
Osakidetzak iktusaren prebentzioa sustatzen du gatz kontsumoari buruzko kanpaina eginez eta Iktus Eskola martxan jarriz Donostiako Unibertsitate Ospitalean
IKTUSAREN MUNDUKO EGUNA, URRIAREN 29a
- Osakidetzak gatz kontsumoari eta horrek hipertentsioan eta iktusean duen eraginari buruzko sentsibilizazio jardunaldi berezia egin du gaur, herritarrei irekia
- Osakidetzako profesionalek herritarrei azaldu dietenez, gatz kontsumoa gutxitzeak presio arteriala jaitsi eta % 25 murriztu dezake iktusa izateko arriskua
- Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bizi-ohitura osasungarriak sustatzea eta gaixotasun zerebrobaskularrak prebenitzea bultzatzen du Osasunaren Euskal Itunaren helburu gisa; Iktuseko Eskola jarri du abian Donostia Unibertsitate Ospitalean, pazienteak eta zaintzaileak susperraldian eta autozaintzan inplikatzeko. Dagoeneko 50 familiak parte hartu dute
- Osakidetzak gogorarazi du prebentzioa dela Euskadin iaz 7.500 pertsona ingururi eragin zien gaixotasuna prebenitzeko tresna nagusietako bat. Tratamenduak hobetu eta esku-hartze azkarragoak egiten direnetik, hilkortasunak beherantz egiten jarraitzen du, urtean % 2,8ko jaitsierarekin
Gaur, urriak 29, asteazkena, Iktusaren Munduko Egunean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute prebentzioa dela iaz Euskadin 7.500 pertsonari eragin zien gaixotasuna saihesteko tresna nagusietako bat. Horietatik 2.674 Gipuzkoakoak izan ziren. Testuinguru horretan, Donostiako Unibertsitate Ospitaleak jardunaldi berezia egin du gaur gatzaren kontsumoaz eta horrek hipertentsioarekin eta iktusarekin duen harremanaz kontzientziatzeko. Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Iktus Unitateko profesionalek informazio-karpa bat jarri dute gatz-kontsumoaren ondorioei buruzko eta gatzak iktusarekin duen harremanari buruzko hitzaldiak eta dibulgazio-materiala eskaintzeko.
Gatzaren ordezko osasungarriak eta elikadura-ohituren aldaketak
Bai iktus iskemikoan, bai iktus hemorragikoan, hipertentsio arteriala da arrisku-faktore aldagarri nagusia, eta gatz gehiegi kontsumitzea zuzenean lotuta dago presio arteriala handitzearekin. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen du egunean 5 gramo gatz kontsumitzea, baina Euskadiko eguneko batez besteko kontsumoa 9,6 gramokoa da. Kontsumo hori maila komenigarrietara murrizteak presio arteriala gutxitu dezake eta iktusa izateko arriskua % 25 murriztu.
Elikagaietatik gatza kentzea ohiko gomendioa da hipertentsioa duten pazienteentzat, baina gomendio horrekiko atxikidura txikia da. Hala, badira gomendioa errazago jarraitzeko gatzaren ordezko batzuk, eta frogatuta dago horiek iktusa eta gaixotasun baskularrak izateko arriskua murrizten dutela. Donostiako Ospitalean antolatutako jardunaldian, gatzaren ordezko osasungarriak dituzten poltsatxoak banatu dira, herritarren artean elikadura-ohituren aldaketa sustatzeko eta elikadura bidezko prebentzioaren garrantziaz sentsibilizatzeko. Ordezko horien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, gatz hiposodikoa (non sodioaren zati bat potasioz ordezten den), gatz gutxiko belar aromatikoen nahasketak, salikornia gatza edo legami nutrizionala.
Iktus Eskola: pazienteak eta senideak zainketan inplikaturik
Sentsibilizazio ekintza hori egiteaz gain, urrian Osakidetzak Iktus Eskolaren proiektua jarri du abian Donostiako Unibertsitate Ospitalean, pazienteak eta zaintzaileak susperraldian eta autozainketan aktiboki inplikatzeko helburuarekin.
Orain arte 50 familia inguruk parte hartu dute ekimen honetan. Iktus baten ondoren, hainbat diziplinatako profesionalek arrisku-faktoreen kontrolari, errehabilitazioari, elikadura osasuntsuari eta bizi-kalitatearen hobekuntzari buruzko prestakuntza eskaintzen dute.
Iktus Eskola Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bultzatzen duten iktusaren arretako humanizazio- eta berrikuntza-estrategia globalaren barruan integraturik dago; baita Euskadiko Osasun Itunaren helburuei eta ekintzei lotuta ere.
Iktusaren arretari buruzko datuak eta aurrerapenak
Iktusa bat-batean agertzen da eta, nahasmendu baskular batek eraginda, garuneko funtzioak galtzen dira, desgaitasun maila desberdinak eta ondorio sozial larriak eraginez.
2024an, Osakidetzak 7.500 pertsona inguru artatu zituen, % 53,2 gizonak eta % 46,8 emakumeak. Pazienteen erdiak baino gehiagok, 4.000 inguruk, 75 urte baino gehiago zituzten, eta erregistratutako kasuen % 42k 46 eta 75 urte bitartean zituen. Lurraldeka, Araban 929 iktus kasu artatu ziren, 3.958 Bizkaian eta 2.674 Gipuzkoan. Aurreko urteekin alderatuta kasuen kopurua apur bat jaitsi bada ere, daturik garrantzitsuena hilkortasunaren etengabeko murrizketa da, azken hamarkadan urteko % 2,8ko batez besteko jaitsiera izan baitu.
Datuen hobekuntza horretan zerikusi zuzena dute tratamenduetan egindako aurrerapenek eta Euskadin Iktusa duten Pazienteei Arreta emateko Planak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2024an abian jarritakoak, ahalbidetzen duen esku-hartze azkarrak. Plan horrek bikaintasunezko asistentzia-sare arin eta ekitatiboa sendotu du, identifikazio goiztiarra, deribazio egokia eta iktus-unitateetako arreta espezializatua bultzatzen dituena.
Osasun Sailak eta Osakidetzak Euskadin iktusa artatzeko etengabeko hobekuntzarekin, berrikuntzarekin eta humanizazioarekin duten konpromisoa egitate bat da, eta horren erakusgarri dira beren ospitale-sarean garatutako beste neurri osagarri batzuk. Horrela, Donostiako Iktus Eskolaz gain, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Galdakao-Usansoloko Ospitaleak Iktus Unitateen Europako akreditazioa lortu dute, eta Basurtuko Ospitaleak prozesu horretan aurrera egiten jarraitzen du. Araban, Arabako Unibertsitate Ospitaleak disfagia eta likidoak kontrolatzeko erizaintzako kontsulta espezifiko bat bultzatu du, eta ospitale barruko logopedia zerbitzua jarri du.
Prebentzioa: tresnarik eraginkorrena
Iktusak bigarren heriotza-kausa izaten jarraitzen du Euskadin, eta lehena da emakumeen artean. Horregatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute bizi-ohitura osasungarriak eta jarduera fisikoa sustatuz eta arrisku-faktoreak (adibidez, hipertentsioa, diabetesa edo fibrilazio aurikularra) kontrolatuz egin daitekeen prebentzioa dela gaixotasun hori saihesteko tresnarik onena. Baina badaude beste faktore batzuk ere, adibidez tabakismoa, sedentarismoa, dieta ez-osasungarria, muturreko obesitatea, alkoholismoa, droga-kontsumoa eta estresa, aldatu eta kontrolatu daitezkeen faktoreak, alegia.
Osakidetzak hainbat programa eta tratamendu ditu ohitura txarrak prebenitzeko eta osasuna sustatzeko, batzuk haurrei zuzenduak. Horren adibide da Mangolsen Bidaia deitzen den programa, haurren eta nerabeen obesitatea prebenitzera bideratua. Gainera, Osakidetzak osasuna zaintzeko web-atari bat dauka, Osasun Eskola izenekoa, eta, bertan, herritarrek informazioa eskura dezakete, hala iktusa prebenitzeko nola gaixotasun horren ondorioak pairatzen dituzten pertsonak hobeto zaintzeko.
-
2025-10-29
Comentario de X:
IKTUSAREN MUNDUKO EGUNA, URRIAREN 29a🔵 Osakidetzak iktusaren prebentzioa sustatzen du gatz kontsumoari buruzko kanpaina eginez eta Iktus Eskola martxan jarriz Donostiako Unibertsitate Ospitalean
-
2025-10-29
Comentario de X:
DÍA MUNDIAL DEL ICTUS, 29 DE OCTUBRE🔵 Osakidetza impulsa la prevención del ictus con una campaña sobre el consumo de sal y la puesta en marcha de la Escuela de Ictus en el Hospital Universitario Donostia




