
D 'Anjouren esanetan, "gure betebeharra aurrekontuen babesa zabaltzea da, Euskadiren mesedetan"
Noël d 'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak gaur goizean Radio Popular-Herri Irratian egindako elkarrizketan aurrekontuen negoziazioaren hasierari buruz hitz egin du. Hiru aldeko negoziazioa, oposizioko taldeekin, Vox izan ezik.
"Egunotan entzun ditugun adierazpenek akordio posibleetan pentsatzeko gonbitik egiten ez duten arren, guk elkarrizketa eraikitzailea ezartzeko jarrera irekiarekin egiten ditugu bilera horiek", aurreratu du d 'Anjouk. Aurrera ateratzeko Eusko Jaurlaritzak gehiengo nahikoa duen arren, d 'Anjouk azpimarratu du "benetakoak eta eraikitzaileak diren ekarpenak egiteko prest" dagoela.
Aurrekontuak ontzi komunikatzaileak diren heinean, Ogasun eta Finantza sailburuak gogorarazi du "zehaztutako partida bati gehitzen diozuna beste partida bati kendu behar zaiola, baliabideak mugatuak direlako".
Bere ustez, Aurrekontu Proiektuak "Euskadik une honetan dituen benetako beharrei erantzuten die eta etorkizuneko erronketarako prestatzen du", eta nabarmentzekoa da Hezkuntza eta Osasuna daudela kontu publiko horien buruan, guztizkoaren % 53rekin, edo Etxebizitzari 500 milioi eurotik gorako lehen aurrekontua emateko ahalegina.
Galderei erantzunez, D 'Anjouk Talgo eragiketari buruz ere hitz egin du, eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustu irmoaren adibide gisa jarri du. "Herrialde gisa ibilbide luzea dugu arlo honetan, Euskadirentzat lortutako lorpen askoren oinarrian dagoena".



