
Eusko Jaurlaritzak itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja aktibatuko du bihar, osteguna, nabigaziorako
- Aldi berean, hainbat abisu hori aktibatuko dira kostaldeko inpaktuagatik eta haizeagatik EAEko haizeguneetan
Eusko Jaurlaritzak nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja aktibatuko du bihar, osteguna, urriak 23, 08:00etatik 14:00etara (lehenengo bi milietan), olatuak 5 metrotik gorakoak izan baitaitezke. Aldi berean, 08:00etatik 14:00etara bitartean abisu horiak aktibatuko dira haizeagatik hiru lurraldeetako haizeguneetan, bereziki itsasertzean eta itsasertzaren inguruko mendialdeetan, 100 km/h-tik gorako boladak izan baitaitezke.
Euskalmeten arabera, bihar udazkeneko giroa izango da nagusi, eta euria egingo du, tenperaturek behera egingo dute eta ipar-mendebaldeko haize zakarra ibiliko da. Berez, hasieran hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, baina goizaldean ipar-mendebalderantz egingo du eta zakarra izango da batez ere kostaldean eta mendialdeetan.
Eguneko lehenengo erdian, bereziki goizaldean eta goizean, prezipitazioak orokorrak izango dira, eta zenbait lekutan ugariak ere izan daitezke. Ez da baztertzen ekaitz-zaparraren bat botatzea. Eguerditik aurrera, hodeiak gutxituko dira eta ostarteak agertuko dira, eta atertzen joango da. Tenperaturei dagokienez, tenperatura maximoak goizaldean izango dira, eta eguneko tenperaturak 20 ºC-tik beherakoak izango dira.
Gomendioak
Saiatu itsasontzirik ez erabiltzen, berrikusi amarrak eta aldendu olatuak lehertzen diren lekuetatik (harkaitzak, kai-muturrak, kaiak).
Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmeten webgunearen bidez (www.euskalmet.euskadi.eus) eta X kontuaren (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.



