Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak Green Capital 2012 ospakizunaren inguruko hainbat ekimen eta proiektu lideratzen ditu Gasteizen

2012.eko maiatzak 18

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Green Capital proiektuaren aldeko apustua berretsi du. Aurten hainbat ekimenen bidez parte hartuko du ospakizun horretan: hala nola, Energia Iraunkorraren Astea (ekaina), ibilgailu elektrikoen mugikortasun zentroa edo Madrileko turismo aurkezpena.

Green Capital hitzarmenak epe luzeko proiektuak babesteko duen "ahultasun juridikoa" aztertu ondoren, EEEko kontseiluak Gasteizko Udalari iradoki dio bizikleten mailegu proiektua aurkeztu dezala EEEk urtero argitaratzen dituen laguntza programetan.

Eusko Jaurlaritza Green Capital ospakizunaren inguruko ekimen eta ekitaldi ugari lideratzen ari da aurten Gasteizen. Ekintza horietako gehienak energia iraunkorraren arloan ari dira garatzen, hilabete hauetan elkarlanean ari baitira Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta Gasteizko Udaleko arduradunak.

Urteko lehen hilabeteetako ekintza azpimarragarriena iraunkortasunaren arloko eskualde aurreratuenek eginiko nazioarteko bilera izan zen, zeina Eusko Jaurlaritzaren bitartez egin baitzen Gasteizen. Climate Group ekimenaren jardunaldietan hainbat aurrerapauso egin ziren Río+20 Gailurrean aurkeztuko duten dokumentuan.

Era berean, urtarrilean Eusko Jaurlaritzak gala bat antolatu zuen Madrilen Espainiako turismo azoka garrantzitsuenaren, hots, Fitur-en bezperan. Lehendakaria buru izan zuen ekitaldi hartara jende ugari hurbildu zen, 600 lagun baino gehiago, non lehen aldiz aukeztu baitzen Euskaditik kanpo Gasteizen Europako Hiriburutza Berdea. Hala, Green Capital ospakizunak protagonismo berezia izan zuen eta baita ere Eusko Jaurlairtzak zuzendutako ekonomia iraunkorreko ekimenek. Eusko Jaurlaritzak berak antolatu zuen gala.

Gainera, datozen asteetan ekimen berriak finkatuko dituzte. Europarako Energia Iraunkorraren Astean zehar (ekainak 18-22), EEEk erakusketa ireki bat egingo du Gasteizen, non herritarren guztientzako jarduerak eta informazioa eskainiko baitituzte "Energiaren egunak" izenburupean. Erakusketa hori Alkateen Ituna sinatu duten 14 euskal udalerrietara joango da hurrengo asteetan. Europako Batzordeak abiarazitako programa horrek helburutzat dauka Europako udaletxeak 20-20-20 helburuak betetzera bultzatzea.

Era berean, EEEk bi jardunaldi tekniko antolatu ditu aste honetarako: lehena, hain zuzen ere Alkateen Itunari buruzkoa (EUDEL eta euskal udalerrietako ordezkari ugari hurbilduko dira) eta bigarrena, ibilgailu elektrikoari buruzkoa. Ekitaldi horien kostu guztiak EEEk hartuko ditu bere gain.

Bestalde, ekainaren amaieran Energiaren Euskal Erakundeak Mugikortasun Elektrikoaren Zentroa irekiko du. Zentro horretan herritarrek ibilgailu elektrikoei buruzko informazioa jaso ahalko dute, modeloak ikusi eta mota horretako autoekin esperimentatzeko aukera ere izango dute. Zentroa EEEk berak diseinatu du eta mugikortasun elektrikoa bultzatzeko iaz udalekin sinatu zuen lankidetza hitzarmenaren barruan kokatzen da. Kasu honetan ere, proiektuko kostuen %100 hartuko du bere gain EEEk.

Gainera, datozen urteetarako EEEk bizikleten mailegu proiektu bat babestuko du 230.000 euroko laguntzarekin.

Horren harira, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak argi utzi nahi izan du Green Capital babesten duela adierazpen hauekin:

"Nire Sailak lehen egunetik babestu du Green Capital ekimena eta horrelaxe jarraitzeko asmoa dugu. Zentzugabea da Fracking-a eta Green Capital ekimenaren babesa lotzea, bi tren gurutzatzen direnean beti talka egiten dutela esatea bezalaxe alegia. Ez baita egia.

Ez dago hitzarmenik, baina dirua bai. Ziurrenik gehiago, eta jarduerak gauzatzeko da. EEEren ardura da baliabide publikoak enpresei, erakundeei edo partikularrei bideratzea eta baliabide horiek irizpide gardenen bidez gauzatzea. Eta horregatik bakarrik aldatu ditugu hitzarmena eta lehiaketa programak, bizikletena azken horietan sartzen delarik.


Ez zaizkit hedabideetako polemikak gustatzen eta are gutxiago benetakoak ez direnak. Hemen ez gaude horretarako. Eraginkortasunez kudeatzeko baizik. Orain esan dizuedana alkateak badaki lehengo astetik, neronek azaldu nion eta. Izan gaitezen serioak eta egin dezagun lan seriotasunez, bakoitzak berean".

 

230.000 € iaz

Gasteizko Udalak datozen urteetan bizikleten mailegu programa bat garatzeko asmoa du eta Energiaren Euskal Erakundeak oso positiboki baloratu zuen hori hasieratik. Hain zuzen, Udalak jada jaso du 2011ko diru-laguntza programara aurkeztu zuen laguntza eskaeraren ebazpen positiboa, 230.000 €ko laguntza jasoko duelarik.

2012ko lehen hilabeteetan EEEko eta Udaleko arduradunek hitzarmen zirriborro bat egin zuten Green Capital babesteko eskemaren baitan, zeinak laugarren belaunaldiko bizikleta proiekturako ekarpen ekonomiko handi bat barne hartzen baitu. Dena dela, EEEko zerbitzu juridikoek eta Kontseiluak erabaki zuten hitzarmenaren irudia legez ez zela oso sendoa eta bai atipiko samarra epe luzeko proiektuetarako eta Green Capital ospakizunaren bazkide izateak eskatzen duena bezain ekarpen ekonomiko handietarako (950.000 €).

Horregatik, EEEko Kontseiluak Gasteizko Udalari iradoki zion jarrai dezala bere laguntza eskaerak EEEk argitaratzen dituen laguntzetara aurkezten, eskema hori egituratuagoa eta gardenagoa baita, publizitate eta lehiaketa printzipioetan oinarrituta dagoelako.

Udalak lehen eskutik ezagutzen ditu EEEko Kontseiluak pasa den astean hartu zituen erabakiak.

EEEk aspalditik argitaratzen du energiaren aurrezki zein eraginkortasun arloetan eta energia berriztagarrien arloan inbertsioak eta ekintzak egiteko diru-laguntza programa bat. Onuradunak pertsona fisiko edo juridikoak izan daitezke (enpresak, elkarteak, tokiko administrazioak...). EEEk diru-laguntzak ematen dizkie urtero ehunka pertsona juridikori eta milaka pertsona fisikori (aldez aurretik laguntza eskaerak behar bezala eta epearen barruan egin badituzte eta betiere eskakizunek programa desberdinetako baldintza eta ezaugarriak betetzen badituzte).

Programa eta neurri bakoitzak epe bat edo denbora marko bat ezartzen dio eskatzaileari laguntzaren xede den gastua edo inbertsioa egiteko eta gastu edo inbertsio hori agiri bidez EEEren aurrean justifikatzeko. Era berean, eskatzaileak lortu ditzakeen gehienezko portzentaje eta zenbatekoak finkatzen dira, diru-laguntzak emateko araudi erkideak ezartzen dituen mugen, baldintzen eta lege markoaren barnean.

2012ko laguntza programak oraindik definitzeko fasean daude ofizialki argitaratu aurretik. Uztaila baino lehen kaleratuko dituzte.

Gasteizen, 2012ko maiatzaren 17an

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan