Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak datorren udan hasiko ditu Donostialdeko Metroko Altzako geltokia eraikitzeko lanak

2012.eko maiatzak 16

Lanak egiteko 31 hilabeteko epea izango da, eta aurrekontua 34,5 milioi eurokoa da

 Eusko Jaurlaritzak datorren udan hasiko ditu Altzako geltoki berria eraikitzeko lanak. Geltoki hori Donostialdean egingo den Metroaren Herrera-Altza zatian dago. Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak eman du horren berri gaur Donostian.

 Garraio Sailak, ETS erakunde publikoaren bitartez, Sacyr-Febide-Cavosa-Mariezcurrena-Zubieder UTE-ari esleitu dizkio aste honetan proiektu horren burutzapen lanak. Proiektu burutzeko 31 hilabeteko epea egongo da, eta aurrekontua 34,5 milioi eurokoa da. Hori dela eta, aurreikuspenak betetzen badira, azpiegitura berria 2015. urteko bigarren erdialderako amaiturik egongo litzateke. Eusko Jaurlaritzak oso-osorik bultzaturiko eta finantzaturiko jarduketa da.

 Halaber, Arriola sailburuak adierazi duenez, denbora gutxi barru Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda zatiaren eraikuntza proiektuaren idazketaren lizitazioari ekingo zaio, duela denbora gutxi esleitu den Herrera-Altza zatiari jarraipena emanez.

 Herrera eta Altza arteko trazatu berria 1.040 metro izango da luze, eta horietatik 830, tunel barruan joango dira. Trenbideko saihesbideari hasiera emateko, egungo Herrerako geltokiaren luzapen zuzena egingo da. Ondoren, kurba hartuko du eskuinaldera, N-1 errepide zaharraren eta Adif-en trenbidearen azpitik, eta gero beste kurba bat, ezkerraldera, Felix Iranzo pasealekuaren azpiko zuzengunean amaitzeko.

 Puntu horretan egongo da geltoki berria, 28 metroko sakoneran. Bi atari eta sarrerako bi kanoi izango ditu. Kanoiek Larratxoko pasealekura eta Arriberrira emango dute.

 Geltokiak alboetan izango ditu nasak. Nasa bakoitzak, geltokiko atariak jasoko dituzten bi mezzaninatara ematen duten bi eskailera izango ditu. Nasatara, beste igogailu baten bitartez kanpoaldearekin lotuko diren bi igogailuren bitartez ere heldu ahal izango da.

 Horrela, Altzan bizi diren 21.500 pertsonak beraien etxeetatik 10 minutura edo gutxiagora izango dute Altzako geltokia. Horrez gain, metroaren eta udaleko autobusen (DBus) arteko loturak hobetu eta zabaldu egingo ditu azpiegitura berri horren prestazioak.

 Horrela, geltokitik pixka bat urrunago dauden guneetan, Larratxo auzoan, adibidez, bizi diren pertsonek ere metrora hurbiltzeko aukera izango dute, Altzako geltokiarekin autobusez egongo den lotura zuzenaren bitartez.

 Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak bultzaturiko aurrekaririk gabeko trenbide operazio horrek lau geltoki berri aurreikusten ditu Donostia erdialdean (Bentaberri-Unibertsitatea, Matia-Antiguo, Erdialdea-Kontxa eta Easo), eta, horrez gain, baita Intxaurrondon, Altzan edo Loiolako Erriberetan ere. Gainera, azpiegitura berriak izango ditu Lasarte Orian, Errenterian, Hondarribian, Aireportuan eta Irunen.

 Une honetan Arasoko kotxetegi eta tailer berriak eraikitzeko eta Loiola-Herrera zatia bikoizteko lanak ari dira burutzen. Zati horretako lanen artean, Intxaurrondon eta Herreran eraikiko diren geltoki berriak daude. Aurreikuspenen arabera, lanak datorren urrian amaituko dira.

 Beste alde batetik, ETS-ko talde teknikoek Lasarte-Errekalde eta Errekalde-Añorga zatien bikoizketaren amaierako faseari ekin diote. Horrela, esan behar da EuskoTreneko unitateak trenbide bakarrean ari direla jada trazatu berrietatik zirkulatzen eta, uztailaren hasierarako trenbide bikoitzean zirkulatu ahal izango dutela, horrek dituen abantaila guztiekin, segurtasunari, bidaiarako behar den denborar dagokienez.

 Donostialdean eraikiko den Metroaren proiektuaren alde on guztiak, joan den martxoan inauguraturiko Fanderia eta Oiartzun arteko zati bikoiztuan islatzen dira. Inguru horretan bizi diren pertsonei zerbitzua emango dieten bi geltoki berriek eta EuskoTrenen unitate berriek, eraikiko den metroaren modernotasun, erosotasun eta segurtasun irudia aurreratzen dute. Aurreikuspenen arabera, 33 milioi bidaiarik erabiliko dute metroa urtean

 Donostialdeko metroak zerbitzu zuzena emango dio Gipuzkoako biztanleriaren %65ari. Horrez gain, Renferen aldirietako sarearekin lotuko duen Loiolako Erriberetan aurreikusiriko trukaguneari esker, gipuzkoarren %80k eskura izango du.

Iruzkin bat
  • @bonitolmo
    2012.eko maiatzak 16

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Eusko Jaurlaritzak datorren udan hasiko ditu Donostialdeko Metroko Altzako geltokia eraikitzeko lanak. http://t.co/u6DJtKZX

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)