
Mikel Jauregi Euskal Enpresaren Gauaren XXXIV. edizioan izan da Bilbon
- Hitzaldian, industriak Euskadin duen zeregin estrategikoa azpimarratu zuen sailburuak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik Euskal Enpresaren Gaua ekitaldiaren XXXIV. edizioan parte hartu zuen, azaroaren 3an, Bilboko Guggenheim Museoan. Ekitaldia Gizarte eta Euskal Enpresa Fundazioak eta Empresa XXIek antolatu zuten, eta erakundeetako eta enpresetako ordezkariak bildu ziren, euskal industria-sarearen bikaintasuna aitortzeko.
Ekitaldian honako sari hauek banatu ziren:
• Urteko Enpresariaren Saria: Javier Ormazabal Echevarria, Velatiako presidentea.
• Made in Euskadi saria: Ampo, Idiazabalgo kooperatiba, nazioartekotze nabarmenagatik.
• Enpresa-berrikuntzaren saria: Danobatgroup eta Zunibal, makina-erremintan eta itsas teknologian duten lidergoagatik, hurrenez hurren.
• Euskal Makila: Bayer AG, Donostian egoitza duen Viralgen enpresa bioteknologikoari emandako bultzadagatik.
Hitzaldian, Mikel Jauregik industriak Euskadin duen zeregin estrategikoa azpimarratu zuen: "Industria Euskadiren iragana, oraina eta etorkizuna da. Hala jasotzen du Eusko Jaurlaritzak onartutako Euskadi 2030 Industria Planak. Eusko Jaurlaritzak onartu zuen plana hori gure industria-sarea defendatzeko eta eraldatzeko, kalitatezko enplegua sortzeko eta Euskadi berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta lehiakortasunaren arloan Europako erreferente izateko ibilbide-orri gisa”.
Jauregik eraldaketa energetikoan emandako aurrerapausoa ere nabarmendu zuen, hidrogeno-sarea Euskadin hedatzen hasi izana erreferentziatzat hartuta. "Gaur goizean pauso garrantzitsua eman dugu hidrogenoa sare tronkala zabaldu baitugu. Deskarbonizazio adimendunaren, neutraltasun teknologikoaren eta mix energetikoaren aldeko gure apustuaren aurrekoa eta ondorengoa da". Industria sailburuak, bestalde, Eusko Jaurlaritzak industria berritzaileago, jasangarriago eta lehiakorrago batekiko duen konpromisoa berretsi nahi izan zuen.

