
Datorren astean hasiko da oposizioko taldeekin aurrekontuak negoziatzeko egutegia finkatzeko bilera-txanda
Ogasun eta Finantza Sailak datorren astean bilera-txanda hasiko du oposizioko taldeekin, Voxekin izan ezik, Gobernu Kontseiluak urriaren 28an onartutako aurrekontu-proiektuari buruzko negoziazioen egutegia finkatzeko. Hala adierazi du gaur Noël d’Anjou sailburuak Legebiltzarreko kontrol-saioan, eta jarraipena emango dio ekainean ekonomia- eta aurrekontu-jarraibideak aurkeztearekin hasitako lanari.
“Une erabakigarria iritsi da. Guztiok elkarrizketarako prestutasunari eustea gustatuko litzaidake, taktizismoak alde batera utzita eta gure ahaleginak benetan garrantzitsua den horretan zentratuta: herritarren ongizatea eta herri honen garapen ekonomikoa indartzen jarraitzea”, adierazi du d’Anjou sailburuak, eta fase honi “zintzotasun osoz” helduko zaiola berretsi du.
Ogasun eta Finantzetako sailburuak aste honetan sail bakoitzaren aurrekontu-xehetasunak aurkezteko sailburuek egin dituzten agerraldiei buruz hitz egin du. “Arretaz entzun ditugu zuen proposamenak, eta ikusi dugu interes komuneko puntuak daudela etxebizitza, osasuna edo segurtasuna gisako arloetan. Zenbait talderekin helburuak partekatzen ditugu, baina agerikoa da kasu batzuetan ez gatozela bat bide-orrian”. Ildo horretan, talde guztien ikuspegi zabalari eta borondate politikoari hel egin dio, prozesu horri erantzukizunez aurre egin eta “akordioak lortu ahal izateko”, adierazi du.
D’Anjou sailburuak esan du prozesu horretan egindako zenbait adierazpenetan sumatu duela “negoziaziotik aldentzeko nolabaiteko asmoa, negoziazioari ekin aurretik ere. Eta benetan, akats handia iruditzen zait”. Bere iritziz, “hemen ere efektu biderkatzailea bilatu behar dugu guztion artean, aurrekontu honek jasotzen duen babes gehigarri bakoitza euskal herritar guztien mesederako izango baita”, eta aurkeztutako aurrekontuak sendoak, arduratsuak eta eraldatzaileak direla berretsi du, “Euskadik gaur egonkortasuna izan dezan eta biharko oinarriak ezar daitezen pentsatuak”.




