
Gobernu Kontseiluak 500.000 euroko dirulaguntza onartu du ASETT abangoardiako hub-erako, gizarte-ekonomia bultzatzeko
Gaurko Gobernu Kontseiluak ASETT – Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank abangoardiako hub-ari 500.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du. Ekimen hori aitzindaria da gizarte-ekonomiaren arloan.
Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak adierazi duenez, "Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du gizarte-ekonomiarekiko duen konpromisoa, eta euskal gizartearen eta Europako gizartearen hazkunde ekonomikoari eta ongizateari lagunduko dioten lankidetza-eredu iraunkorren aldeko apustua egiten du".
Laguntza honi esker, ASETT zentro eraldatzaile eta berrikuntzako eta jardunbide egokietako nazioarteko erreferente gisa finkatu ahal izango da, Euskadiren ikusgarritasuna eta lidergoa bultzatuz sektore horretan.
Lankidetza-hitzarmenak, euskal erakundeetako langileen hizkuntza gaitasunak hobetu eta euskararen erabilera sustatzeko
Era berean, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman die prestakuntzaren eta hizkuntza-normalizazioaren arloan Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP), Arabako Batzar Nagusien eta Igorreko Udalaren artean sinatu beharreko zenbait lankidetza-hitzarmeni.
Lankidetza-hitzarmen hauen helburua da erakundeetako enplegatu publikoen hizkuntza-gaitasuna hobetzea eta euskararen erabilera sustatzea. Hitzarmenen bidez, IVAPek hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak eskainiko ditu; zehazki, euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroak eta 4. hizkuntza-eskakizunari dagozkion hizkuntza-prestakuntza ikastaroak.
Maria Ubarretxena bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak adierazi duenez, "hitzarmen hauek euskal erakundeen hizkuntza-normalizaziorako politikak indartzen dituzte eta administrazioan euskararen erabilera sustatzeko tresna praktikoa dira”.
Bi hitzarmenen indarraldia 2028ko urriaren 2ra artekoa izango da eta alderdiek berariaz adostu ahal izango dute beste lau urtez luzatzea edo hitzarmena bertan behera uztea.
30.000 euroko dirulaguntza Bermeo Tuna World Capital elkarteari
Azkenik, Gobernu Kontseiluak Bermeo Tuna World Capital elkarteari 30.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du, Bermeon ALMA2030 metodologiaren lurralde-aktibazioa bultzatzeko.
Bermeo Tuna World Capital elkartea ekimen publiko-pribatu bat da, hegaluzearen balio-kateko funtsezko 40 eragile baino gehiago biltzen dituena, Euskaditik tunidoen sektorearen kudeaketa jasangarria, arduratsua eta eraldatzailea sustatzeko, 2030 Agendaren printzipio eta xedeekin bat etorriz.



