qrcode

Mikel Torresek elkarrizketa sozialerako deia egin du beste behin, langileen soldatak hobetzeko

2025-11-14
  • “Ateak zabalik daude oraindik guztiontzat, eta elkarrizketaren aldeko konpromisoa irmoa da. Batu nahi dutenekin lanean jarraituko dugu, entzunez eta elkarlanaren bidez bakarrik lortu ahal izango ditugulako euskal gizarte osoari mesede egingo dioten akordioak”, nabarmendu du Lehendakariordeak

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak deitoratu egin du gaur ELA eta LAB sindikatuek hartutako erabakia, ez baitute parte hartuko haren sailak bultzatutako bilera sortan, diagnostikoak partekatzeko eta herrialdeko lan eta ekonomia arloko erronka eta kezka nagusiei heltzeko helburuarekin.

“Sentitzen dugu ELAk eta LABek aspalditik deituta geneukan bilera egin nahi ez izana. Bilera horretan, kezkatzen gaituzten eta kalitatezko enpleguaren sorrerarekin zerikusia duten hainbat gai jorratu nahi genituen. Euskal lan merkatuak hainbat erronkari egin behar die aurre, eta, horretarako, eragile sozialen eta horiek gobernuarekin duten elkarrizketa eta akordioa ezinbestekoak dira”, adierazi du Lehendakariordeak.  

Bilera jardunaldi horietan, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eskua luzatu die sindikatu eta enpresa erakunde guztiei, elkarrizketa irekia eta eraikitzailea izateko, hitzarmen espazioak sendotzeko eta enpleguaren, lan harremanen eta garapen ekonomikoaren arloko proposamenen trukea errazteko.

Hala ere, ELAk eta LABek mahaian esertzeari uko egitea “akatsa eta etsipena” da, Torresen hitzetan, eta “betoez hitz egiten dutenek, beste behin ere, horixe bera praktikatzen dute”, kritikatu du. Horregatik, eskatu die sindikatu horiei eta CONFEBASKi “negoziazio mahaietara itzultzeko”, “Euskadiko lan baldintzak eta garapen ekonomikoa hobetzen elkarrekin aurrera egiteko”.

Mikel Torresek azpimarratu duenez, “elkarrizketa eta lankidetza funtsezkoak dira partekatzen ditugun erronkei aurre egiteko, bai langileen ikuspegitik, bai patronalaren ikuspuntutik. Orain, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da alde guztiek elkarri entzutea eta laguntzea, euskal herritarrei axola zaizkien eta kezkatzen dituzten arazoei irtenbideak aurkitzeko”.

“Ateak zabalik daude oraindik guztiontzat; izan ere, gizarte eragile guztien elkarrizketa, partaidetza eta konpromisoarekin bakarrik eraiki ahal izango dugu lan etorkizun eta etorkizun ekonomiko bidezkoagoa eta sendoagoa”. “Elkarrizketarekin dugun konpromisoa irmoa da. Batu nahi dutenekin lanean jarraituko dugu, entzunez eta lankidetzan bakarrik jarraitu ahal izango dugulako aukera eta kohesio gehiago izango dituen herrialde bat eraikitzen”, amaitu du.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak haren kontaktu agendarekin jarraituko du, eta gizarte eragile guztiekin hitz egiteko prest dago, sinetsita baitago ahaleginak batzea dela Euskadiren ongizatea eta aurrerapena bermatzeko biderik onena.

Iruzkin bat
  • Argazkia Xaver
    2025-11-17

    batez ere enpresaburu txikientzat nomina ordaintzea kostatzen dena baino irudi handiagoa ematea, eta horrek errendimendu txikia izateak lehiakortasunari eragiten dio.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko