Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Eroskiren Elorrioko plataforma automatiko berriaren obrak bisitatu ditu

2012.eko maiatzak 16

Patxi López lehendakariak bertatik bertara ikusi ahal izan du Europan diseinu aintzindaria izango duen elikagaien plataforma zein egoeratan dagoen, garatzen ari diren automizazio-obrei dagokionez.

Eroskik LKS Ingeniería eta Ulma Handling Systems kooperatibekin lankidetzan dihardu proieltua diseinatzen eta aurrera eramaten, Kooperatibismoaren Nazioarteko Urtea den honetan.

Patxi López lehendakaria, Bernabé Unda Industriako sailburua eta Peio García Danborenea Eusko Jaurlaritzako Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordea, alde batetik, eta Ana Otadui Elorrioko alkatea eta Joseba Miren Mujika alkateordea, bestetik, gerturatu dira gaur EROSKIren Elorrioko egoitza nagusira, elikagaien plataformako automatizazio- eta berrikuntza-obrak bertatik bertara ikusteko.

Ekitaldian egon dira Agustín Markaide EROSKIko lehendakaria, Alberto Madariaga logistikako zuzendaria, Francisco Etxaniz zuzendari korporatiboa, EROSKI kooperatibako Kontseilu Errektoreko zenbait kide, eta Arantza Laskurain Mondragon Korporazioko idazkari nagusia. Horiekin batera ondorengoak ere bertan egon dira: Fermín Garmendia LKSko zuzendari nagusia eta Jesús M. García Camargo LKS Ingeniería-ko Eraikuntza Negozioko zuzendaria, Iñaki Gabilondo Ulma Taldeko zuzendari nagusia, Josetxo de Frutos Ulma Handling Systems-eko kudeatzailea eta Iñigo Jáuregui negozioko zuzendaria.

Plataforma horren bolumen garrantzitsu bat modernizatzeko proiektu batean murgilduta dago kooperatiba, eta horren bidez kutxen banaketaren % 50 automatizatu nahi du, guztizko pisuaren % 70 alegia. Obra horiek 2014an amaitzeko egin beharreko inbertsioa 40 milioi eurokoa izango dela pentsatzen da, eta obrak garatzeko EROSKIk Mondragon Korporazioko kide diren LKS eta ULMA kooperatibekin lankidetzan dihardu, Kooperatibismoaren Nazioarteko Urtea den honetan.

Plataforma hori egoitzari lotua egon da ia azken 40 urteotan, eta harekin batera hazi da 37.000 m2-ra iritsi arte. Bertatik 7.000 erreferentzia baino gehiago hornitzen zaizkie egunero haren jarduketa-esparruan dauden Taldeko 350 denda baino gehiagori.

Lehendakariak eskerrak eman zizkion EROSKIri plataforma automatizatzeko obrak ikustera gonbidatzeagatik, eta interes berezia erakutsi zuen horrek ingurunean sortuko dituen garapen teknologikoaren eta onura ekonomikoaren inguruan.

Agustín Markaide EROSKIko lehendakariaren hitzetan, “bezeroak azkartasunez aldatzen ari dira, baita dendak ere; bizkortasun eta malgutasun handiagoak eta kostu txikiagoak behar dituzte. Horregatik plataforma logistikoek aurrea hartu behar dute, dendei behar duten zerbitzua eta sostengua eman diezaieketela bermatzeko. Elorrioko plataformaren automatizazioak pisu eta errotazio handieneko produktuak ukituko ditu, eta mugarri bat ezarriko du sektoreari berrikuntza ekarri eta Europan erreferentzia izango delako. Proiektua hiru kooperatibaren arteko lankidetzatik sortu da, Ulma HS, LKS Ingeniería eta Eroskiren lankidetzatik alegia”.

Proiektuaren barruan biltegiratzeko gaitasuna hirukoiztuko duen silo berri bat eraikitzen ari da. Bertan, sartzeko 15 nasa esklusibo egongo dira, eta horrela produktibitatea nabarmen handituko da, egunean 5.000 palet banatzera iritsi arte. Era berean, eraikin berri bat egiten ari da egurrezko paletak eta dendetatik jasotako plastikozko eta kartoizko enbalajeak (urtean 4.000 tonatik gora) taldekatu eta kudeatzeko.

Instalazio horiek 2013ko otsailean hasiko dira funtzionatzen, eta une horretatik aurrera soluzio automatizatuaren osagaiak muntatzeari ekingo zaio. Horrela, lehen fasea 2013ko azaroan jarriko da martxan, prozesu automatikoaren bidez egunean 40.000 kutxa  kudeatuz, eta 2014ko amaieran bukatuko da, 80.000 kutxarekin egunean.

Egungo sistemarekin, egunean 150.000 kutxa inguru prestatzen dira, 3.300 palet baino gehiagotan banatzen direnak, 1.200 tonako pisuarekin guztira. Gaur egungo instalazioan 400 pertsona baino gehiagok jarduten dute, eta egungo ekoizpen-ereduak ahalbidetzen dituen bitarteko modernoenak dituzte. Automatizazio horrek aldaketa handia eragingo du langileen jarduera profesionalean, produktu gutxi eta pisu txikiak mugitu beharko dituztelako, eta, beraz, beren ergonomia hobetuko delako.

Europan horrelako proiektu bat garatzen ari den banaketako lider bakarretako bat da EROSKI. Horregatik Ulma Handling Systems-ekin batera ezagutza hori sortzea da apustu nagusia, eta urtarrilean esperimentatzeko minifabrika automatizatu baten proiektu pilotuari ekin zaio kooperatiba horrekin batera, 2013ko amaieran plataforma berria irekitzeko beharrezko teknologia garatu ahal izateko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)