Gripearen aurkako txertaketa kanpaina 2025
Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak 417.744 pertsonari jarri dio gripearen aurkako txertoa, iaz baino % 11 gehiago, baina azpimarratzen du immunizazioak handitzen jarraitu behar duela kutsatze gehien iristen denerako

2025-11-04
  • Osasun-zentroetako aurretiko zita herritar guztientzat eskaintzen da jada, eta ostirala arte, hilak 7, Errefortzuko Txertaketa Zentroa ere martxan egongo da Bilbon (La Casilla), hitzordurik gabe, Bizkaian baita intzidentzia handiena
  • Lore Bilbao zuzendari nagusiak azpimarratu du garrantzitsua dela lehenbailehen txertatzea, eta gizartearen ahalegin kolektiboa eskertu du, baita Osakidetzako profesionalena ere, horien artean txertaketa-estaldura % 35 igo baita aurreko urtearekin alderatuta

Gripearen aurkako txertaketa-kanpainak martxa onean jarraitzen du, eta horren froga da kanpaina hasi zenetik gaur arte 417.744 pertsona immunizatu direla; hau da, % 15 pertsona gehiago, 2024ko aldi berean txertatutako kopuruarekin alderatuta. Gainera, beste 30.000 pertsonari ere zita eman zaie dosia hartzeko. Osakidetzak, berriz ere, herritar guztiei eskatzen die arnas-gaixotasun horretatik babes daitezen, epidemiaren gailurra aurreratu baitaiteke aurten.

Aldez aurreko zitarekin, osasun-zentro guztietan eta herritar guztietan

Horregatik, gonbidapena herritar guztiei luzatu zaie, ez soilik xede-populazioari (horiei kanpainako lehen asteetan lehentasuna eman baitzitzaien). Hala nahi duen pertsona orok –bai Araban, bai Bizkaian, bai eta Gipuzkoan ere– zita har dezake gripearen aurkako txertoa hartzeko, bai eta COVIDaren aurkakoa ere, baldin eta 75 urte baino gehiago baditu edo gaixotasun kronikoren bat badu. Aurretiko zita Osakidetzaren web-orriaren bidez eska daiteke, edo erreferentziazko osasun-zentrora deituta.

Hitzordurik gabe, ostirala 7 arte, Bilboko La Casillan

Halaber, ostirala, azaroaren 7a, 20:00ak arte, zabalik egongo da Bilbon La Casillako Errefortzuko Txertaketa Zentroa, eta 14 urtetik gorako pertsonak bertara joan daitezke txertatxera, aldez aurretik hitzordua eskatu beharrik izan gabe. Orain arte 12.438 pertsonari jarri diete txertoa leku horretan.

Bizkaian, hain zuzen ere, gainerakoetan baino intzidentzia handiagoa antzematen ari da: 160 kasu 100.000 biztanleko; Gipuzkoan, ordea, 58 kasu antzeman dira; eta Araban, 23.

Horregatik, Osakidetzak beste dei bat egiten die herritar guztiei. Lore Bilbao zuzendari nagusiak gogorarazi du orain arte EAEko biztanleen % 18k jarri dutela txertoa, eta berriro azpimarratu du funtsezkoa dela lehenbailehen immunizatzea, prest egoteko kutsadura-gailurra iristen denerako. "Kontuan izan behar dugu, gainera, Gabonetako jaiak hurbil daudela, eta horietan jende asko biltzen dela", azaldu du. Nolanahi ere, arnas-gaixotasun horretatik babesteko egiten ari den ahalegin indibidual eta kolektiboa eskertu du, baita osasun-profesionalen artean egiten ari dena ere, txertaketa-estaldura % 35 igo baita iazko data berberekin alderatuta.

Txertatzearen garrantzia 5 urtetik beherakoetan eta haurdunetan

Horrekin batera, 6 hilabete eta 5 urte arteko 15.916 haur txertatu dira, hots, laurdena. Haurrak xede-talde nagusietako bat dira, gripeak haien osasunean eragin ditzakeen konplikazioengatik ez ezik, kutsatzeko gaitasun handia dutelako ere. Osakidetzak bereziki azpimarratu du zein garrantzitsua den xede-talde horrek txertoa jasotzea; izan ere, Lehen Mailako Arretako osasun-zentroek antzeman dute gripearen intzidentzia bereziki handia dela 5 urtetik beherakoen artean. Azkenik, emakume haurdunen artean, kanpainaren xede nagusietako bat, estaldura % 38,6koa da orain arte.

2 iruzkin
  •  erabiltzaile
  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    Orain dela 3 egun

    Comentario de X:
    👉🏼 La cita previa en los centros de salud se ha abierto ya a toda la población, y hasta el viernes 7 se mantiene activo también el Centro de Refuerzo de Vacunación en Bilbao (La Casilla), sin cita, ya que es en Bizkaia donde la incidencia es mayor

    https://t.co/3vIFtWFMJ1

  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    Orain dela 3 egun

    Comentario de X:
    👉🏼 Osasun-zentroetako aurretiko zita herritar guztientzat eskaintzen da jada, eta ostirala arte, hilak 7, Errefortzuko Txertaketa Zentroa ere martxan egongo da Bilbon (La Casilla), hitzordurik gabe, Bizkaian baita intzidentzia handiena

    https://t.co/dOFpDlMktx

Ekitaldiko kargudunak