Azaroak 25 kanpaina
Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak larrialdi edo hondamendi handietan biztanleriari abisuak helarazteko ES-Alert sistema probatu du Balmasedan

2025-10-02
  • Balmasedako eta inguruko bizilagunek larrialdietako alerta simulatua jaso dute euren telefono mugikorretan
  • Udalerrian zeuden dispositiboetan txistu bat entzun da, eta, ondoren, mezu baten bidez adierazi da proba bat dela eta ez benetako arrisku-egoera bat

Eusko Jaurlaritzak, SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentrotik, larrialdi edo hondamendi handiko kasuetan herritarrei abisuak emateko ES-Alert sistemaren proba bat egin du Balmasedako eta inguruko bizilagunen telefono mugikorretara mezu bat bidaliz. Txistu baten ondoren lasaitzeko mezu bat bidali da, eta bertan adierazi da sistema horren proba bat baino ez dela eta ez benetako gertaera bat.

Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordeak nabarmendu duenez, “askotan aurre egin beharko diegu gure esku ez dauden fenomenoei, baina guztion esku dago eragindako kalteak, bai materialak bai pertsonalak, ahalik eta txikienak izatea. Hori dela-eta, beharrezkoa da etengabe eboluzionatzen eta hobetzen ari den larrialdi-sistema bat izatea, egoera bakoitzari erantzun egokiena optimizatzeko, eta, aldi berean, gainerako erakundeekiko beharrezko koordinazioa indartzeko”.

Horrelako ariketen helburua da zuzenean ezagutzea abisu-sistema horren eraginkortasun-maila, benetako larrialdi handiko egoera bat izanez gero haren hedapena hobetzeko.

Aipatutako txistua entzun ondoren, hautatutako eremuan kokatuta zeuden gailuek honako mezu hau jaso dute:

112 SOS DEIAK EUSKADIK EGINDAKO ALERTA MASIBOEN AKTIBAZIO-PROBA

Larrialdi-hondamendi egoeren aurrean herritarrei telefono mugikorretara bidaliko zaien alerta-sistemaren proba-mezu bat da. Eskerrik asko

Mezua irakurri ondoren, sakatu Onartu pantailatik ezabatzeko.

PRUEBA DE ACTIVACIÓN DE ALERTAS MASIVAS DESDE 112 SOS DEIAK EUSKADI

Este es un mensaje de prueba del sistema de alertas a teléfonos móviles ante situaciones de gran emergencia. Gracias.

Una vez leído el mensaje pulse Aceptar para eliminarlo de la pantalla.

TEST OF ACTIVATION OF MASS ALERTS FROM 112 SOS DEIAK EUSKADI

This is a test message from the alert system for mobile phones in case of a major emergency. Thank you.

Once the message is read, press OK to remove it from the screen.

 

Probaren garapena eta lankidetza Balmasedako Udalarekin eta Babes Zibilarekin

Europako ES-Alert sistema telefonia mugikorreko sarean oinarritzen da, estadura-eremu espezifiko baten barruan dauden gailuetara larrialdi-jakinarazpenak bidaltzeko. Sistema horrek edozein estalduraren gainean funtzionatzen du, eta nahiz eta sarea kolapsatuta egon, larrialdi-egoera batean gertatu ohi den bezala, haren mezuek lehentasuna dute eta jaso daitezke, nahiz eta erabiltzailea une horretan estaldura ematen dion operadorearen sarean abonatuta ez egon.

Gaur egindako ariketaren kasuan, alerta 112 SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentrotik bidali da.

Zentro horretatik, larrialdietako teknikariek ES-Alert tresnak emandako bi kontrol-panel erabili ditu. Horietako lehenengoan alerta-mezu bat idatzi da, haren iraupena zehaztu da eta harrera-eremua aukeratu da. Aldi berean, bigarren panela aldagai horiek guztiak (aipatutako mezua, mezuaren iraupena eta aukeratutako eremua) onartzeko edo baliozkotzeko erabili da.

Lehenengo panela SOS Deiak zerbitzuko eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari Laguntzeko Zerbitzuko kudeaketa-langileek gainbegiratu dute, eta bigarren panelaren kontrolaz, berriz, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako Esku-hartzeko Zerbitzua arduratu da, eta, azkenean, horrek eman dio oniritzia, alerta-mezua aukeratutako eremuko telefono mugikorretara irits dadin.

Nabarmentzekoa da Balmasedako Udalak eta bertako Babes Zibileko elkarteak eskuzabaltasunez emandako laguntza. Elkarte horrek lan handia egin du kalean bertan, mezua Bizkaiko udalerri horretako biztanleen artean modu eraginkorrean zabaldu dela egiaztatzeko.  

Ohiko ariketa

Larrialdietako teknikariek erregulartasunez egiten dituzte era horretako ariketak barnean, alerta-sistema honen eraginkortasuna egiaztatzeko, baina gogorarazi behar da oraingoan Eusko Jaurlaritzak egin duen eta eremu geografiko jakin bati benetan eragin dion bigarren proba dela, 2022ko azaroaren 10ean Bilboko Txurdinaga eta Begoñako Andra Mari auzoetan (eta inguruetan) modu arrakastatsuan egindakoaren ondoren.

Alderantzizko 112

Alde horretatik, nabarmendu behar da Euskadik 2020tik duela biztanleriari abisuak igortzeko “Alderantzizko 112” sistema propioa, 112 SOS Deiak aplikazioan integratuta, eta horren bidez arrisku-egoeren abisu zehatzak jaso daitezke eragindako pertsonak dauden lekuaren arabera. Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiak sustatutako Es-Alert sistemak, beraz, Euskadin jada ezarrita dauden autobabes-erremintak osatuko ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak