
Bizkaiko Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen lanak 2025 urtea amaitu baino lehen hasiko dira
- Lanen lehen zatia luzeena da eta Ortuellatik igarotzen da; aurten bertan hasiko dira eraikitzen
- Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren esanetan, “Ezkerralderako funtsezkoa den azpiegitura edukitzetik hurbilago gaude gaur; urte luzez itxaron behar izan dugu”
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak gaur Eusko Legebiltzarrean iragarri duenez, Bizkaiko Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen lanak 2025 urtea amaitu baino lehen hasiko dira. “Obra konplexua da, baina inoiz baino gertuago gaude merkantzia-trenak Ezkerraldetik ateratzeko helburutik; izan ere, unitate horiek portutik datoz, eta orain sare bereizia izango dute”, esan du gaurko osoko bilkuran.
García Chuecaren Saila laster hasiko da lehen tarteko lanak egiten, Euskal Trenbide Sarearen bidez, Gobernu zentralaren aginduz. Lehen tarte hori Ortuellako udalerritik igaroko da oso-osorik. Enkarguak barne hartzen ditu bai zazpi tarte desberdinetan zatitzen den lehenengo fasearen proiektua, baita Serantes eta Olabeagako tunelaren arteko obren garapena, eta Arrigorriagaraino iritsiko den bigarren fasearen proiektua.
“Horrek esan nahi du merkantzien trenek ez dutela Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldoren bihotza zeharkatu beharko, eta Iberiar Penintsulako trenbide-zabalerako saretik aldiriko trenak bakarrik ibiliko direla. Jauzi kualitatiboa da hori udalerri horien bizi-kalitateari dagokionez; izan ere, segurtasun handiagoa izango dute, eta, aldi berean, azpiegitura berriak lehiakortasun ekonomikoaren gehigarria emango digu portua abiadura handiko sarearekin lotzeagatik”, gaineratu du García Chuecak.
Lehen fasearen exekuzioa
Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen lehen fasea zazpi zatitan banatuko da, eta dagoeneko eginda dagoen Serantesko tunela Bilboko Olabeaga auzoko trenbide-sarearekin lotuko du. Horren bidez, Bilboko Porturako beste sarbide bat egongo da eskuragarri zirkulazio mistorako, eta, hala, merkantziak ez dira Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko hiriguneetatik igaroko. Lehenengo esku-hartzea, lehenengo faseko lehenengo tartea, proiektuko luzeena da (3,2 kilometro), eta 100,6 milioi euroko aurrekontua du.
Lanen lehen tartea Ortuellako udalerrian baino ez da egingo; joan den udaberrian adjudikatu zitzaion Comsa, Azvi, Iza eta Campezo eraikuntza-enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari, eta 38 hilabeteko egikaritze-epea du. Izapide administratibo guztiak eginda, lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dira.
Ortuellako zatia 385 metroko tunel faltsu batekin hasiko da, eta Seranteseko tunelari jarraipena emango dio. Puntu horretatik aurrera, 736 metroko zabalera mistoko (iberikoa eta estandarra) trenbide bikoitzeko tunela egingo da. Tunel horretatik, bide bikoitza bide bakarreko bi adarretan banatzen duen leize batera igaroko da.
Lizitazio horren xede den proiektuak aurreikusten du hemendik aurrera bide bakarreko tunel bat egitea; 1.440 metro luzekoa izango da eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen (Serantes – Olabeaga) prestazio handiko enborrarekin lotzeko leizean amaituko da. Bidaiariak eta merkantziak zirkulatzeko diseinatu da, zabalera mistoan eta trenbide bikoitzean.
Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen lehenengo zatiaren azken zati horrek 620 metroko luzera du, eta meatze-tunel gisa egingo da oso-osorik. Lizitatutako lanek barne hartzen dute, baita ere, larrialdietarako bi irteera eta oinezkoentzako galeria bat eraikitzea, beharrezkoak diren beste instalazio batzuez gain.
Euskal Trenbide Sareak dagoeneko esleitu du lanaren lehenengo zatiko lanen zuzendaritzari laguntzeko zerbitzua. Fulcrum ingeniaritza-enpresari esleitu zaio, eta 2,6 milioi euroko aurrekontua du. 42 hilabeteko epea du lanak egunero kontrolatzeko, obra osoan zehar.
484,7 milioiko inbertsioa Kupo bidez
Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Adifek 2017an sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota daude Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen proiektuak eta eraikuntza. Agindu horrek bi fasetan banatzen ditu lanak: Eusko Jaurlaritzari eskatu zitzaion eraikuntza-proiektuak idazteko eta lehen faseko plataforma-lanak egiteko, eta Eusko Jaurlaritzari agindu zitzaion bigarren faseko informazio-azterketa idazteko. Akordio berean jasotzen denez, lanen kostua (484,7 milioi euro lehen fasean bakarrik) Eusko Jaurlaritzak aurreratuko du, eta Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuari ordaindu beharreko kupoaren minorazio bidez konpentsatuko da.
Lotura berri horrek zuzenean lotuko ditu Bilboko Portua eta Europa, Atlantikoko korridorea parte den Europaz Haraindiko Sarearen bidez, zabalera estandarreko (nazioartekoa) lotura bat sortuko baitu, Frantziako mugan “tren-aldaketa” saihesteko.





