qrcode

Pérez Iglesias: "Igoerek Eusko Jaurlaritzaren unibertsitatearekiko konpromiso irmoa zein zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa islatzen dute"

2025-11-04
  • Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak bere Sailaren aurrekontua aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean.

  • EHUri egindako ekarpen arruntak "zifra errekorra" lortu duela nabarmendu du.

  • Zientzia eta berrikuntzako aurrekontua "historiako altuena" dela azpimarratu du.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean bere Sailak 2026ko ekitaldirako duen aurrekontu aurreproiektua, 653,3 M €-koa, hau da, 2025eko aurrekontua baino % 6,6 (40,6 M€) gehiago. Pérez Iglesiasen hitzetan, Sailaren aurrekontuko partida ezberdinetan izandako igoerek "Eusko Jaurlaritzaren unibertsitatearekiko konpromiso irmoa zein zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa islatzen dute".

Sailaren hurrengo ekitaldirako aurrekontua honela banatzen da: 495,2 M€ unibertsitate-sistemarako eta goi-mailako beste prestakuntza-zentro batzuetarako (Musikene, GOI, IMH eta beste batzuk); 151,8 M€ ikerketa eta berrikuntzarako; eta 6,3 M€ beste helburu batzuetarako.

EHUri egindako ekarpenak 24,6 milioi euroko igoera izan du, eta aurrekontua 426 M€-koa izango da guztira. Kopuru horretatik, 339,2 M€ ohiko ekarpenerako dira; 42,7 M€ programa-kontratuetarako; 19 M€ irakasleen ordainsari-osagarriei dagozkie; eta 25 M€ Azpiegituren Urte Anitzeko Planerako dira, (Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea Basurtun, Bilbon).

Ildo horretan, Pérez Iglesiasek azpimarratu du EHUri egindako ekarpen arruntak "zifra errekorra" lortu duela; izan ere, % 6,9 handitu da 2025ekoaren aldean — joan den urtean, 2024an, baino % 5,2 gehiago jarri zen —. "Igoera horrek", adierazi du, "argi eta garbi erakusten du unibertsitate publikoaren finantza-nahikotasuna ziurtatzeko Sailak egiten duen apustua, gobernu-programaren konpromisoarekin bat etorriz. Kontzeptu horretan azken hogei urteetako igoerarik garrantzitsuena da, are gehiago kontuan hartzen badugu soldata-igoera % 2,5ekoa izateko aurreikuspena dagoela. Igoera horrek irakaskuntzan eta ikerketan ondo baino hobeto jarduteko baldintza egokiak ekarri behar ditu ".

Bestalde, beken atala 34,3 M€-koa da, eta kopuru horren % 90 baino gehiago laguntza orokorretarako da. Partida hau egonkor mantentzen da, ikasleen nazioarteko mugikortasunerako hazkunde txiki batekin; izan ere, aurreko deialdietan ez baita agortu erabilgarri zegoen kopurua. Hori dela eta, eskaera gehiagori aldeko erantzuna emateko formula aztertzen ari da Saila, besterik ez bada ere dagoen kreditua agortu ahal izateko.

151,8 M€ ikerkuntza eta berrikuntzarako

Sailburuaren hitzetan, hurrengo ekitaldirako ikerketara eta berrikuntzara bideratutako aurrekontua "historiako handiena" da, 151,8 M€-koa baita. Sailak arlo honetan dituen ekimenak lau bloke handitan biltzen dira.

Alde batetik, partida honetan ikertzaileen prestakuntzarako, hobekuntzarako eta mugikortasunerako baliabideak sartzen dira, bai eta goi-mailako ikertzaileak erakartzeko eta atxikitzeko inbertsioak ere. Guztira, 47,6 M€ bideratzen dira jarduera horietara, 2025ean baino % 12,8 gehiago. Ildo horretan,

Pérez Iglesiasek azpimarratu duenez, "doktoratu aurreko eta doktoratu ondoko laguntza-programak, oro har, % 14 hazi dira, gure gobernu-programan hitzemandako % 6aren oso gainetik. Horrek erakusten du Euskadin talentu zientifikoa sendotzeko dugun borondatea".

Bigarrenean, ikerketa- eta berrikuntza-azpiegituren finantzaketa jasotzen da, 32,8 M €-koa da, eta nabarmentzekoa da azpiegituretan egindako inbertsioek % 14,8ko hazkundea izan dutela.

Hirugarren blokeak ikerketa- eta berrikuntza-proiektuen garapena jasotzen du, eta 66,1 M€ esleitu zaizkio, 2025ean baino % 17,8 gehiago. Kategoria honetan sartzen dira BERCen (16,4 M€), CICen (20,7 M€), Ikerbasquek koordinatutako proiektu estrategikoen (5,5 M€), unibertsitateko ikerketa-proiektuen (13,9 M€) eta berrikuntza-proiektuen finantzazioa (9,7 M€).

Laugarren eta azken atalean, ezagutza gizartean zabaltzeko jarduerak, digitalizazio-programak eta Innobasque eta Euskampusi laguntzea sartzen dira. Sailak 9,2 M€ bideratu ditu jarduera horietara, aurreko ekitaldian baino zertxobait gehiago. Datorren urtean, gehitu du sailburuak, “ezagutza gizartean zabaltzeko jarduera berrituak bultzatu nahi ditugu eta gizartearen esparru berrietara iritsi".

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Ekitaldiko kargudunak