Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Mugikortasun jasangarriaren lege-proiektua (2012-05-15(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko maiatzak 15

Jaurlaritzaren Kontseiluak mugikortasun jasangarriaren lege-proiektua onartu du. Mugikortasun jasangarriaren legeak euskal administrazio publikoek eta beste eragile publiko nahiz pribatuek burutzen dituzten ahalegin eta ekimen guztien erreferentzia-esparru orokorra izan nahi du.

Testuak helburu bera duten mugikortasunaren inguruko ekintza eta plan guztiak sistematizatu eta bateratu egiten ditu, mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik herri baten ikuspegi partekatu bat sortzeko.

Lege-proiektua mugikortasun jasangarriaren kontzeptu eta irismen zabal batean oinarritzen da. Horrela, bada, jasangarritasunak orain arte izan duen ingurumenari lotutako dimentsioaz aparte, -mugikortasunak inguruan eragin ditzakeen ondorioak arintzea baitzuen helburu nagusi-, lege honek garrantzi handia ematen die jasangarritasun ekonomikoa eta sozialari ere.

Jasangarritasun sozialean arreta berezia jartzen du, mugikortasunak, kohesio soziala bermatu ez ezik, bultzatu ere egin behar duelako, garraio-sistema irisgarrien bidez.

Irisgarritasuna bultzatuz, lortu nahi da, garraiobideak ez bihurtzea desgaitasuna eragiten duten elementuak mugikortasun txikia edo bestelako arazoren bat duten pertsonentzat, eta hori ez izatea garraio publikoak ez erabiltzeko arrazoi.
Era berean, irisgarritasunak esan nahi du garraio publikoak guztiok ordaintzeko modukoak izan behar dutela, eta azkenik, garraiobideek, norberaren bizilekua gorabehera, garraio-sareetarako antzeko irisgarritasun-maila bertsua ahalbidetu behar dute guztiontzat.

Horrekin guztiarekin, mugikortasun jasangarriak lagundu behar du aukera-berdintasuna lortzea herritar guztientzat, inguruabar pertsonal edo sozialak alde batera utzita.

Jasangarritasun ekonomikoaren ikuspuntutik bi helburu ezarri dira. Lehenengo eta behin, mugikortasuna behar bezala bideratu behar da, euskal ekonomia eta lurraldea bera lehiakorragoak egiteko.

Bigarrenik, eta hau berria da, garraio-azpiegitura berrietan eta garraio-zerbitzu berrietan egin beharreko inbertsioak ekonomiaren eta finantzaketaren aldetik bideragarriak diren jakiteko analisi bat egin beharra aurreikusten da, halako moldez non azpiegituren plangintza bat egingo den, arrazionaltasun- eta objektibitate-parametroetan oinarrituta, lehentasuna ratio ekonomiko eta sozial handiagoa duten proiektuei emateko.

Orokorra

Mugikortasun jasangarria kontzeptu berria denez, eta ikuspegi juridikotik ez oso zehatza eta nahiko anbiguoa, proiektuan definizio-zerrenda bat sartu da, bai eta hainbat helburu ere, gaia argitzeko, bai operadore juridikoei, bai mugikortasunean diharduten eragileei.

Testua saiatzen da mugikortasun jasangarriko ekimenak onartzeok eduki eta atalase zehatzegiak ez ezartzen, hori ez baita oso egokia luze iraun nahi duen lege batentzat. Aitzitik, mugikortasunaren arloko eragileek beren jarduera kudeatzeko barneratu behar dituzten plangintza-tresnak eta urratsak ezartzen ditu lege-proiektuak.

Plan eta plangintza-tresna horietan txertatu beharko dira mugikortasunaren inguruko eduki eta atalaseak, eta onartzen diren momentuko inguruabarren arabera, edukiak ere aldatuz joango dira.

Plangintza-tresnak

Herri administrazio bakoitzaren eskumenak errespetatuta, Euskadiko Mugikortasun Plana onartzea aurreikusita dago lege-proiektuan, gainerako plan guztien plan orokorra izango dena, alegia. Hamar urterako plana da, bi urterik behin berrikusi ahal izango dena.

Erreferentziako epe horretan mugikortasun jasangarriaren alorrean Euskadin lortu behar diren helburuak daude bilduta planean, eta mugikortasun-planen kuantifikazio-eta monitorizazio-tresnak eta hainbat jarraibide aurreikustearen beharra ere. Ildo horretan, beren-beregi adierazten da garraioak sorrarazitako kanpo-kostuak barneratzen joateko helburuak eta jarraibideak finkatu behar direla.

Euskadiko Mugikortasun Planak trenbide-sarearen planifikazioa ere bilduko du. Nahiz eta Plan hau beste guztien gainetik egongo den, lege-proiektuan aurreikusita daude lurralde historikoetako mugikortasun-planak eta hiri planak, 20.000 biztanletik gorako udalerrietan nahitaezkoak izango direnak.

Era berean, hainbat udalerrik hala erabakitzen badute eta euren herrietako mugikortasuna integratua badago, baterako planak egin ahal izango dituzte, partzuergo modura zein beste era bateko erakunde-lankidetza baten bidez.

Azkenik, euskal administrazioen planekin batera, lege-proiektuak jarduera-zentroen mugikortasun-planak ere aurreikusi ditu, hau da, ikastetxeek, aisialdi-zentroek edo lantokiek mugikortasun-plan propioak egin beharko dituzte. Plan horietan, sortzen duten mugikortasuna aztertuko dute eta hori egoki kudeatzeko garraio kolektiboa, auto partekatuak edota telelana ezartzeko neurriak abiaraziko dituzte.

Euskadiko Mugikortasun Plana garatzean zehaztuko da mugikortasun-plan propioak egitera behartuta dauden zentroak, eta, behartuta egon ez arren ere, gainerako jarduera-zentroetan plan horiek egitea bultzatuko da.

Plangintza-tresna guztietan, aurreikusitako neurrien ebaluaziorako eta jarraipenerako tresnak finkatu beharra ezartzen du lege-proiektuak.


Mugikortasun-politiken finantzazioa

Lege-proiektuaren arabera, neurriak hartuko dira baliabide publikoak ekonomiaren eta eraginkortasunaren irizpideak oinarri hartuta kudeatzeko.

Horretarako, azpiegiturak finantzatzeko inbertsio-programak egin beharko dira; administrazio bakoitzak egin beharko ditu bakoitzaren ratio ekonomiko-sozialen arabera, aukera batzuk lehenetsiz.

Inbertsio-programekin batera, garraioen zerbitzu-planak ere aurreikusita daude. Horietan, aztertu egin beharko dira, kudeatzeko modua, bideragarritasuna, premia eta beste zerbitzu publiko batzuekin bat egiten duten.

Era berean, higiezin- eta produkzio-proiektuak burutu aurretik, horiek garraio-sisteman edo garraio-sarean txertatzeko proiektu bat egin beharko da, ezarritako mugikortasun-sistemari nola eragingo dion zehaztuko duena. Horrez gain, mugikortasunean duen eraginari konponbidea emateko sustatzaileak zehaztu egin beharko ditu hartuko dituen formulak, mugikortasun-trafiko berriei zerbitzua emateko ezarriko den zerbitzu berria finantzatzea, esaterako.

Administrazioek erabakiak hartu behar dituztenerako eraginkortasun eta arrazionaltasun ekonomikoaren irizpideak txertatzeko bitartekoen artean, 16. artikuluak bideragarritasun-azterlan bat egiteko beharra jasotzen du: azterlan horretan garraio-azpiegitura edo -zerbitzu bat sortu, aldatu edo egokitzeak eragiten dituen aukera-kostua eta eragina ebaluatuko da, ekonomikoki bideragarria den, eskaririk badagoen, eta abar.

Edozein inbertsio egiteko eta beste edozein zerbitzu martxan jartzeko ezinbestekoa izango da bideragarritasun-azterlan bat egitea, eta azterlan horrek erakustea errentagarritasun ekonomikoaren eta sozialen ratioak betetzen direla. Salbuespen gisa, gerta liteke, interes orokorreko arrazoiek inbertsioa justifikatzea, nahiz eta ratio horiek ez bete.

Gobernantza kontuak

Lege-proiektuaren bidez, garraio sektorea eta arloko beste eragile pribatu batzuk Euskadiko Garraio Agintaritzan sartuko dira. Agintaritzari gainera, egiteko gehiago emango zaizkio, topagune izan dadin mugikortasunaren inguruan esku hartzen duten alderdi guztientzat: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundi, udal eta mugikortasunarekin oso lotuta dauden eragile pribatuentzat.

Lege-proiektuak Euskadiko Garraio Agintaritzari ematen dio gainerako administrazioek egin beharreko hainbat ekimeni buruzko txosten derrigorrezkoak egiteko ardura, (besteak beste, mugikortasun-planei buruzkoak), eta ardura horrek administrazioen gobernantzarako organorik garrantzitsuena egiten du Garraio Agintaritza, gainerako eragileen ekintzak koordinatu eta adostea egokituko baitzaio.

Iruzkin bat
  • @oriol52
    2012.eko maiatzak 17

    Comentario de Twitter:
    País Vasco RT @Irekia_News: Proyecto de ley de movilidad sostenible (Acuerdo del Consejo de Gobierno del 15-05-2012). http://t.co/5DOdeitW

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan