Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Euskadi, Ipar Irlanda eta Eskozia batu egin dira Europan osasun-arloan erreferentziazko eskualde gisa aitor ditzaten lortzeko

2012.eko maiatzak 21

EBk osasun-arloko transformazio praktikoko eredutzat jarri ditu eskualde horiek, kronikotasunari ematen dioten arretarengatik eta zahartze aktiboaren arloko berrikuntzarengatik.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Saileko arduradunak Edwing Poots Ipar Irlandako Osasun ministroa buru duten ordezkaritza batekin eta George Crooks Eskoziako Osasun Sistema Nazionalaren zuzendari medikoa buru duten beste batekin elkartu dira gaur goizean Bilbon. Hiru erakundeak hartu-emanetan jartzeko lehenengo topaketa izan da gaurkoa. Asmoa beren osasun-sistemak aldatzeko egiten ari diren ekimenak analizatzea eta lankidetza-proiekturik egin dezaketen aztertzea izan da.

Euskadi, Ipar Irlanda eta Eskozia eredutzat hartzen dira Europar Batasunean herritarren osasun-beharrei erantzuna ematen, demografiak eta gaixo kronikoek zer garrantzi  hartu duten kontuan hartuta. Horrenbestez, hiru eskualdeak proposatu dira ofizialki kronikotasunaren arloan, zahartze aktiboaren berrikuntzan eta osasun-sistema benetan eraldatzen erreferente gisa aitortzeko.

Prozesu horri, seguruenera, Danimarka hegoaldeko eskualdea batuko zaio. Bide horretan, Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburuak nabarmendu nahi izan du eskualdeen arteko aliantzak giltzarri direla Europako eta munduko osasun-ereduak transformatzen benetan eragiteko, sistema horiek iraunkorragoak bihur daitezen.

Bi Irlandako ordezkariek, bai Eskoziakoek nabarmendu dute haien osasun-errealitatea eta Euskadikoa antzekoak direla, eta, beraz, erronka berdintsuei egin beharko diela aurre etorkizunean. Guztiak bat datoz esatean paziente kronikoari laguntzea, sistema eraginkor bihurtzea eta osasun- eta gizarte-zainketak bermatzea direla beharrezko oinarri geroz eta zaharragoa izan, eta, beraz, arreta gehiago behar duen biztanleriaren beharrei aurre egiteko.

Horretarako, bat datoz arrazoizko gestioaren aldeko apustua egin behar dela esatean,  teknologia berrien aldekoa, pazienteei segimendua egiten laguntzeko, eta pazienteei beren burua zaintzen autonomia gehiago eman behar zaiela uste dute. Sektore arteko lankidetza ere beharrezkoa dela adierazi dute, zehazki, osasun- eta industria-sektoreen artekoa, etorkizuneko osasun-erronkei berrikuntzan oinarritutako konponbideak bilatzeko. 

Lehenengo hartu-eman honen ondoren, hiru erakundeek konpromisoa hartu dute harremanetan jarraitzeko, elkarren artean egin ditzaketen lankidetza-proiektuak taxutzeko. Hala ere, atea zabalik utzi dute beste eskualde batzuk ere batzeko, hala nola Danimarka hegoaldea. Izan ere, bertako Osasun ministroa Rafael Bengoarekin elkartuko da datorren ekainean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)