qrcode

MEET Basque Country 2025 ekimenak nazioarteko turismo eragile nagusienak ekarriko ditu Euskadira

2025-11-11
  • Topaketa horrek, azaroan, Kanadako, AEBetako eta Latinoamerikako 50 nazioarteko turoperadore baino gehiago bilduko ditu, eta, hauek,  euskal turismo-eskaintza ezagutzeko aukera izateaz gain,  sektorearekin merkaturatze-topaketak izango dituzte

Azaroaren 10etik 14ra bitartean egingo da MEET Basque Country 2025, Euskadiko turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko ekitaldi nagusia. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez antolatzen duen egitasmoaren xede nagusia da turismoaren sektoreko nazioarteko eragileak Euskadin biltzea, gure lurraldeak eskaintzen dituen proposamen turistikoak bertatik bertara ezagutu ditzaten.

"Meet Basque Country-k nazioartean helmuga jasangarri eta kalitatezkoa izateko dugun estrategia indartzen du. Gurea bezalako lurralde bakar batean, non bi ordu eskasetan Kontxako hondartza, Bilboko pintxoak edo Arabako Errioxako mahastiak bezalako esperientzia ezberdinez gozatzeko aukera dagoen, nabarmendu nahi dugu gure gastronomia eredu turistiko baten ardatza dela, sukaldaritza kultur adierazpide, tradizioko bide eta jasangarritasunarekiko konpromiso gisa ulertzen duena ", adierazi du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok.

Bestalde, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek nabarmendu du lurraldeak "lehen mailako turismo-industriaren bikaintasunaren eta inspirazio-iturri den ingurunearen arteko konbinazioa" eskaintzen duela, eta Gipuzkoako turismo-sektorearen "profesionaltasuna" nabarmendu du. Zentzu horretan, industria honetan lan egiten duten pertsonek "urteak daramatzate era guztietako ekitaldiak antolatzen esperientzia erakusten, inprobisatzen ez den zerbaitekin gainera: know how, talentua eta pasioa".

Merkatu estrategikoekin topaketa estrategikoa

2025eko edizioak nazioarteko hiru merkatu estrategikotatik datozen 50 profesional bilduko ditu: Kanada (Toronto); Estatu Batuak (Miami, Los Angeles, New York eta Chicago), eta Latinoamerika (Buenos Aires, São Paulo eta Mexiko).

Parte-hartzaileek Euskadi helmugaren turismo-eskaintza anitza ezagutzeko aukera izango dute famtrip tematikoen bidez. Honako hauek dira bereziki bultzatuko diren arloak: premium turismoa, gastronomia eta ardoak, MICE, Grand Tour ibilbidea eta golfa.

Fam tripen ibilbideek Euskadiko bazter adierazgarrienak bisitatuko dituzte, kultura, gastronomia, natura eta esperientzia esklusiboak uztartuz. Aurreikusitako jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Bisitak: María Cristina Hotela, Akelarre Hotela, Arriluce Jauregia, Baigorri Upategia, Gasteizko Katedral Zaharra, Guggenheim Bilbao Museoa, Chillida Leku museoa, Bizkaiko Zubi Esekia, Loizaga Dorrea,  , besteak beste.
  • Kultura eta ibilbideak: Donostia, Vitoria-Gasteiz, Bilbo, Balmaseda, Salburua, Añanako Gatz Harana eta abar.
  • Esperientzia gastronomikoak: HIKA Txakolindegia, Ondarre Gaztandegia, Nicolás Erretegia (Tolosa), KEA Jatetxea (Gasteiz), Almazen Jatetxea, eta sukaldaritza-tailerrak GastroGunean…
  • Golfari lotutako jarduerak: Donostiako Real Golf Club, Larrabea Golf Club, Izki Golf eta Meaztegi Golf.

Merkaturatzea sustatzeko bi networking-ekitaldi

Besteak beste, MEET Basque Country 2025 ekimenak bi topaketa nagusi antolatuko  ditu euskal sektore turistikoarekin:

  • Welcome Reception: Azaroaren 10ean, astelehena, Donostiako Tabakaleran egingo da ongietorri-ekitaldia. Bertan, Euskadi Basque Country helmuga aurkeztuko zaie gonbidatutako turoperadoreei eta bertaratutako euskal agintariei eta erakundeei.
  • Workshop B2B: Azaroaren 14an, berriz, Bilboko San Mamés estadioan merkaturatze-topaketa antolatuko da. Bertan, harreman komertzialak ezartzeko asmoarekin, turoperadoreek bilera indibidualak izango dituzte euskal turismo sektoreko enpresekin.

Esperientzia eta jarraipena

Aurretik burutu dituen hiru edizioen arrakastaren ondoren, laugarren hau antolatuz, Basquetourrek bere konpromisoa berretsi nahi du euskal turismo sektorearen nazioarteko sustapenarekin. MEET Basque Country ekimena tresna estrategiko gisa finkatu da, Euskadiko turismo-eskaintza zabala —gastronomia, kultura, natura, kostaldea, hiriak, ekitaldiak eta MICE— nazioartean ezagutarazteko eta Euskadi helmuga erreferente bezala kokatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak