
Eusko Jaurlaritza oposizioarekin negoziatzen hasi da aurrekontuaren gaineko akordioa zabaltzen saiatzeko, proposamen errealistetan oinarrituta
Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak oposizioko taldeekin, Voxekin izan ezik, negoziatzeko bilera-txanda hasi du. Bilera-txanda horren bidez, urriaren 28an Gobernu Kontseiluak onartu zuen eta Eusko Legebiltzarrean, sailburuek batzordean egindako agerraldiaren bidez, aurkeztu zen proiektuaren inguruko akordioak lortzeko aukera aztertu nahi da.
EH Bildurekin, PPrekin eta Sumarrekin egindako bilera horien hasieran, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak baloratu du Eusko Jaurlaritzak bilera horiei nola aurre egingo dien, eta nabarmendu duenez, “entzute eta elkarrizketa fase batean sartuko gara orain, akordiorako espazioak identifikatzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzak borondate eraikitzailearekin eta eskua luzatuta joango da bilera horietara, baina baita proposamenak serioak, errealistak eta arduratsuak izateko eskakizunarekin ere; hartara, edozein gehikuntzak finantza-oreka bermatzeko beharrezkoak diren doikuntzekin batera etorri beharko du”.
D’Anjou sailburuak adierazi du, “akordiorako benetako borondatea badago”, aurrera egin ahal izango dela “aurrekontu horien edukia aberastuko duten eta euskal gizarte osoaren mesederako izango diren adostasunak lortzeko. Hori dela eta, negoziazioak zintzoa, argia eta egiazkoa izan behar du. Ezin dugu prozesua modu infinituan luzatu. Eraginkorrak izan behar dugu, eta ez gara negoziazioak luzatzea besterik bilatzen ez duten dinamiketan sartuko”.
Hala ere, zehaztu du akordioa lortzeko aukerarik ikusten ez bada, elkarrizketa amaitutzat emango dela, eta zuzenketen eperako geratuko dela, “une giltzarria” den heinean.
“Gure asmoa da EAJk eta PSEk osatzen dugun gehiengoa handitzea, sinetsita baikaude babes handiagoak indartu egiten duela proiektu komuna. Edonola ere, uste dugu aurrekontu hauek sendoak eta positiboak direla herrialdearentzat, eta, akordiorako borondate politikorik ezean, aurrera jarraituko dugu Euskadiko gizartearen aurrerabideari eta ongizateari egiten dioten ekarpena kontuan izanik”, adierazi du Noël d’Anjou sailburuak elkarrizketa-txanda horri hasiera eman aurretik.
-
2025-11-17
Comentario de X:
Iniciamos las reuniones con los grupos, excepto Vox, para la negociación de #Presupuesto2026. Acudimos con voluntad constructiva y la mano tendida, pero también con la exigencia de que las propuestas sean serias, realistas y responsables: https://t.co/LugpAOEDwQ
#EuskadiBerria https://t.co/S56vJhvy0T




