Azaroak 25 kanpaina
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Imanol Pradales Lehendakariak KIDE bisitatu du, haren 50. urtemugan

2025-10-03
  • Imanol Pradales Lehendakariak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera, KIDE kooperatibaren ekoizpen lantegia bisitatu du, haren 50. urteurrenaren ekitaldi nagusian
  • KIDE kooperatiba industriala MONDRAGON Korporazioaren barruan dago, eta 190 langile ditu, denak ere Berriatukoak
  • Imanol Pradalesek: “Hauxe da Euskadin daukagun lehiakortasun eta ongizate eredua: enplegua eta aberastasuna sortzea”

Gaur goizean, Imanol Pradales Lehendakariak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera, MONDRAGON Korporazioaren barruan dagoen KIDE industria-kooperatibaren ekoizpen lantegia bisitatu du, haren 50. urteurrenaren ekitaldi nagusian.

Kooperatiba honetan, orotara, 190 behargin daude, guztiak Berriatukoak dira, eta hainbat arlotan lan egiten dute, besteak beste, nekazaritzako elikagaien sektorean, supermerkatuetan, HORECAn eta farmazeutikoan. 2025ean KIDEren salmentak 43 milioi eurokoak izatea aurreikusten da.

Imanol Pradales Lehendakariak Kide zoriondu du, haren 50 urteko ibilbidearengatik, ildo beretik, kooperatibismoaren balioak arrakastaren oinarria direla nabarmendu du. “Hauxe da Euskadin daukagun lehiakortasun eta ongizate eredua: enplegua eta aberastasuna sortzea pertsonen hazkuntzaren mesedetan eta komunitatearen mesedetan −ez norbanako solteen mesedetan−”. Era berean, Pradalesen ahotan, “erakunde publikook, enpresen moduan, arriskatu egin behar dugu. Horregatik aurkeztu dugu 'Euskadi Eraldatzen 2030' ekimena, gure Herriaren hazkunderako erabakigarria izatea espero dugu. Horretaz gain, ikerketarako eta garapenerako Hazitek dirulaguntzak indartu ditugu, eta orain dela hilabete batzuk industria kooperatibak sustatzeko funts berri bat ipini genuen abian”. “Duela 50 urte bezala, zalantzaz betetako garai honetatik indartuta aterako gara”, adierazi du.

Agustín Bengoetxea Kooperatibaren Artezkaritza Kontseiluko presidenteak bere esker ona helarazi die berrogeita hamargarren urteurrenaren ekitaldira bertaratu diren ordezkari instituzional guztiei, eta “kooperatibaren bereizgarri nagusia” nabarmen du, bere hitzetan, “kooperatiban dauden pertsonak”. Bengoetxearen aburuz, kooperatiben eredu hori gakoa izan da Lea Artibai eskualdearen ekonomia garatu ahal izateko. “Krisia mehatxuka genuenean eta hemen etorkizunik ez zegoenean, kooperatiba industrialak giltzarriak izan ziren Ondarroa, Berriatua eta eskualdeko gainerako udalerriek aukera bat izan zezaten”.

KIDE

KIDEk 1975eko urtarrilaren 9an ekin zion bere bideari, Berriatuan (Bizkaian). Sortzaileak Arrasateko Goi Eskola Politeknikotik eta Markinako Ofizialen Eskolatik iritsi ziren, orduan hasi ziren idazten dagoeneko 50 urte dituen historiaren lehen orriak.

Gaur egun KIDE kooperatiba industrial handia da, eta hozkailuetarako produktu osoak diseinatu eta fabrikatzen ditu. Kooperatiba hau MONDRAGON korporazioaren barruan dago. Egitasmo sozio-ekonomiko sendoa da, berritzailea eta globala.

Berriatuko (Bizkaia) bere ekoizpen instalazioetatik, zeinak 8.000 m²-koak baitira, mundu osoko bezeroei eskaintzen die zerbitzua, eta batik bat esportatzailea da, % 50 baino gehiago kanpora ateratzen baita. Urtero KIDEn 330.000 m² panel, 9.000 ate pertsonalizatu eta 2.800 hotz ekipo ekoizten dira. Panel eta ateen lantegiak % 100ean egiten du lan eskaeren arabera, eta urtero 5.000 eskaera baino gehiagori erantzuten die.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak