
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak "Zientzia Oro" estreinatu du, jakin-mina pizteko podcasta
-
Podcasta zientzia publiko guztiei hurbiltzeko eta, gainera, hezkuntza-baliabide gisa erabiltzeko pentsatuta dago.
-
15 egunetik behin atal berri bat argitaratuko da gai monografiko desberdin batekin.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak "Zientzia Oro" estreinatu du, zientzia herritarrengana hurbiltzeko podcasta, ikuspegi irisgarri, zorrotz eta erakargarri batetik. Proiektu hau Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak aurkeztu du gaur, eta jakin-min zientifikoa eta pentsamendu kritikoa sustatzea du helburu, inguratzen gaituen mundua ulertzeko funtsezkoak diren gaurkotasuneko gaiak eta kontzeptuak jorratzen dituzten edukien bidez.
Atal bakoitza gai monografiko batean zentratuko da — adimen artifizialetik hasi eta kirolaren edo elikaduraren zientziaraino —, modu argian eta dibulgatiboan azalduta. Eider Olazar Elduaienek eta Guillermo Roa Zubiak gidatuko dute eta bertan adituek ere parte hartuko dute. Podcast hau zientzia publiko guztiei hurbiltzeko eta hezkuntza-baliabide gisa erabiltzeko diseinatuta dago.
Zientzia Oro podcastaren plazaratzea Sailaren estrategiaren parte da, hain zuzen ere ezagutza gizartean zabaltzeko eta herritar informatuagoak, kritikoagoak eta parte-hartzaileagoak lortzeko. Proposamen horren bidez, jakin-mina piztu nahi da, ezagutzarekiko interesa areagotu, alfabetatze zientifikoa hobetu eta erabakiak informatuta hartzea bultzatu, gizarte justuagoa eta demokratikoagoa izateko.
Lehen atalak, adimen artifizialari dedikatua, makina batek "nola ikusten gaituen" galdetzera gonbidatzen ditu entzuleak, eta sistema sortzaileek giza datuetatik abiatuta testuak, irudiak, audioak edo kodea nola sortzen dituzten aztertzen du. Programak, gainera, funtsezko gaiak jorratzen ditu, hala nola adimenaren jatorria eta adimenaren egungo erabilerak eta ahots sintetikoekin esperimentatzen du. Halaber, teknologia hori testuinguru desberdinetan duen presentzia aztertzen du eta galdera berriak egitera animatzen du entzulea.
15 egunean behin argitaratuko da Zientzia Oro podcastaren atal berri bat, eta eskuragarri egongo da Spotify eta iVoox audio plataformetan, baita Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren Youtube kanalean ere. Halaber, "Zientzia Oro" podcastera sartu ahal izango da Zientziaklik kultura zientifikoko agendaren bidez.




