qrcode

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Euskadiko Merkataritza Ekintzailetzaren I. Kongresua sustatuko du Bilbao Ekintzarekin lankidetzan

2025-10-14

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Gobernu Kontseiluan aurkeztu du 125.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea Bilbao Ekintzari, Bilboko Udalaren udal-sozietateari, hiri-ekonomiako proiektuen baitan EKIN Retail 2025 Euskadiko Merkataritza Ekintzailetzaren I. Kongresua antolatzen laguntzeko.

2025eko abenduaren 11an egingo da EKIN Retail 2025 I. Kongresua Azkuna Zentroan (Bilbo). Horren helburua da Euskadiko ekintzailetza komertzialaren ekosistema sustatzea eta indartzea, eragile nagusien arteko loturaren bidez, eta, horretarako, jardunbide egokiak hedatzea, berrikuntza sustatzea eta enpresa-ekimen berriak bultzatzea. “Zure kalea, zure etorkizuna” lelopean, euskal merkataritzaren orainari eta etorkizunari buruz hausnartzea proposatzen du kongresuak, iraganaren inspiraziotik hasi eta orainaren erronketara eta etorkizuneko eraikuntza kolektiboraino.

Besteak beste, helburu hauek ditu: ekintzaileen, erakunde publiko eta pribatuen, merkataritza-elkarteen eta ekintzailetzari laguntzeko zentroen arteko networkinga sustatzea; berrikuntza komertzialari, eraldaketa digitalari, jasangarritasunari eta negozio-eredu disruptiboei buruzko ezagutzak eta joerak hedatzea, sektoreko adituekin egindako txostenen, tailerren eta mahai-inguruen bidez; tokiko eta nazioarteko arrakasta-kasuak ikusaraztea, proiektu berrien inspirazio-iturri izan daitezen; baliabideak, finantzaketa eta aholkularitza jasotzeko aukera erraztea ekintzaileei eta merkataritza-ekimenak abiarazi nahi dituzten pertsonei; eta merkataritza-ekintzailetzak Euskadin garapen ekonomikoaren eta lurralde-kohesioaren eragile gisa duen zeregina indartzea, hiri- zein landa-inguruneetan.

Jarduera honekin, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak euskal merkataritza modernizatzeko, berritzeko eta suspertzeko duen konpromisoa indartzen du, hiri-ekonomia sustatuta eta merkataritza-sare lehiakorragoa, jasangarriagoa eta garai berrietara egokituagoa bultzatuta.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak