Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak osasun mentaleko 120.000 paziente artatu ditu 2024an

2025-10-10

URRIAK 10, OSASUN MENTALAREN MUNDUKO EGUNA

  • 100.000 biztanleko 15 psikiatrako ratioarekin, Euskadi da arreta psikiatriko gehien ematen duen erkidegoa Estatu mailan
  • Euskadiko Osasun Itunean adostu bezala, diziplina anitzeko lantaldea eta erreferentziazko profesional eta pazienteen parte hartzearekin, euskal osasun mentaleko sarea indartzeko proposamen bat aurkeztuko da urtearen amaieran

Euskadi arreta psikiatrikoaren arloan erreferentzia da Estatu mailan, 100.000 biztanleko 15 psikiatrako ratioarekin. Urriaren 10ean ospatzen den Osasun Mentalaren Munduko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun mentalaren arreta integralarekin eta Euskadiko Osasun Itunean jorratutako ildo estrategikoarekin duten konpromisoa berresten dute.

Ildo horretan, Itunaren mahaia osatzen duen taldeak Osasun Sailari eskatu zion proposamen zehatz bat aurkez zezala urtea amaitu baino lehen, osasun mentaleko ekintzak indartzeko eta zabaltzeko. Horretarako, diziplina anitzeko lantalde bat eratu da, psikiatrek, psikologoek, haur-psikiatrek, erizainek eta pazienteek osatua, besteak beste. Estatuko erreferentziazko adituek ere parte hartzen dute. Talde honek ekimenak aztertzen ditu, esperientziak partekatzen ditu eta tresna eta soluzioak diseinatzea du helburu, pazienteei zein haien familiei osasun mentalaren arloko arreta- eta errekuperazio-prozesuan laguntzeko.

Konpromiso horrek Euskadin osasun mentalerako sare sendo, inklusibo eta etorkizunerako ikuspegidun bat eraikitzen jarraitzeko borondatea azpimarratzen du, eskura dauden baliabide onenekin koordinatuta.

Gaur egun, Osakidetzaren Osasun Mentaleko Sareak 1.600 profesional inguru ditu — psikiatriako bost espezialistatik bat —, eta asistentzia-baliabide ugari ditu: 450 ohe dituzten 4 ospitale psikiatriko, eguneko 23 ospitale, helduen, haurren eta adikzioen osasun mentaleko 50 zentro, tratamendu asertibo komunitarioko taldeak, lehen gertakarietakoak eta lurralde osoan dauden hezkuntza-unitate terapeutikoak. 2024an, baliabide horiek 120.000 paziente ezberdin artatu zituzten, 30.000 lehen kontsulta eta 500.000 jarraipen kontsulta.

Proiektu estrategikoak

Azken urteotan, buruko gaixotasunaren inguruko estigma murrizteak arreta-eskari handiagoa eragin du. Osakidetzak proiektu estrategikoak garatzen ditu gizartean eragin handia duten problematikei aurre egiteko, besteak beste:

  • Suizidioaren prebentzioa. BIZI programak 3.700 gizarte-eragile baino gehiago prestatu ditu arriskuan dauden pertsonak detektatzeko eta haiei laguntzeko, eta Europako Batzordeak osasun mentalean etorkizun handiko praktika gisa onartu du.
  • Lehen gertakari psikotikoetan esku hartzea. Lehenak proiektuak 300 pertsona inguru artatzen ditu urtero, arreta goiztiarra eta integrala eskainiz.
  • Elikadura-nahasmenduen arreta. Bi unitate espezifikok, Araban eta Bizkaian, 8.000 kontsulta inguru jasotzen dituzte urtean, eta arreta goiztiar intentsiboa eskaintzen dute nahasmendu horien pronostikoa hobetzeko, dagoeneko larritzat jotzen baitira.
3 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2025-10-11

    Behin gaixotasunaren atea irekita, konturatu gabe sar daiteke, baina baliteke irteera ez egotea labirinto amaigabe batean murgilduta.

  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2025-10-10

    Comentario de X:
    10 DE OCTUBRE, DÍA MUNDIAL DE LA SALUD MENTAL

    🔵Osakidetza ha atendido a 120.000 pacientes diferentes de salud mental en 2024

    https://t.co/qwfya9wZGI https://t.co/W10p9vRdIY

  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2025-10-10

    Comentario de X:
    URRIAK 10, OSASUN MENTALAREN MUNDUKO EGUNA

    🔵 Osakidetzak osasun mentaleko 120.000 paziente artatu ditu 2024an

    https://t.co/5Pt7tbryx6 https://t.co/01b6RCcUSk

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak