qrcode

ETEKIN Ekonomia topaketak, hirugarren saioa: "Etorkizun lehiakor baterako adimen artifiziala"

2025-10-22
  • Ekonomia Topaketen urteko azken saioa Bilboko Yimby aretoak hartu du eta "Etorkizun lehiakor baterako Adimen Artifiziala" lelopean, adimen artifizialak industria- eta ekonomia-sektorea nola eraldatzen ari duen aztertu da.
  • Alex Etxeberria (Data Center Euskadi), Elixabete Garcia (Eraldaketa Digitala - Eusko Jaurlaritza) eta Amaia Iñurria (FAGOR Arrasate) izan dira hizlariak.


ETEKIN Ekonomia Topaketen hirugarren saioak, enpresa, erakunde eta finantza munduko ordezkariak bildu ditu gaur goizean Bilboko Yimby aretoan, etorkizunean lehiakortasunerako funtsezkoa den gai baten inguruan: Adimen Artifiziala. "Etorkizun lehiakor baterako Adimen Artifiziala" izenburupean, teknologiak enpresen eraldaketan, profil profesional berrien sorreran eta planteatzen dituen erronka etiko eta estrategikoetan duen eraginari buruz hausnartzeko balio izan du topaketak.

Hizlariak ados agertu dira Adimen Artifiziala ez dela etorkizuneko tresna, baizik eta sektore guztietan lan egiteko, ekoizteko eta erabakitzeko modua aldatzen ari duen errealitatea.

Alex Etxeberriak, aDi Atlantic Data Infrastructure – Data Center Euskadiko zuzendariak, azpimarratu du berrikuntza digitalizaziotik datorrela eta hau datuen baitan kokatzen dela. Bere iritziz, sektorea ondo definitzea eta idantifikatzea beharrezkoa izango da datuei ahalik eta balio handiena ateratzeko. Era berean, burujabetzan jarri du ikuspuntua, datuei ahalik eta balio handiena ateratzeko gako moduan.

Bestalde, Amaia Iñurria FAGOR Arrasateko Negozioan aplikatutako AAko arduradunak, Adimen Artifizialaren ondorioz sortutako lanpostu berriei buruz  hausnartu du: “Nire iritziz, enpresek profil hibridoak behar dituzte, adimen artifiziala eguneroko erabaki eta prozesuetan integratzeko gai direnak. Profil horiek taldeetan benetan txertatzeko, askotan ez da beharrezkoa kontratazio berrietan pentsatzea; gakoa da etxeko pertsonak eboluzionatzeko eta gaitasun berriak garatzeko aukera ematea.

Horretarako, enpresek esperimentaziorako eta ikaskuntzarako espazioak sortu behar dituzte. Azken finean, kontua ez da profil berriak gehitzea, baizik eta lan egiteko modu berriak barneratzea eta kultura hori erakunde barruan sustatzea”.

Azkenik, Elixabete Garcíak, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendariak, Euskadik eraiki nahi duen ereduan jarri du arreta: “Datuen subiranotasuna izango da gure etorkizun ekonomikoaren giltza. Euskadin, adimen artifizialak jada emaitza zehatzak ematen ditu: Basque Artificial Intelligence Center BAIC-en datuen arabera, enpresen %17,4k erabiltzen du eta horien fakturazioa %8,7 hazi da. Diagnostiko horrek abiapuntu argia eskaintzen digu: orain aurrera egin nahi dugu Industria Planaren markotik, datuak modu adimentsuan kudeatu, eta tokiko balio ekonomikoa, lanpostu kualifikatuak eta zerbitzu aurreratu berriak sortzen dituen eredu bat eraikiz”.

Solasaldiak mahai inguru formatua izan du, gaia ikuspegi ezberdinetatik sustatzeko helburuarekin, eta gidaria Nerea Reparaz kazetaria izan da. Ondoren, gosari informal batek parte-hartzaileen arteko iritzi-trukea eta sarea sendotzea ahalbidetu du.

IREKIA atariaren bidez, saioaren grabaketa ikus daiteke.

2025eko azken saioa

2024an Eusko Jaurlaritzak eta hainbat finantza entitateek ETEKIN Ekonomia Topaketen zikloa jarri zuten abian. Topaketa hauen bidez, ekonomia eta finantza gaien hausnarketa sustatu eta harremanetarako bilgune bat sortzeko helburua bilatu nahi izan zen. Ekimen honek Jaurlaritza eta finantza entitateek euskara biziberritzeko sinatutako hitzarmenean du jatorria.

Lehen edizio arrakastatsuaren ondoren, proiektuari jarraipena eman nahi izan zaio eta Bankoa ABANCAk, CaixaBankek, Ekonomisten Euskal Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak, Kutxabankek, LABORAL Kutxak eta Rural Kutxak elkarlanean antolatu dute ETEKIN topaketen bigarren edizioa. Aurten ere, zikloak hiru hiriburu bisitatu ditu. Lehen topaketa martxoaren 26an izan zen Donostian. Bigarrena, Gasteizek hartu zuen ekainaren 18an, eta gaurkoan edizioari amaiera eman zaio Bilbon.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak