Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

2020an baino energia gutxiago kontsumituko du 2008an Euskadik eta 5.000 milioi aurreztuko ditu energia-fakturan

2012.eko maiatzak 23

Bernabe Unda sailburuak Legebiltzarrean gaur aurkeztu duen 2020rako Euskadiko Energia Estrategiak CO2ko emisioak % 18 murriztea planteatzen du eta 4.000-5.000 milioi aurreztea energia-fakturan.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak agerraldia egin du gaur, berak eskatuta, Eusko Legebiltzarrean 2020rako Euskadiko Energia Estrategia (3E2020) azaltzeko, abenduaren 13an Jaurlaritzaren Kontseiluak onarturiko dokumentua azaltzeko.

Sailburuak, Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendiarekin, Energia eta Meategien zuzendari Jorge Letamendiarekin eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi José Ignacio Hormaecherekin batera, planaren lerro nagusiak azaldu ditu, zenbait lehentasun ezarrita 2020. urterako ikuspegian.

Estrategia hiru ardatz nagusitan oinarritzen da: energia-aurrezpenarekiko apustu irmoa, energia berriztagarriak sustatzea, eta energiari lotutako euskal industria-sektorea indartzea.

Helburu zehatzen bidez gauzatzen dira ardatz horiek. Horietako lehena aurrezpena eta energia-eraginkortasuna bultzatzearekin lotuta dago. Ildo horretan, Jaurlaritzak landuriko Estrategiak 2020. urtean guztira 2008an baino energia gutxiago kontsumitzea eta 2007an baino energia elektriko gutxiago kontsumitzea du helburu. Horretarako, hazkunde ekonomikoa aldi horretan % +28 izango dela aurreikusi da.

Energia-aurrezpen horren ondorioz, Euskadiko herritarrek 4.000-5.000 milioi euro gutxiago jorratuko dituzte energian planak izango duen hamar urteko iraunaldian. Bestalde, energia-intentsitatea, hau da, produzituriko aberastasunarekiko kontsumituriko energia, % 22 murriztuko da.

Energia berriztagarriei eman beharreko bultzadarekin dago lotuta Estrategiaren bigarren helburua. % 14tik % 17ra bitarteko proportziora igaroko da Euskadi energia garbien erabilerari dagokion egungo % 8tik abiatuta. Tarte hori energia eolikoak nahiz beste energia berriztagarri batzuek datozen hamar urteetan izango duten teknologia-garapenaren arabera baldintzatuta dago. Dena den, % 87 egingo du gora energia berriztagarrien aprobetxamenduak eta jauzi kualitatibo garrantzitsua izango da egungo egoerarekin alderatuta.

Horrek eskatzen duen ahaleginaren erreferentzia gisa, datu bakar bat kontuan hartzea nahikoa da, hots, energia berriztagarrien aprobetxamendua % 1 soilik gehitzeko, panel fotovolaikoen 600 MW inguru instalatu behar direla edo 300 MW inguru aerosorgailuetan.

3E2020 estrategiaren hirugarren lerroa gas naturala trantsizio-energia gisa indartzean datza, energia berriztagarrien nagusitasuna lortzeko bidean. Izan ere, gaur egun energia-mixaren barruan hartzen duen % 42a % 50eraino haztea planifikatu da 2020rako ikuspegian.

Laugarren puntu gisa, Estrategiaren helburua petrolioaren presentzia murrizteko bidean jarraitzea da, eta horrek esan nahi du petrolioaren azken kontsumoa % 9 murriztu nahi dela 2020an, 2010ekoarekin alderatuz, eta horrenbestez, garraio-sektorearekiko lotura murriztea bultzatuko litzatekeela (37.100 ibilgailu elektriko) eta errepideko garraioan energia alternatiboak % 15 izatera iritsiko liratekeela. Are gehiago, epe luzeagoko helburu gisa, 2050ean energia-erabileretarako 'zero petroliora' iristea planteatzen da.

Planean jasotako bosgarren helburua atmosferara CO2 gutxiago emiti dadin lortzean datza. Horri dagokionez, Jaurlaritzak urtean CO2ko emisioetan 2,5 milioi tona murriztearen aldeko apustua egiten du, hots, 2005ean erregistraturikoak baino % 18 gutxiago; nazioartean, 2005a hartzen da erreferentziatzat alor horretan.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak energiarekin loturiko euskal enpresen garapen teknologiko eta industriala sustatzea hartu du helburu, % 25 gehiago faktura dezaten, eta honenbestez, hurrengo hamar urteetan 10.710 milioi euroko inbertsioak mobiliza daitezen.

Horretaz gain, teknologia- eta industria-garapenaren lehentasunezko zortzi arlo sustatu nahi dira energia-esparruan, eta energia-sektoreko enpresen fakturazioa % 25 igotzea.

Apustu hori zehazteko, jardun-arlo berezi eta berri bat eratuko da 3E2020 energia-estrategiaren barnean, hain zuzen ere Teknologia eta Industria Garapenerako arloa (EnergiBasque ere esaten zaio).

Energia-sektorean 24.000 pertsona ari dira lanean, 356 enpresatan. Euskadin, sektorearen fakturazioa 15.469 milioi euro da, eta I+Gan 188 milioi euroko inbertsioa egin da, soilik EAEn. Ikerketaren arloari dagokionez, energia-sektoreko enpresetan 1.905 langile ari dira.

Ildo beretik, CIC energiGUNE ikerketa kooperatiboko zentroa ere badu sektoreak; zentro horretan, energian espezializatutako I+Gko 10 zentro korporatibo biltzen dira, multinazionalen 5 lehiakortasun-zentro, goi-mailako kalitateko hainbat unibertsitate eta bi euskal aliantza teknologiko handiak, hau da, IK4 eta Tecnalia, gai horretara bideratutako unitateekin.

EnergiBasquek energia-sektoreko teknologia-agente eta enpresen sare horri laguntza eskaini nahi dio, batetik, euskal ekonomiaren iraunkortasuna susta dezan, eta, bestetik, datozen hamarkadetan, Euskadirentzat aberastasunaren, enpleguaren eta bizi-kalitatearen iturburu bihur dadin. Horretarako, lehentasunezko zenbait teknologia-arlo zehaztu dira, eta elektrizitatea izango da horien guztien ardatza, funtsezko energia-bektorea den heinean.

2020rako Euskadiko Energia Estrategia (3E2020) hurrengo hamarkadan euskal energia-politika markatuko duen dokumentua dugu. Dokumentua sei hilabetez landu da, eta bertan hainbat eremutako 200 agentek baino gehiagok hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzako hainbat sail, toki-administrazioa, Energiaren Klusterreko enpresak, energia-operadoreak, kontsumitzaile-elkarteak, finantza-erakundeak, agente ekonomiko eta sozialak, talde ekologistak, ikerketa-zentroak eta unibertsitateak.

Energia Estrategiaren abiapuntua aurreko estrategiari buruz egindako azterketa da. Azken estrategia hori 2010ean amaitu zen eta proposatutako helburuen betetze-maila ertaina/handia izan zen.


Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 23a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)