Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak lurralde-dimentsioa eta eskualdeen parte-hartzea errespetatzen duen Urte Anitzeko Finantza Esparru bat eskatu dio Europako Batzordeari

2025-10-29

Eusko Jaurlaritzak, Ander Caballero Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusiaren eta José Enrique Corchon Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordearen eskutik, Europako Batzordeari bidali dio 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruaren proposamenari buruz duen jarrera. Proposamen horretan, estatu kide bakoitzeko nazio eta eskualde plan bakarra sortzeari uko egiten dio, eta Batzordearen proposamena sakon berrikusteko eskatzen du, Europako politiken eraginkortasuna, argitasuna eta lurralde-dimentsioa babesteko.

Bere ekarpenean, Eusko Jaurlaritzak uko egiten dio finantzaketa-tresna tradizionalak – hala nola EGEF, EGEF + edo Kohesio Funtsa – bilduko dituen funts bakar bat sortzeari, bateratze horrek politika bakoitzaren helburu espezifikoak indargabetzen dituela eta, de facto, merkatu bakarrerako funtsezkoa den gizarte- eta lurralde-kohesioa hausten duela uste baitu. Horregatik, Nekazaritza Politika Bateraturako eta Kohesio Politikarako esparru bereiziak eta aurrekontu nahikoak mantentzea eskatzen du.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak kohesio-politika moderno, deszentralizatu eta maila anitzeko gobernantzan oinarritutako baten aldeko konpromisoa berretsi egiten du, eskualdeek Europako funtsen kudeaketan duten esperientzia eta eraginkortasuna aitortuko dituena. Ildo horretan, Erkidegoaren aurrekontua EBko PNBren % 2ra arte handitzea eta Europako Lurralde Lankidetza indartzea proposatzen du, mugaz gaindiko, nazioz gaindiko eta eskualde arteko programetarako – berrikuntzako eskualde arteko inbertsioak barne (I3) – eta makroeskualde berriak sendotzea, hala nola Atlantikokoa.

Eusko Jaurlaritzak estatu kide bakoitzeko plan bakarraren ideia ere baztertzen du, uste baitu hainbat hamarkadetako kudeaketa-sistema eraginkor bat desegitea eta eskualde-politikaren benetako lurralde-dimentsioa ezabatzea ekarriko lukeela. Ondorioz, eskualdetako programa operatiboei eustea defendatzen du, dagozkien aurrekontu-esleipenekin eta Europako Batzordearekin zuzenean hitz egiteko espazioarekin.

Eusko Jaurlaritzak ohartaratzen du, gainera, Batzordeak aurkeztutako testuetan inkongruentziak eta zehaztugabetasunak daudela, eta horrek eredu berria ulertzea eta aplikatzea zaildu egiten duela. Haren ustez, alegatutako sinplifikazioa ez da posible izango lege-esparru argi, zehatz eta koherenterik gabe.

Azkenik, Euskadik Estatuko Gobernuari eskualdeen ahotsa entzuteko eta EBko Kontseiluan eskualdeen parte-hartze zuzena bermatuko duen eredu bat defendatzeko eskatzen dio.

 

Eusko Jaurlaritzak bat egiten du Europako Parlamentuaren eta Eskualdeetako Komitearen jarrerekin, ez baitaude ados egungo proposamenarekin, eta eskualdeek Europako proiektuaren indartze demokratikoaren zutabe gisa duten eginkizuna aldarrikatzen du, baita eskualdeek Europar Batasunaren kohesio-politikaren diseinuan eta kudeaketan duten inplikazio aktiboa ere.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak