Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Gaitzari aurrea hartzea da arterietako hipertentsioren aurka borrokatzeko eta dakartzan ondorioak leuntzeko modurik onena

2012.eko maiatzak 16

Ohiturak aldatu behar dira, XXI. mendeko izurrite isil honi aurre egingo badiogu. Hala dio Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak.

Arterietako hipertentsioaren eguna badatorrela-eta (maiatzaren 17an ospatuko da, mundu osoan), Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak adierazi du aurrea hartzea dela, ohitura osasuntsuak edukitzea alegia, "gaixotasun honi aurre egiteko eta eragiten dituen ondorio larri eta hilgarriak leuntzeko arma nagusia". 

Izan ere, Rafael Bengoak zuzentzen duen sailak badu estrategia bat martxan jarria kronikotasuna lantzeko, eta, han ageri denez, gaitzari aurrea hartzeko eta osasuna indartzeko hasi eta bukatuko estrategia bat garatzea da zutarri nagusietako bat. Estrategia horren barruan, baditugu ariketa fisikoa sustatzeko aktibitate batzuk (AKTIBILI adibidez), edo "Euskadi tabako-kerik gabe" plana.

Arterietako hipertentsioa gaixotasun kronikoa da, eta dakarrena da arterietako odol-presioak gora egiten duela, etenik gabe. Ez dago garbi-garbi noiz edo non hasten den arriskua, baina esanda eta onartuta dago hipertentsio klinikoki esanguratsua hasten dela (arterosklerosi-arrisku handiagoa) presio sistoliko jarraia 139 mmHg baino handiago denean edo presio diastoliko jarraia 89 mmHg baino handiagoa denean. Gaixotasun-tasa eta heriotza-tasa dezente handiak dakartza eta osasun publikoak dituen arazo handienetako bat da, batez ere herrialde garatuetan. Mundu guztian, uste da mila milioi lagunek dutela. Horra hor zergatik deitzen zaion "XXI. mendeko izurrite isila".

EAEn (2009ko datuak), heriotza-eragile nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak dira, heriotza guztien % 30 baitakarte, edo, beste era batera, 100.000 biztanleko 276 eta 269 hurrenez hurren. Zenbat kasu izaten ditugun eta osasun-zerbitzuak zenbat erabiltzen dituzten neurtzen badugu, ikusiko dugu datozen urteetan geroz eta eragin handiago izango dutela, gure poblazioa zahartzen ari dela-eta.

Asintomatikoa izanagatik ere, antzemanerraza da, eta, garaiz hartzen ez bada, konplikazio larriak eta hilgarriak eragiten ditu. Izan ere, gaixotasun kardiobaskularrak, garunbaskularrak eta giltzurrunekoak garatzeko arrisku-faktore aldagarri garrantzitsuena da hipertentsio kronikoa. 

Eta tratamenduaz zer? Diuretikoek eta betablokeatzaileek gaixotasun garunbaskularraren eragin txarrak murrizteko balio dute (hipertentsio arterialak eragindako gaixotasun garunbaskularraz ari gara); baina diuretikoak gaixotasun kardiako koronarioaren aurka dira eragingarriagoak. Edonola ere, jakin beharra dago hipertentsioa dutenek, tratamendua betetzen baldin badute, nekezago garatuko dutela hipertentsio larririk edo urritasun kardiako kongestiborik.

Zirkulazio-aparatuko gaixotasunetarako arrisku-faktore nagusiak dira tabakoa, arterietako hipertentsioa, hiperkolesterolemia, gizentasuna, diabetes melitusa, eta sedentarismoa. Hori dela-eta, hobe, lehenbailehen, ohitura onak hartzea, bai orokorrean hobeto egoteko, eta baita arterietako tentsioa kontrolatzeko ere. Horretarako, hauek izango lirateke ezinbesteko gomendioak: 

  • Ez erre. Arrisku gutxiago izango duzu, eta, hipertentsioa hortxe egonagatik ere, konplikazioak sortzeko aukera gutxiago egongo da.
  • Zaindu pisua eta zaindu zer jaten duzun: Pisu gehiegi baldin baduzu edo gizena bazaude, bihotzak lan handiago egin beharko du eta odol-hodiak estutu egingo dira. Fruta, barazkiak, zereala eta esneki mehetuak jan, ugari. Koipe saturatuak dira txarrenak.
  • Gatz gutxiago. Behar baino bi bider gatz gehiago hartzen dugu, eta ondorioetako bat, hain zuzen ere, arterietako hipertentsioa da.
  • Sarri-sarri ariketa fisikoa egin. Arrisku gutxiago izango dugu gaixotasun koronarioak, hipertentsioa, diabetesa, koloneko minbizia eta bularreko minbizia edukitzeko, eta umore hobea ibiliko dugu eta hobeto lo egingo dugu.
  • Ez alkohol gehiegi edan. Arterietako presioa handitu egiten du.
  • Estres gutxiago. Lasai ibili, eta arterietako presioa baxuago ibiliko duzu. 
  • Agintzen badizkizute, sendagaiak hartu. Eta sendagileak esan bezalaxe egin. Ondo sentitzen bazara ere, segi hartzen, hutsik egin gabe. Zalantzarik izanez gero, sendagileari galdetu.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan