
Ubarretxenak ERAGITEN: ADMINISTRAZIO BERRIA jardunaldian adimen artifiziala aldarrikatu du zerbitzu publikoak hobetzeko aliatu gisa
- “Administrazio moderno bat ez da neurtzen dauzkan tresna digitalen kopuruaren arabera, baizik eta bere zerbitzuak behar dituzten pertsonen, enpresen eta erakundeen bizitzak errazteko duen ahalmenaren arabera”, defendatu du sailburuak
- Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak antolatutako "Eragiten" jardunaldiak administrazio eta sektore desberdinetako ordezkariak bildu ditu, esperientziak partekatzeko eta administrazioa modernizatzearen erronkei buruz hausnartzeko
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren sailburu Maria Ubarretxenak “Eragiten: Administrazio Berria – Una Nueva Administración” jardunaldia inauguratu du gaur. Topaketa sailak bultzatu du, esperientziak partekatzeko, elkarrekin ikasteko eta Euskal Administrazio Publikoaren eraldaketan aurrera egiteko.
Bere hitzaldian, Ubarretxenak nabarmendu duenez, “Administrazioaren eraldaketa ez da iragartzen: egunez egun eraikitzen da”, eta adierazi du jardunaldiaren izena, Eragiten, “ez dela kasualitatea, baizik eta jarrera bat definitzen duela: aldaketak eragiten dituzten pertsonena eta aldaketen zain ez dauden pertsonena”.
Sailburuak azpimarratu duenez, “Administrazio moderno bat ez da neurtzen dauzkan tresna digitalen kopuruaren arabera, baizik eta bere zerbitzuak behar dituzten pertsonen, enpresen eta erakundeen bizitzak errazteko duen ahalmenaren arabera”.
Euskadiko sektore publikoko adimen artifizialaren gobernu-estrategia
Ubarretxena sailburuak nabarmendu duen beste puntu bat adimen artifizialak zerbitzu publikoak hobetzeko aliatu gisa duen zeregina izan da: “Euskal sektore publikoaren adimen artifizialaren gobernu-estrategia duela gutxi onartu dena teknologia honen erabilera etiko, garden eta arduratsua bermatzen du”.
Ubarretxenak azpimarratu duenez, “teknologiak ez du agintzen pertsonengan, pertsonek zuzendu behar dute”, eta etengabeko prestakuntzari eta ikaskuntzari balioa eman die administrazioa modernizatzeko zutabe gisa. Ildo horretan, langile publikoei zuzendutako adimen artifizialeko prestakuntza-plana nabarmendu du, mila langilek baino gehiagok eman baitute izena.
Aduriz eta Marcet inspirazio-hitzaldiak
Era berean, ekitaldian inspirazio-hitzaldi bi izan dira, sektore publikoaren etorkizunari begirada sortzailea eta humanista eman diotenak. Andoni Luis Adurizek, Michelin bi izar eta gastronomia-sormenaren nazioarteko erreferente denak, hitzaldi bat eman du sormenari, berrikuntzari eta pentsatzeko ausardia desberdinari buruz. Bestalde, Xavier Marcet aholkulari eta aditua da erakunde-estrategian eta -eraldaketan, eta hausnarketa sakona egin du erakunde publikoak epe laburrean benetako aldaketaren benetako motor bihurtzeko moduari buruz eta administrazioaren ikuspegi humanistak adimen artifizialaren aroan duen garrantziari buruz.
Jardunaldian, halaber, hainbat euskal administraziok parte hartu dute, eta eraldaketa-esperientziak partekatu dituzte hainbat eremutan, hala nola prozesuen hobekuntzan, herritarren arretan, aldaketaren lidergoan edo GovTech ekosistemarekiko lankidetzan.
-
2025-11-14
Comentario de X:
Ubarretxena reivindica en la jornada ERAGITEN: UNA NUEVA ADMINISTRACIÓN la inteligencia artificial como aliada para mejorar los servicios públicos. -
2025-11-14
Comentario de X:
Ubarretxenak ERAGITEN: ADMINISTRAZIO BERRIA jardunaldian adimen artifiziala aldarrikatu du zerbitzu publikoak hobetzeko aliatu gisa.


















