Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren lege berriak amaiera emango die blokeoari eta betoei

2012.eko maiatzak 17

 

  • Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren jarduera arautuko duen legea onartu du, eta bozketa indibidualeko eta gehiengo bidezko sistema batekin bideratuko da erakundearen jarduera hori.
  • Ekonomia- eta gizarte-erregulazioarekin soil-soilik loturiko gaiei buruzko irizpenak emango ditu Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak, baina inoiz ere ez lan-arloarekin loturikoei buruzkoak.
  •  "Gaur amaitu dugu parte-hartze soziolaboraleko ezinbesteko organo baten erreforma, lehen bertan gertatzen ziren bat ez etortzeengatik albiste zen organoarena, eta gaur, ordea, guztiz aurkakoarengatik albiste denarena", adierazi du pozez Gemma Zabaletak
  • Kanpo-adituak sartuko ditu lan-batzordeetan

Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak gaur onartu du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak aurkezturiko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren Legea. Eusko Jaurlaritzaren kontsulta-organo nagusia dugu Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren lege-ekimenei buruzko irizpenak ematea helburutzat duena.

"Gaur amaitu dugu parte-hartze soziolaboraleko ezinbesteko organo baten erreforma, Lan Harremanen Kontseiluarekin batera lehen organo horietan gertatzen ziren bat ez etortzeengatik albiste zirenenak, eta gaur, ordea, guztiz aurkakoarengatik albiste direnenak", adierazi du pozez Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak Legegintzaldiaren hasieran abiarazitako eta iazko urriaren 26an Jaurlaritzaren Kontseiluak jada onarturiko prozesua amaitu da horrela.

Legeak hainbat aldaketa biltzen ditu 1997ko aurreko arauarekin alderatuta. Nobedade nagusien artean jasota dago Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren lana eta Lan Harremanen Kontseiluarena gainjartzea saihestu beharra. Hori horrela, argi eta garbi mugatu da organo bakoitzaren esparrua. Ekonomia eta Gizarte Kontseilua arlo ekonomiko eta sozialarekin zerikusia duten dekretu eta lege guztiei buruzko txostenak emateaz arduratuko da, eta Lan Harremanen Kontseilua, aldiz, lan-legeriarekin eta -araudiarekin zerikusia duen guztiaz arduratuko da.

Hiru blokek osatzen dute Ekonomia eta Gizarte Kontseilua: zortzi lagun erakunde eta konfederazio sindikal nagusiak ordezkatuz; zortzi lagun enpresa-konfederazioak ordezkatuz eta beste zortzi lagun autonomia-erkidegoko sektore bakoitza, instituzioak, erakundeak edo elkarteak ordezkatuz. Nobedade gisa, gizarte-ekintzaren hirugarren sektoreko erakundeen parte-hartzea sartzen da hirugarren bloke horretan, gai ekonomiko eta sozialak ulertzeko modu desberdinen erakusgarri direlako. Hortaz, bloke horretako zortzi ordezkarietako bat erakunde horiei egokituko zaie.

Gainera, erabakiak hartzeko sistema aldatuko da, beto- edo blokeo-aukera gainditzeko. Lehen gehiengoek hiru taldeetako bakoitzean ere gehiengoak behar zituzten, eta orain, aldiz, bozkatzeko eskubidea duten Kontseiluko kide guztien (24) gehiengo sinple bidez hartuko dira erabakiak.

Beste nobedadeetako bat unibertsitateak izango duen parte-hartze nabarmena izango da, zortzi adituk osaturiko talde batek lagunduko baitu Kontseiluak garatuko dituen eginkizunekin loturiko gaietan. Aditu horiek hitza izango dute, baina botorik ez, eta lehendakariak izendatuko ditu ospe eta prestakuntza handiko pertsonen artean, arlo ekonomiko eta sozialarekin zerikusia duen guztiari gagozkiola, eta unibertsitate-arlokoak izango dira lehentasunez.

Botoa emateko eskubidea duten hiru taldeek hautatuko dute Kontseiluko presidentea lehenik. Hautagaiak kideen bi herenen botoak jaso beharko ditu gutxienez hautatua izateko, eta talde bakoitzaren botoren bat bildu beharko du betiere. Lehen bozketan gehiengo hori biltzen ez badu, lehendakariak hautatuko du presidentea, Kontseiluko kideei entzunaldia eman ondoren.

"Pozgarria da guretzat 2011ko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren azken Memoriak Jaurlaritzaren eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren beraren arteko harremanen normaltasuna eta erraztasuna bildu izana, et horren ondorio izan da erakunderen jarduera handiagoa txostenak lantzeari dagokionez", adierazi du Zabaletak. Iaz, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak 28 txosten-eskaera jaso eta 24 irizpen landu zituen, aurreko urtearen ia bikoitza, hamabost irizpen egin baitziren orduan. "Horregatik guztiagatik zoriontzen ditut erakundeko kide guztiak", adierazi du Enplegu eta Gizarte Gaietako titularrak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan