Berriak Lehendakaritza
qrcode

BIC Bizkaia Ezkerraldearen Ilgner inkubagailuak ospatzen du berrikuntza eta ekintzailetza 25 urtez sustatu duela Ezkerraldean

2025-11-14
  • Mende laurden honetan, zentroak 521 enpresa berritzaileri lagundu die. Horietatik 218 inkubatu dira bere instalazioetan, eta 74 milioi baino gehiago fakturatzea eta 800 enplegu baino gehiago sortzea lortu dute elkarrekin.
  • Inkubagailua startup eta ETE berritzaileei laguntzeko zentro gisa finkatu da, eskualdeko ekosistema ekintzailea indartzeko helburuarekin. Horrela, talentua, teknologia eta negozio-aukerak sektore estrategikoetan konektatzen ditu.

Imanol Pradales Lehendakaria, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin batera, BIC Bizkaia Ezkerraldearen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian izan da gaur goizean Barakaldoko Ilgner eraikinean.

Inkubagailua Eusko Jaurlaritzak sustatu du, SPRI - Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bitartez, eta mende laurdeneko ibilbidea ospatu du. Horrela, enpresa-proiektu berritzaileak sortzeko eta bizkortzeko erreferente gisa finkatu egin da. BIC Bizkaia Ezkerraldea balio erantsi handiko sektoreetan espezializatuta dago, hala nola manufaktura aurreratuan eta teknologia garbietan, eta enpresa- eta teknologia-dinamismoaren eragile bihurtu da Ezkerraldean.

Ekitaldian, Imanol Pradales Lehendakariak BIC Bizkaia Ezkerraldea zoriondu du bere ibilbideagatik, eta Eusko Jaurlaritzak arriskatu eta aukera berriak sortu dituzten pertsona guztiei emandako babesa azpimarratu du, "lehen mailako laguntza ekosistema bat baitugu, zuekin batera joango dena". "Elkarlanean jarraitu behar dugu, genero arrakala zuzendu behar dugulako, adibidez. Eta, batez ere, ekintzaileak ezinbestekoak zaretelako Euskadi kohesionatu, aurreratu, erakargarri eta lehiakor bat eraikitzen jarraitzeko", nabarmendu du.

Bestalde, Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak azpimarratu duenez, "BIC Bizkaia Ezkerraldea lurralde batek berrikuntzatik eta ekintzailetzatik abiatuta bere burua berrasma eta bere etorkizuna eraiki dezakeela egiaztatzen duen adibidea da. Hogeita bost urte geroago apustu iraunkor honek emaitza erreal, neurgarri eta eraldatzaileak eman ditu". Ildo beretik gaineratu du azeleratzailea "Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren baterako apustuaren emaitza dela eta lankidetza honi esker kalitatezko enplegua sortzen duten, talentua erakartzen duten eta lurralde berritzaile gisa dugun posizioa indartzen duten ekimenak bultzatu ahal izan direla".

Biek adierazi dute ekintzailetza berritzailea oso tresna garrantzitsua dela garapen ekonomikoa eta lurralde-kohesioa bultzatzeko.

BIC Bizkaia Ezkerraldearen inkubagailua 2000. urtean sortu zen, Ezkerraldea industria-berrikuntza polo gisa bultzatzeko, eta teknologikoki aurreratuak diren industriak eta balio erantsi handiko zerbitzuak Bizkaian eta Euskadin sustatzen dituen lurralde baten aldeko apustua sendotzeko helburuarekin.

Zentroak, 25 urteko ibilbidean, 521 enpresari lagundu die, eta horietatik 218 bere instalazioetan inkubatu dira. Zentroaren esparruan sortu eta garatutako startup horiek % 38ko biziraupen-indizea dute, eta, guztien artean, 74 milioi euro baino gehiago fakturatu dute azken ekitaldi ekonomikoan. 800 enplegu baino gehiago sortzen lagundu ere egin dute eta emakumeen presentzia % 38koa da. Gainera, % 30 inguruk produktuak edo zerbitzuak kanpora esportatzen ditu, eta, horrek beren jardueraren nazioarteko proiekzioa eta zentroak bultzatzen duen ekosistema ekintzailearen benetako inpaktua islatzen du.

Ospakizunean, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak moderatutako mahai-inguru bat egin da. Bertan, Bizintek Innova, Luse Ingeniería, Yuït The Fair Food Company eta Bikaine enpresetako ordezkariek hartu dute parte, eta berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enpresa-hazkundearen arloan duten esperientzia partekatu dute.

BIC Bizkaia Ezkerraldea Enpresen Garapenerako Zentroa da, eta Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri eskualdeetan enpresak sortzen, dibertsifikatzen eta finkatzen laguntzea du helburu, aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzeko. Zentroak proiektu berrientzako aholkularitza, finantzaketa eta laguntzak eskaintzen ditu, baita ekintzaileentzako eta ETEentzako zerbitzu espezializatuak ere.

Gaur egun BIC Bizkaia Ezkerraldea izenez ezagutzen dugun proiektua 1997an Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda - Ezkerraldeko Enpresen Garapenerako Zentro (CEDEMI) gisa sortu zen, eta, handik aurrera, funtsezkoa izan da Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri eskualdeak ekonomikoki eraldatzeko. Haren mugarri nagusia 2000. urtean iritsi zen, Ilgner Enpresen Inkubagailua eraikin enblematiko batean inauguratu zenean, bere balio arkitektoniko-industriala eta lurraldearekiko eragina berreskuratu zuen eraikina.

Ilgner Enpresen Inkubagailua, birgaitutako industria-eraikin enblematiko batean – Bizkaiko Labe Garaien egoitza zaharra – kokatua, Euskadiren industria-bihotza izan zen hainbat hamarkadatan zehar. Gaur egun erabat birgaituta dago, eta 47 enpresa-modulu eta 2.500 metro karratuko azalera du, baita erabilera komuneko espazioak ere, hala nola ekitaldi-aretoa, prestakuntza-gelak, bilera-gelak eta ekintzailetza-guneak. Gaur egun, 30 enpresa berritzailek egiten dute lan instalazio horietan, eta Bizkaiko ekosistema ekintzailea indartzen laguntzen dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Ekitaldiko kargudunak