Espainiako Gobernuak konpromiso irmoa duela plan horiek bultzatzeko eta garatzeko.
Erantzun publikoaren ahalmena areagotzea
Itxasok nabarmendu du, halaber, berak zuzentzen duen sailak inoizko aurrekonturik handiena izango duela 2026an, eta horri esker 3.669 etxebizitza eta zuzkidura-bizitoki izango dituela obran, 596 milioi euroko inbertsio metatuari esker. Aurrekaririk gabeko apustu bat da —esan du— parke babestua indartzeko eta erantzun publikoko ahalmena areagotzeko. “Baliabide horiek etxebizitza-politikaren eskala-aldaketaren oinarri materiala dira”, gaineratu du.
Ildo beretik, zehaztu du Euskadi neurri berritzaileak bultzatzen ari dela tipologia berriak eta kudeaketa-mekanismo berriak konbinatzeko, jarduketen gizarte- eta lurralde-inpaktua handitzeko helburuarekin. Abian dauden ekimenen artean, hauek nabarmendu ditu: zuzkidura-bizitokiak eraikitzea eraikin publikoen gaineko jasoduren bidez (horrek ahalbidetuko du lurzoru berririk okupatu gabe 2.000 unitate berri sortzea), eta belaunaldien arteko bizikidetza-proiektuak garatzea (etxe-ereduen bilakaerara gehiago egokitzen baitira).
Horri gehitu behar zaio “gaur egun merkatutik kanpo dauden 5.000 etxebizitza ere berreskuratzea, bitartekaritza- eta birgaitze-programei esker, eta merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtzea, bereziki hiri-eremu finkatuetan”. Hiri-eraldaketa estrategikoaren adibide gisa, Itxasok trenbide-zabaltzaren proiektua nabarmendu du. Proiektu hori “etxebizitza egiteko beste modu bat” gisa definitu du, hiria josteko eta etxebizitza eskuragarrirako lurzorua sortzeko duen ahalmenagatik, hiri-hedapenik behar izan gabe.
Prezioak moderatzeko eta bizitegi-erabilera babesteko erregulazioa
Bestalde, eraikuntza bultzatzeko neurriekin batera, Itxasok azpimarratu du etxebizitza-politikak koherentzia arauemailea izan behar duela. Esparru horretan, iragarri du eremu tentsionatuetan alokairurako mugak aplikatuko direla, etxe kalteberetarako laguntza espezifikoekin batera, eta ez-ordaintze eta kalteetarako aseguru publiko eta doakoa jarriko dela abian, beren errentak moderatzen dituzten jabeentzat pentsatua. Orobat, “bizitegi-presio handiko eremuetan erabilera turistikoko etxebizitza berriak egiteko debekua” berretsi du: tentsio handiko udalerri eta auzoetan biztanleak kanporatzeko prozesuak saihesteko neurri bat.
Era berean, azpimarratu du bizitegi-larrialdiari erantzuteko erabaki ausartak hartu behar direla, hala nola pizgarriak eta zigorrak aktibatzea hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko. Sistema horri esker, Euskadi da gaur egun Estatuan etxebizitza hutsen ehuneko txikiena duen autonomia-erkidegoa. Aldi berean, Donostiako Auditz Akularreko —Euskadiko eremu urbanizagarri handieneko— Altza Hobea hirigintza-proposamenak ahalbidetuko du etxebizitza babestuetarako eta ekipamendu publikoetarako lurzoru gehigarria izatea. Horrela, etxebizitza eskuragarriarekiko lurralde-konpromisoa indartuko da.
Berehalako eragina duen erronka globala
Hitzaldiaren hasieratik, Itxasok gai hauetan jarri du fokua: arazoaren giza dimentsioa, arazoa areagotzen duten eredu demografikoak eta etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzeko Sailak bultzatutako erreforma sorta. Eta berriro esan du etxebizitzaren arazoa ezin dela soilik zenbakietan eta estatistiketan neurtu, baizik eta, era berean, enplegua izanda ere etxebizitza duina lortzeko zailtasunak dituzten milaka pertsonen errealitatean.
Sailburuak egoera hori ondo islatzen duten adibide batzuk aipatu ditu: “hainbat pertsonarekin etxebizitza partekatzera behartuta dauden ikertzaile gazteak, urteak bila ibili ondoren hipotekarik lortu ezin duten eta diru-sarrera egonkorrak dituzten bikoteak edo alokairu osoa beren gain hartu ezin dutelako familia-etxebizitzara itzuli behar duten guraso bakarreko familiak”.
Itxasok eskainitako analisiak aldaketa demografiko sakonek eragindako joera globalaren barruan kokatu du Euskadiko bizitoki-larrialdia. Pertsona bakarreko etxeen gorakadak, bizitza luzeagoak, migrazio-fluxu iraunkorrek eta etxebizitzen tamainaren eta benetako premien arteko desorekak azaltzen dute arazoaren zati bat, baina baita merkatuak bizi duen tentsio estruktural gero eta handiagoak ere. “Ez da fenomeno abstraktua eskaintza eskas baten aurrean dagoen eskari neurrigabea: milaka pertsonaren eguneroko esperientzia da, eta kohesio sozialerako erronka nagusia”, adierazi du.
Amaitzeko, sailburuak erabakitasun- eta itxaropen-mezu bat helarazi du: “Etxebizitzaren arazoak konponbidea du epe luzerako ikuspegiarekin, baliabide egokiekin eta pertsonengan sakonki oinarritutako ikuspegiarekin jardunez gero”. Ildo beretik, ‘House Action’ espazio erabakigarritzat jo du ereduak kontrastatzeko, beste esperientzia batzuetatik ikasteko eta aliantzak indartzeko, etxebizitza bidezkoagoa eta unibertsalagoa izateko bidean aurrera egitea ahalbidetuko duten aliantzak.











