Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak pazienteei prestakuntza ematen die diabetesa behar bezala kudeatzeko, Euskadiko biztanleen % 7,5ri eragiten baitie gaixotasun horrek

2025-11-14

- AZAROAREN 14A, DIABETESAREN NAZIOARTEKO EGUNA-

  • Urtero 9.000 kasu berri detektatzen dira, batez ere 2 motakoak, gero eta pertsona gazteagoen artean
  • Osasun Sailak eta Osakidetzak prebentzioa bultzatzen dute; horretarako, ohitura osasungarriak sustatzen dituzte, baita diabetesa eragin dezaketen ohiturak lagatzea ere, hala nola tabakoaren kontsumoa, ariketa fisikorik eza eta gainpisua
  • Osakidetzak, Paziente Bizia tailerren bitartez, 3.900 paziente baino gehiago trebatu ditu oinarrizko zainketei, kudeaketa emozionalari nahiz sintomen maneiuari buruz

Azaroaren 14a (ostirala) Diabetesaren Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, Osasun Sailak eta Osakidetzak euskal herritarren osasunarekin duten konpromisoa berretsi nahi dute; bada, gogorarazten dute 172.000 pertsona inguruk dutela diabetesa Euskadin eta behar bezala kudeatzen ez bada osasun-arazo larriak eragin ditzakeela. Ildo horretan, nabarmendu dute gaixotasun horrekin bizi direnek beren bizi-kalitatea hobetzeko funtsezkoa dela odoleko azukre-maila kontrolatzea eta bizi-ohitura osasungarriak izatea.

Diabetes mellitusa gaixotasun kroniko bat da, odoleko glukosa-maila (gluzemia) normala baino handiagoa izatea du bereizgarri, eta, horren ondorioz, hainbat konplikazio ager daitezke, hainbat organotan kalteak eragiteaz gain pertsonen bizi-kalitatea murrizten dutenak. Intzidentzia-datuen arabera, gutxi gorabehera biztanleriaren % 7,5ak du diabetesa, eta urtero 9.000 kasu inguru diagnostikatzen dira Euskadin.

2 motako diabetesa da ohikoena (kasuen % 90), eta tabakoaren kontsumoarekin, jarduera fisikorik ezarekin eta gehiegizko pisuarekin lotuta dago. Gainera, arrisku-faktore batzuk daude, hala nola diabetes aurrekariak izatea familian eta haurdunaldiko diabetesa jasan izatea. 45 urtetik gorako pertsonek garatu ohi dute, baina gero eta ohikoagoa da goizago agertzea. Aspaldi, gaixotasun hau batez ere zahartzearekin lotuta zegoen, baina obesitatearen epidemia gero eta handiagoa denez, II motako diabetesa gazteengan agertzen hasi da, baita haurtzaroan ere.

Bizi-kalitate hobea

Osakidetzak diabetesa duten pertsonek ahalik eta bizi-kalitate onena izatera bideratzen dituen baliabideen artean, Paziente Bizia-Paciente Activo tailerrak azpimarra daitezke. 2010ean jarri ziren martxan, eta geroztik 3.900 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Etxaniz suhiltzailearen (Bilbo), Ondarretako (Donostia) eta Zuazoko (Barakaldo) osasun-zentroetan eskaintzen dira, eta Arabara zabaltzea aurreikusten da. Hauek, 2 motako diabetesa duten pertsonei eta haien zaintzaile nagusiei zuzenduta daude.

2,5 orduko talde-saioak egiten dira, astean behin, 7 astez. Saio horietan diabetesari buruzko oinarrizko ezagutzak jorratzen dira, bizi-ohitura osasungarriak lantzen dira (elikadura, ariketa, atsedena, etab.), baita emozioen kudeaketa, sintomen maneiua eta osasuna hobeto kontrolatzeko trebetasunak ere, hala nola ekintza-planak ezartzea, arazoak konpontzea, komunikazio-teknikak, estresa kudeatzeko teknikak eta erabaki partekatuak hartzea.

Berritasun gisa, Osakidetzak eguneratu egin du diabetesa zaintzeko eskuliburua, eta saioetako parte-hartzaileei banatzen zaie, saioetan ikasitako guztia indartzeko. Bertan, Paziente Bizia-Paciente Activo tailerretan landutako edukiak kontsulta ditzakete.

Zainketen eta prebentzioaren garrantzia

Diabetesaren Nazioarteko Egunean, Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute garrantzitsua dela odoleko azukre-mailak etengabe kontrolatzea, konplikazioak saihesteko. Gainera, diabetesaren aurkako borrokan funtsezkotzat jotzen da ohitura osasungarrien bidezko prebentzioa. Beharrezkoa da ondo zaintzea norbere elikadura, pisua, jarduera fisikoa, higienea eta tratamendu farmakologikoa eta aldaketak, baita arazo-egoeretan ondo erantzutea ere (hipogluzemiak, hipergluzemiak, gaixotasun interkurrenteak...).

Era berean, diabetesaren gaineko hezkuntza funtsezkoa da gaixotasunaren eguneroko kontrolaz arduratzeko eta gaixotasunaren autokontrola eguneroko bizitzan txertatzeko. Horretarako, gure osasun-langileengana jo dezakegu, eta, gainera, informazioa eskuragarri dugu herritarrentzako informazio- eta prestakuntza-atarian, Osasun Eskolan.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2025-11-14

    Comentario de X:
    🗓️AZAROAREN 14A, DIABETESAREN NAZIOARTEKO EGUNA

    🔵 Osakidetzak pazienteei prestakuntza ematen die diabetesa behar bezala kudeatzeko, Euskadiko biztanleen % 7,5ri eragiten baitie gaixotasun horrek

    https://t.co/JzoY0wQiOv https://t.co/ThotDf8m76

  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2025-11-14

    Comentario de X:
    🔵 Osakidetza forma a pacientes para una adecuada gestión de la diabetes, una enfermedad que afecta al 7,5% de la población en #Euskadi

    https://t.co/LPs1wSOnTz https://t.co/qDjur3CH0A

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak