
D’Anjou sailburuak EGABen nabarmendu du 2026ko aurrekontu-proiektuak zorroztasuna eta anbizioa uztartzen dituela, politika publikoak indartzen jarraitzeko
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean 2026ko aurrekontu-proiektua aurkeztean, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak aditzera eman du “proposamen errealista eta koherentea dela, politika publikoak indartzen jarraitzeko zorroztasuna eta anbizioa uztartzen dituena”, eta genero-ikuspegiaren zeharkako ardatza kontuan hartuta egin dela.
Oposizioko taldeekin, Voxekin izan ezik, aurrekontuak negoziatzen hasteko atarian (astelehen honetan hastea aurreikusten da), sailburuak adierazi duenez, esparru horri “ikuspegi zabalarekin heldu behar zaio, taktizismoetatik ihesi, batzen gaituena indartzeko eta, batez ere, akordioak lortzen saiatzeko”.
Agerraldi horretan, Noël D’Anjou sailburuak proiektu horri eusten dioten zenbatekoak ez ezik, proiektu hori egiteko helburu izan diren neurri “zehatzak, onargarriak eta jasangarriak” ere zehaztu ditu. Neurri horiek bideratzen dira “herritarren ongizatea indartzera eta Euskadiren eraldaketa ekonomikoari lotutako finantza-inbertsioetarako baliabideak prestatzera, bereziki sektore teknologikora eta industrialera, baita eraldaketa horrek behar dituen azpiegitura zientifiko eta energetikoetara ere”.
2026ko Aurrekontu Proiektua 16.378 milioi eurokoa da, iazkoa baino % 4,1 handiagoa. Oraingo aurrekontuak, berritasun gisa, Euskal Finantza Aliantzaren bide-orria osatzen duen Inbertsio Eraldatuen Planerako —“Euskadi Eraldatuz 2030”— aurreikusitako 935 milioi euroak barne hartzen ditu.
“Kontu horiek errealismoa eta anbizioa uztartzen dituzte, orainaren eta etorkizunaren ikuspegiarekin, eta gaur egungo pertsonen bizitza hobetzea dute helburu, baina etorkizuneko Euskadin inbertitzea ahaztu gabe”, adierazi du D’Anjou sailburuak, eta kontu publiko horien bizkarrezurra hiru ardatzi erantzuten diela eman du aditzera du:
* Funtsezko zerbitzu publikoak indartzea, Osasuna (5.327 M€) eta Hezkuntza (3.346 M€) sustatuta, guztizkoaren % 53.
* Herritarren benetako arazoetan arreta jartzea, Etxebizitzan (482 M€) eta Segurtasunean (850 M€) izan dira igoerarik handienak (% 6,8 eta % 6,4, hurrenez hurren).
* Euskadiren eraldaketa ekonomikoa, soziala eta energetikoa bultzatzea, herrialdea hurrengo hamarkadarako presta dadin.
Proiektu horretatik, Eusko Jaurlaritzak baliabide propioekin finantzatutako inbertsio publikoa ere nabarmendu du Ogasun eta Finantzetako sailburuak; izan ere, inbertsio hori 1.730 milioi eurokoa da 2026rako, aurreko urtekoa baino % 12,4 handiagoa. Ehuneko horrek aurrekontu arruntaren hazkunde-erritmoa hirukoizten du, eta % 23ko igoera metatzen du 2 urtetan, “horrek agerian uzten du gobernu honek legealdi honetan inbertsio publikoaren alde egindako apustu irmoa”. Kapitulu horren barruan, 1.015 milioi euro jarriko dira inbertsio eraldatzaileetarako, hau da, Euskadiren eraldaketa ekonomiko, sozial eta energetikoa bultzatuko duten inbertsioetarako (baliabide propioekin eta Euskal Finantza Aliantzaren bidez finantzatuko dira).
Bestalde, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidente Javier Muñecasek honako hau adierazi zuen: "Aurrekontuen proiektua Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen irizpenaren xede ez den arren, Kontseiluari horren edukiaren berri eman behar zaio. Zentzu horretan, Ogasun eta Finantzetako sailburuak proiektua Erakundearen Osoko Bilkurari aurkeztea praktika instituzional ona da, informazio hutsetik haratago doalako. Gardentasun ariketa bat da Euskadiko eragile sozial eta ekonomikoekiko, aukera ematen baitie iritziak trukatzeko eta partida bakoitzaren, herritar guztientzat berebiziko garrantzia duen dokumentu batera daramaten erabakien atzean dauden xehetasunak ezagutzeko ".

